Nolakoa izan zen negozioa sortzeko prozesua?
Intza Manterola: Aurrez elkarrekin egiten genuen lana Naiak eta biok, eta talde ona osatzen genuela ikusirik, geurea izango zen zerbait sortzeko une ona zela pentsatu genuen. Izan ere, oraindik gazteak gara, loturarik ez dugu… Horrez gain, ingurukoek beti bultzatu izan gaituzte gure negozioa zabaltzera, eta, horrela, martxan jarri ginen.
Noiz hasi zineten prozesuarekin? Asko ikasi al duzue?
I. M.: Iazko martxoan ekin genion prozesuari, eta hasieran ez genekien nondik heldu. Negozioa zabaltzeko Iraurgi Berritzen agentziaren laguntza jaso zuen lagun bat bagenuen, ordea, eta hortik hasi ginen gu ere. Izapide kontu asko egoten da egiteko, eta hori nola egin azaltzen ez badizute, ez duzu jakiten nola egin. Gauza berri asko izaten da egiteko, eta horiek nola egin ikasten joan gara. Uste baino zailagoak izan dira pauso batzuk, baina lortu dugu.
Zer beldurri edo oztopori egin behar izan diozue aurre?
Naia Morejon: Denborarekin nahiko larri ibili gara amaieran. Izan ere, lehendabiziko txandak emanda genituen, eta iritsiko ote ginen zalantzak nituen. Ezkontzen garaia da, eta ezinbestekoa genuen lanean hastea.
I. M.: Herritarrek nola erantzungo zuten beldur ginen, gu ezagutzera etorriko ote ziren edo ez, gustukoak izango ote zituzten gauza berriak... Azkenean, lanerako beste estilo bat daukagu, eta horrek ere ematen du beldurra.
"Gure leloa Mimatu zaitez da, eta hori horrela izan dadin, bezeroarentzat gune desberdinak ditugu, guztietan beharrezko intimitatea izan dezaten"
Zer du berezia N.I. Estilistak?
N. M.: N.I. Estilistak zentroak zerbitzu integrala eskaintzen du, hau da, ile-apaindegiko eta estetikako hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu. Adibidez, norbaitek ezkontza bat izango balu, gure zentroan dena bertan egin ahalko luke, batetik bestera ibili beharrean. Ideia hori gustukoa izan dute herrian, batez ere, umeak dituztenei edo lanez gainezka daudenei ondo datorkielako. Horrez gain, ile-apainketan zerbait berezia eskaini nahi genuen; ondorioz, era guztietako kolore eta metxa tekniketan espezializatu gara –hilabete hauetan hainbat formakuntza egin ditugu Valentzian, Bilbon, Zaragozan…–. Zerbitzu horiek ilearentzat delikatuak dira, eta beharrezko mimoa eta denbora eskaini behar zaie.
I. M.: Ilea, makillajea, manikura, tratamenduak, masaje erlaxagarriak, depilazioa, lifting-ak, pedikurak… eskaintzen ditugu. Gainera, gure leloa Mimatu zaitez da, eta hori horrela izan dadin, bezeroarentzat gune desberdinak ditugu, guztietan beharrezko intimitatea izan dezaten.
Gustura al zaudete?
I. M.: Maiatzaren 8an zabaldu genuen zentroa, eta denbora gutxi pasatu den arren, oso gustura gaude, jende asko gerturatu baita. Babes handia izan dugu, eta horrek asko lagundu digu; izan ere, prozesua eta hasiera ez dira errazak izan.
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?
N. M.: Alde onak lan egiteko modu propioa, ordutegia, geure kasa antolatzeko abantaila… direla esango nuke. Zerbait sortzen baldin bada, jai hartzeko aukera daukagu, gure agenda antolatuz eta elkarlanean arituz.
I. M.: Guk aukeratzen dugu bezeroa nola tratatu, zenbat denbora eskaini, nolako zerbitzua eman, nola pertsonalizatu… Ez dugu hurrengo bezeroa iritsiko ote den sentsazioak sortzen duen presioa.
N. M.: Desabantaila, berriz, egun osoa lantokian pasatzen dugula da. Ordu asko igarotzen ditugu zentroan, kanpotik ikusten ez diren gauza asko egin behar izaten ditugulako.
I. M.: Eta egunerokotasuneko bestelako buruko minak ere hor daude: garbiketak, izapide kontuak… Lana ez da amaitzen.
Zer aholku emango zeniokete enpresa bat sortzera doan pertsonari?
N. M.: Proiektuaren sorreraz gozatu dezala. Gogorra dela esango nioke, baina ez etsitzeko, helburua garbi izan eta aurrera egiteko.
I. M.: Pazientziaduna, burugogorra eta indartsua izan behar da guztiari aurre egiteko prest izateko. Merezi du ametsa betetzea; ezin da arantza horrekin geratu, aurrerantz joan behar da.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?
N. M.: Estetikaren munduko zerbitzuak gehitzen joatea gustatuko litzaiguke. Gutxirekin hasi gara, ez genekielako zenbat jende izango genuen eta gu eskaerari erantzuteko gai izango al ginen. Helburua kalitatezko eta pertsonalizatutako zerbitzuak eskaintzea da, bezeroa gustura sentitu dadin.
Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.