Urtea bete da jendea sartu zela bizitzera Elizkaleko 24, 26 eta 28. zenbakietako Biziberri izeneko etxebizitza tutelatuetara. Azpeitiko Udalak eraiki zuen lau solairuko eraikinak hamabi etxebizitza ditu: zortzi logela bakarrekoak, eta beste lau bi logelatakoak. Etxebizitza bakoitzak ditu sukaldea, egongela, bainugela, balkoia eta trastelekua, eta etxe ia guztiak ezinduentzako egokituta daude. Gaur egun toki bat edo beste hutsik dauden arren, hasieratik ia beteta egon dira denak.
60 urtetik gorako bizilagunak dira Biziberrikoak, eta gizonak gehiago dira emakumeak baino. "Bizilagun gehienek nahiko autonomia dute eguneroko bizitza egiteko, baina etxebizitza tutelatuetan bizitzeak babesa eta segurtasuna eskaintzen dizkie egunerokoan. Azken finean, etxebizitza hauen helburuetako bat da adinekoak egoitzara joatea saihestea edota momentu hori atzeratzea", azaldu du Ane Azpiri gizarte langileak.
Etxe tutelatuetan bizi diren askok aurrez bizi ziren etxebizitzetan hainbat behar edota oztopo zituzten, eta haientzako irtenbidea izan da Biziberri etxepera joatea, Azpiriren ustez. "Bakarrik bizi ziren, igogailurik gabe, irisgarritasun arazoekin, etxea eroso mugitzeko egokitu gabe... Behar horiei erantzuten diete Elizkaleko etxebizitza hauek, eta bertan bizi direnak gustura daudela antzematen da".
Biziberrin bizi direnei jarraipena egiten gizarte langile bat, psikologo bat eta asteburuetan bi laguntzaile aritzen dira. "Gure lana bizilagunak seguru eta lasai sentiaraztea da, eta haiei arlo guztietan jarraipena egitea", dio Azpirik. Bestelako zerbitzu batzuen erabiltzaileak ere badira Biziberrikoak; hala nola etxez etxeko laguntza jasotzen dute edota Biziberri eraikineko beheko solairuan astean bi arratsaldetan ematen duten eguneko unitatera joaten dira. "Lau bat bizilagun joaten dira eguneko unitatera eta kanpotik datozen beste erabiltzaileekin era askotako jarduerak egiten dituzte".
Gainontzean, etxebizitza tutelatuetako bizilagun bakoitzak bere bizimodua egiten duela nabarmendu du Azpirik. "Bakoitzak ditu bere ordutegia, bere ohiturak, bere egunerokoa, eta ez daukate guri zertan konturik eman beharrik. Eskatzen zaiena da abisatzeko etxetik kanpo egun oso bat igaro behar dutenean edota gaua pasatzera beste edonora doazenean, baita lagunak etxera eraman behar dituztenean ere. Familiakoen bisitak, ordea, etxean nahieran izateko aukera dute".
"Oso gustura nago"
Patrizi Orbegozok 96 urte ditu, eta Aiakoa da izatez. Juan Orbegozo anaia zenarekin etorri zen Azpeitira bizitzera. "Anaia apaiza nuen eta urte askoan Done Jakue kalean bizi izan ginen; badira hamasei urte hura hil zela". Gero, erretore etxean bizi izan zen: "Lehenengo solairuan bizi nintzen ni, eta goikoan erretorea". Nonbaiten bizi behar, eta Biziberri etxebizitza tutelatuak eraiki zituztenean, hara bizitzera joateko aukera sortu zitzaion. Urtebete darama han.
Bi lagunentzako etxebizitza batean bizi da Orbegozo, bakarrik, "baina oso gustura". Bera moldatzen da bere otorduak prestatzeko, etxeko garbiketak edota erosketak egiteko. Enkargutara, "ezinbesteko lagunarekin", taka-takarekin irteten da, baina etxean batetik bestera ibiltzeko hori gabe moldatzen da. "Ni ederki konpontzen naiz neure gauzetarako; esaterako, gaur patatak txorizoarekin jartzeko ideia nuen bazkaltzeko, eta soberan egiten baditut, biharko bazkaria ere pronto izango dut!", kontatu du Orbegozok. Aitortu du etxez etxeko laguntzailea ere joaten zaiola eta haren babesa estimatzen duela.
"Gustura bizi behar da. Etxe hauetan gustura bizi garenez, ondo gaude; gauza naizen bitartean, hemen gustura biziko naiz", nabarmendu du. Bizitzeko "kapritxorik ez" duela behar dio, eta horretarako modua daukan bitartean ondo dagoela, "bizitzea baita aberastasuna".
Etxean denbora gutxi
Biziberri eraikineko bizilaguna da Ignacio Odria ere. 86 urte ditu. Lau arreba zituen Odriak, eta haiek bizi ziren artean haiekin bizi izan zen. Gero, ordea, bakarrik gelditu zen etxean. "Osabaren eguneko bizimoduak ez ninduen kezkatzen, baina bai gauetan bera etxean bakarrik egoteak", kontatu du Olatz Dorronsoro Odriaren ilobak. Udal Gizarte Zerbitzuek osaba Biziberriko etxebizitza tutelatuetara bizitzera joatea proposatu zioten. "Osabari aukera horren berri eman nion, eta denbora batez probatzera animatu zen. Hala ere, gehien kezkatzen zuena berak nahi zuena egiteko askatasuna galduko ote zuen zen, eta ez da hala izan".
Iazko maiatzaren erdi aldera joan zen Odria Elizkaleko etxebizitza tutelatuetara bizitzera. Bi logelako etxebizitza batean beste pertsona batekin batera bizi da: "Arturo errezildarrarekin bizi naiz, lehen aurpegiz bakarrik ezagutzen nuen hura, Garoa tabernan ikusita edo. Hark ez dakit zer esango duen, baina nik ez daukat kexarik, ondo konpontzen naiz harekin eta gustura bizi naiz. Etxepeko gainontzekoak ia ikusi ere ez ditut egiten".
Etxean baino kalean denbora gehiago egiten duenetakoa da Odria, batetik bestera ibiltzen da: Baigerakoen irteeretara, Gure Ametsa soziedadera, Antxieta Etxekoengana kartetan ibiltzera, San Martin egoitzara bingoan jokatzera edota parrokiara joaten da. "Atzo Baigerakoekin Aginagara joan nintzen sagardotegira", kontatu du. Lehen Sanjuandegin bizi zen, eta orain Elizkalean bizita, bera ibiltzen den toki guztiak gertuago dituelako gustura dago Odria.
Osaba pozik ikusita, lasai sentitzen da iloba ere. "Ni Zarautzen bizi naiz, baina asteartero etortzen naiz osabarengana, medikura laguntzeko edota pastilla kaxa antolatzeko. Osaba primeran ikusten dugu, eta gu, gustura. Etxebizitza tutelatuetan babestuta, zainduta, dago".
Aita-semeak batera
Julian (97 urte) eta Jose Ignacio (60 urte) Beristain Odriako Orkazarre baserriko aita-semeak ere Elizkaleko etxebizitza tutelatuetan bizi dira; etxe berean biak. "Aita, hankan gaitza izanda, ospitaleratuta egon zen Zumarragan eta Eibarren. Ospitaletik bueltan, bera bizi zen etxera ezin zen moldatu, bainugela-eta egokitu gabe zituelako. Egoera hartan bi aukera genituen aitarentzako eta anaiarentzako: egoitza edo etxebizitza tutelatuak", azaldu du Mari Karmen Beristainek, Julianen alabak.
Egoitzara joaterik nahi ez, eta Elizkaleko etxeen aukeraren alde egin zuten. "Etxebizitza tutelatua erabat egokituta egoteaz gain, aitak eta anaiak batera bizitzeko aukera dute", dio Mari Karmenek. Egunean zehar etxeko langile baten laguntza dutenez, hark ateratzen du Julian azokara edota kalera buelta bat ematera. Asteburuetan, berriz, senideren batekin ateratzen da. Gauetan etxez etxeko zerbitzua jasotzen dute.
Mari Karmenek etxebizitza tutelatuetan eskaintzen den zerbitzua egokia dela uste du. Aita-semeek "gustura" bizi direla diote. "Aitak Arrate Irratia entzuten eta telebista ikusten ematen du denbora gehien. Anaiak, baserrian ohituta, landareak eta loreak sumatzen zituen faltan, baina horri aurkitu dio irtenbidea: etxeko balkoian loreak ipini ditu".