Urolako erleak
Erlezaina da Igor Odriozola (Zestoa, 1976), nahiz eta ez den hori bere lanbidea. Enpresa batean egiten du lan, baina etxetik datorkio erlezaintzarako zaletasuna, familiatik. Gainera, haren emaztea nekazari profesionala da, eta elkarrekin aritzen dira lanean sarritan. Odriozola zestoarra den arren, Azpeitian ditu erlauntzak, Nuarbeko urtegiaren inguruetan eta Elosiaga auzoan; baita Azkoitian, Beizaman eta Zestoan ere. Haien erleak eskualdekoak direla dio, ez baitute etxe finkorik. Nabarmendu du lekualdatzeak onurak dituela.
Transhumantziako erlauntzak
Erleak lekuz aldatzen ditu Odriozolak urtean zehar, hainbat arrazoi tarteko: "Alde batetik, inguruko landareak ahal beste aprobetxatzeko. Bestetik, egoerak eskatzen duelako, hau da, liztorrengandik babesteko. Liztor beltzen erasoa ez da intentsitate berekoa leku guztietan. Kokapenak asko eragiten duenez, lekuz aldatzen joaten naiz". Haren erlauntzak transhumantziakoak dira: ateak itxi, kaxak hartu eta ondoko herrira garraiatzen dituzte. Aldaketa egiteko gutxieneko distantzia hiru kilometrokoa da. "Erleek hiru kilometroren bueltan topatzen dituzten landareetatik jaten dute, eta ondo ezagutzen dute bidea. Horregatik da garrantzitsua urrunago eramatea, ez daitezen berriro lehengo etxera itzuli".
Atzeko lanak
Erlauntzen osasuna eta egonkortasuna zaintzeaz gain, askotariko lanak egiten dituzte erlezainek: gaixotasunak eta intsektu kaltegarriak detektatu eta tratatu, erlauntzak zatitu, horien egoeraren jarraipena egin... Kutxak irekitzeko unean kea erabiltzen dute, erleen defentsa sistema nahasteko eta erreakzio instintiboa eragiteko: "Erleek, kea nabaritzean, sua delakoan, elikagai biltegietara jotzen dute eztia irenstera. Modu horretan, ez dute zuzenean eraso egiten". Goiko argazkian, Odriozola erramu adarrekin kea egiten.
Udaberrian, tranpak
Liztor beltzen erasoetatik babesteko askotariko neurriak hartzen dituzte, sasoiaren arabera desberdinak. Udaberrian, esaterako, liztor erreginak harrapatzeko tranpak jartzen dituzte; izan ere, erregina harrapatuta, liztorren familien ugaltzea saihesten da. "Harrapatutako liztor erregin bakoitzeko, liztor familia bat gutxiago", dio Odriozolak. Era askotako tranpak daude, baina gehien erabiltzen direnak botila formakoak dira, tranpa selektiboak deiturikoak. "Botilek aroma berezi bat izaten dute barruan, eta horrek erakarrita gerturatzen dira liztorrak. Botilek hainbat zulotxo ere edukitzen dituzte, intsektuei sartzen uzteko, baina liztor beltzek ezin izaten dute atera". Harpa elektrikoak eta sareak ere erabiltzen dituzte Asiako liztorren kontra.
Etsairik handiena, liztor beltza
Odriozolak azaldu duenez, liztor beltzek –goiko argazkikoa bezalakoek– kalte handia egiten dute inguruotako baserrietako erlauntzetan: "Lehen ohikoa zen baserrietan erleak edukitzea; duela gutxira arte etxe askotan mantendu dituzte. Orain, berriz, ia denak desagertzen ari dira. Liztor beltzek erleak hiltzen dituzte, eta arazoa handia da. Ondorioz, eskualdean ez da ia erlezainik gelditzen".
Polinizizaziorako ezinbesteko
Erleak naturako ezinbesteko elementuak dira, polinizazio lana egiten dutelako. "Polinizazioa garrantzitsua da fruitua ematen duten landareentzat edo zuhaitzentzat, eta hori egiten duten intsekturik garrantzitsuenak erleak dira. Zehazki, polinizazioaren %90 inguru erleek egiten dute", azaldu du. Landare loredun gehienek, batez ere elikagai landareek, sagarrek, almendrondoek edota kalabazek polinizatzaileak behar dituzte fruituak emateko. Erleek lan horretan parte hartzen ez badute, uzta asko murriztu edo galdu egiten dira. Goiko argazkian, sagarrondo bat Odriozolaren lurretan.
Erlauntzak betetzeko garaia
Udaberria da erleek lan gehien egiten duten garaia, baita gehien hazten diren sasoia ere. Apiriletik uztaila bitarte ekoizten dute ezti gehien, handitu bitartean. Lanerako ez ezik, ugaltzeko sasoia ere bada udaberria. "Familia berriak sortuta ugaltzen dira erleak. Familia berriei erlekume esaten zaie". Goiko argazkian, kumea ikusten da, eta umesabia deitzen zaio kumea dagoen abaraska zati horri.
Landareen garrantzia
Erlauntzen kokalekua aukeratzerakoan hainbat faktore hartu behar dira kontuan, tartean, inguruko landaredia. "Erleek loreak behar dituzte, bai nektarra biltzeko, bai eztia egiteko, baita polena ere. Haientzat proteinak dira. Beraz, garrantzitsua da ahalik eta landare anitzen dagoena lekua izatea; zenbat eta dieta zabalagoa, hobeto", dio. Dena den, erleek ez dute lore guztietatik berdin jaten. Urola Kostan ezti gehiena honako hauek egiten dute: belardietako loreak (hirusta edo berga-belarra, txikuri-belarra...), arkazia, laharra, gaztaina, txilarra, kirua... Zitrikoek –goiko argazkikoak, esaterako– erleak erakartzen dituzte, bereziki udaberrian.
Ezti eskaria bai, baina...
Eztiaz gain, propolioa, propoeztia eta argizaria egiten ditu Odriozolak Azpeitian zein eskualdeko beste herrietan dituen erlauntzetan lortutako materialekin. Horiez gain, beste hainbat produktu egiteko gaitasuna duten arren –polena, esaterako–, gaur-gaurkoz ez dituzte ekoizten. Azaldu duenez, bertako eztiaren eskaria handia da, baina, haren aburuz, "arazoa ekoizpenaren biziraupena da".