Lursail kooperatiba berriko kide izango da Abelur

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 3a, 12:17

Abelurren ikurra, Joan XXIII.a auzoko bulegoen kanpoaldean. (Mailo Oiarzabal)

Arabako Abere eta Bizkaiko Lorrarekin bat egin du Azpeitian egoitza duen nekazaritzarako aholkularitza kooperatibak. 2026an jarriko dute martxan Lursail eta Arkautin izango du egoitza nagusia.

Nekazaritza sektorean aholkularitza eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten hiru kooperatiba elkartu eta kooperatiba berria sortu dute: Lursail. Azpeitian egoitza duen Abelur da kooperatiba berria martxan jarriko dutenetako bat; Bizkaiko Lorra eta Arabako Abere dira beste biak. Arkautin (Araba) izango du egoitza nagusia Lursailek eta 2026an ekingo dio bideari kooperatiba berriak, albiste agentziek zabaldu dutenez.

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek bultzatutako prozesuaren emaitza izan da aipatutako hiru kooperatiben bat egitea. 2021ean ekin zioten bateratze prozesuari eta nekazaritza sektorean lan egiten dutenei aholkularitza eraginkorragoa emateko helburuarekin sortu dute Lursail. Agentziek zabaldutako oharraren arabera, hiru kooperatiba sortzaileetako lantaldeak elkartuko dira lursailen, hiruren baliabideak, jakintza eta esperientzia ere batuz. Bat egitearen eta kooperatiba berriaren sorrera iragarrita, datorren urtean hori martxan jarri aurretik egiteko dituzten lanak ere zehaztu dituzte; besteak beste, gerentzia berria kontratatu, kooperatiba berriaren sailak eta zerbitzuak zehaztu, kooperatiba formalki legeztatu eta egoitzak egokitu nahi dituzte datozen hilabeteetan.

Bateratzeak tokikotasuna eta gertutasuna mantentzea ahalbidetuko diela adierazi dute Lursailen sortzaileek, baina zerbitzu eskaintza zabalduta zein lan baldintzak hobetuta.

Lurgintza, ez

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nekazaritza arloko aholkularitzan lan egiten duten bost kooperatiba daude, eta horietako bik dute egoitza Azpeitian, Abelurrek eta Lurgintzak.

Lurgintzak, ordea, Arabako AGAk bezala, ez dute parte hartu Jaurlaritzak eta aldundiek bultzatutako bateratze prozesuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide