Zer dela-eta animatu zineten txapelketan parte hartzera?
Jon Sorozabal: Instagramen ikusi genuen Okelanek txapelketa antolatu zuela eta parte hartzeko izena eman zitekeela. Soziedadean bazkariak-eta egiten ditugunean saltsan ibiltzen garenez, izena ematea proposatu nion Jokini. Hasieran erdi brometan hasi ginen, gainera gure argazkia bidali beharra zegoen, eta horrek ere atzera eginarazten zigun.
Jokin Eizagirre: Azkenengo eguneko 22:00etan eman genuen izena. Gero, izena eman genuen bikote denen artean zozketa egin zuten, eta ondoren, herritarrek boto bidez aukeratu zuten zein hamasei bikotek parte hartuko zuten lehian.
Behin izena emanez gero...
J.E.: Bai, bai, hainbeste kostatu zitzaigun argazkia atera genuenez eta aukeratu egin gintuztenez, argi genuen zerbait lortzen saiatu behar genuela. Gaizki-gaizki ere ez gara moldatzen parrillan, eta...
J.S.: Broma moduan hasi zen kontua, baina...
Txapel bana jantzita etxeratu zineten. Espero al zenuten lehia irabazterik?
J.E.: Ezta pentsatu ere.
J.S.: Geure artean esaten genuen hara bizitzako lehen txuleta erretzera ez zela joango jendea; pixka bat dakien jendea joango zela uste genuen.
Zer-nola prestatu behar izan zenuten txuleta?
J.E.: Parrillak antolatzaileek piztu zituzten, eta txuletak moztu eta zozkatu egin zituzten. Okela banatutakoan, erretzeko ordua jarri zioten bikote bakoitzari; gu azkenetakoak izan ginen. Ikatz gutxi zuen gure parrillak ordurako, eta dezente gehiago botatzeko eskatu genien. Ordu laurdenean txuleta erre eta alde egin genuen.
J.S.: Han ikusi genuen jendea haragiari termometroa sartzen, eta... Haiek ikusita, "guk egin behar diagu erridikulua" esaten genion elkarri. Espero genuen azkena zen txapela janztea.
Aurretik asko aritutakoak al zarete parrillan?
J.E.: Geure erara soziedadean jardun izan dugu. Asko gustatzen zait lagun artean parrillan jardutea.
J.S.: Ni ez naiz inongo elkartetako bazkidea, baina bikotekidearen aitak parrillak egiten ditu, eta haien etxean jardun izan dut.
Zer behar du txuleta on batek?
J.E.: Gatza eta ikatza.
J.S.: Eta haragi ona. Dena, beraz.
Baratxuririk bai?
J.S.: Txuleta ona bada, ez.
J.E.: Ni ere ez naiz zalea.
Txuletari laguntzeko?
J.E.: Txapelketara etxean prestatutako pikillo piperrak eraman genituen. Parrillan berotu eta haragiaren ondoan jarri genituen epaimahaiari aurkezterako.
J.S.: Nahi zena eramateko aukera zegoen; patatak, piperrak...
J.E.: Batzuk Gernikako piperrak parrillan erretzen hasi ziren. Baina txuletak baino denbora gehiago behar izan zuten horiek erretzeko...
Zein da jaki bat parrillan ondo erretzeko gakoa?
J.E.: Sua eta bista edukitzea.
Eta gehiegi ez dadin erre?
J.S.: Pixka bat txigortu behar da, baina oso garrantzitsua da puntua hartzea. Hala ere, zure ustez puntuan dagoena gutxiegi eginda egongo da beste batentzat.
J.E.: Epaileek esan zuten hor ikusi zutela aldea. Izan ere, partaide batzuei egosi egin zitzaien haragia, su baxuan erre zutelako.
Parrilla piztuz gero, arraina edo haragia nahiago?
J.E.: Biak ederrak.
J.S.: Haragia nahiago.
Hurrengo urtean ere parte hartuko al duzue txapelketan?
J.S.: Lehengoan hala esan ziguten tailerrean: "Hurrengo urtean ere joateko moduan zarete". Baina hala erantzun nien: "Ez, ez. Behin joan eta irabazi genuen, eta berriz ez joanda hobe".
Bromak aparte, parte hartuko al zenukete beste lehiaketaren batean?
J.E.: Akaso bai, ez dugu ezetzik esango.
J.S.: Hurrengoan elkarren aurka jardun beharko dugu, onena zein den erabakitzeko [barrez].