Lanbide heziketa egokituaren eredua aurkeztuko dute

Ane Olaizola 2025ko uzt. 4a, 11:00

Izarraitz Lanbide Heziketa.

EHUren Udako Ikastaroetako bat eskainiko dute Azkoitian, eta Izarraitz Lanbide Heziketak eta Marea Urdinak diseinatu duten eredua posible dela adieraziko dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaro bat eskainiko dute datorren asteazkenean Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa ikastetxean. Desegiten ikasi: errealitate inklusiboa eraikitzeko, sar zaitez Lanbide Heziketa Egokituaren gurpilean izenburupean eskainiko dute ikastetxeko zuzendari Miren Oterok gidatuko duen ikastaroa, eta eskolak Marea Urdina elkartearekin diseinatu duen Hasierako Lanbide Heziketa Malgu eta Egokitua inklusio eredua aurkeztuko dute han.

Aniztasun funtzional kognitiboa duten pertsonentzako lanbide heziketa "malgua eta egokitua posible" dela defendatuko dute asteazkenean jendaurrean, ireki nahi duten bideak ikasleei ibilbide malgua zein indibidualizatua eskaintzen diela oinarri hartuta. "Oinarrizko gaitasunetik lanbide kualifikatuetara arteko prozesu pertsonalizatu bat eskaintzen du, ikaslearen gaitasunak indartzeko zein laneratze aukerak sustatzeko", adierazi du Oterok. Marea Urdinako presidente Aritz Orbegozoren esanetan, berriz, aniztasun funtzional kognitiboa dutenek lan munduratzean duten gabeziatik sortu da horretarako premia. Gaur egungo argazkia zein den azaldu du hark: "Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino bermatuta dago, hein handi batean, aniztasun funtzional kognitiboa dutenen ibilbidea, haiei eskaintzen zaizkien laguntza desberdinen bidez. Ordea, hortik aurrera ezin dute ibilbidea jarraitu, nolabait ez dutelako gaitasunik batxilergoa eta Lanbide Heziketa egiteko: normalean, Zereginen Ikaskuntzarako Gelara (ZIG) joaten dira, eta handik lan munduratzera igarotzen direnean, lan babestura bideratzen ditugu zuzenean; Gureak-era. Egintzat ematen dugu haiek lan etorkizunik ez dutela, eta zirkulutik ateratzen ditugu".

Aritz Orbegozo: "Udal brigadaren eta Kimubat enpresaren esperientziekin ikusi ahal izango dugu aniztasun funtzional kognitiboa dutenek ere beren ibilbidea egin dezaketela"

Beste edozeinek bezala, aniztasun funtzional kognitiboa dutenek ere beren "gustuak zein abileziak" dituztela jakitun, ordea, horien araberako lanbide heziketaren bat ikasteko aukera guztientzat berma dadila defendatu du hark, era berean, guraso moduan: "Kezka handia sortzen digu beraien etorkizunak, ikusten dugulako hezkuntza sisteman ez dutelako ezer 20 urtetik aurrera". Bide horretan, Oterok ere azpimarratu du "inklusiotik hurbil dauden praktika isolatuak" badaude ere, oraindik "sistematizazio falta" dagoela. Ordea, haren arabera, Izarraitz Lanbide Heziketan martxan jarritako dinamikek erakutsi dute "bide bat" badagoela, "lege esparruan, baliabideetan zein jarreretan" oraindik "erronkak" egonagatik.

Aliantzak sortzea

Asteazkenean egingo dute ikastaroa, 09:00etatik 13:30era bitartean, eta Oterok eta Orbegozok ez ezik, beste hainbat hizlarik ere parte hartuko dute: Isabel Mendiguren Jaurlaritzako Ikaskuntza Berezien zuzendariak, Arantxa Larrañaga Izarraitz Lanbide Heziketako idazkariak, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eta Mikel Sarriegi Adegiko Talentu eta Formakuntza zuzendariak. Ikastaroaren zuzendariak jakinarazi du formatu "parte hartzailea eta praktikoa" izango duela saioak, ikastaroa bera "ikuspegi anitzak jasoko dituen topagune irekia" bihur dadin. Hori horrela, adituen hitzaldiak, esperientzia praktikoak eta mahai inguruak uztartuko dituzte. "Udal brigadaren eta Kimubat enpresaren esperientziekin ikusi ahal izango dugu aniztasun funtzional kognitiboa dutenek ere beren ibilbidea egin dezaketela", gaineratu du Orbegozok.

Aniztasun funtzional kognitiboaz ikasten jarraitzeko asmoa dutenei dago zuzenduta ikastaroa, hala nola aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleei eta gurasoei, hezkuntzako kideei eta enpresei —matrikula zabalik da uik.eus atarian—. Azken horiek duten rolean, gainera, azpimarra berezia egin dute biek. "Benetako aldaketa soziala lan mundutik igarotzen da. Horregatik, ezinbestekoa da enpresek esku hartzea: lanpostuak egokitzea, prozesuak malgutzea eta barne kulturaren aldaketa sustatzea. Hori lortzeko, hezkuntza eragileek eta enpresek elkarrekin lan egin behar dugu, eta ikastaro honek aliantza horiek sustatu nahi ditu", esan du Oterok. "Aniztasun funtzional kognitiboa dutenek bete ditzaketen profilak izan ditzakete enpresek, eta haientzako moduko lana detektatuz gero, lanbide heziketa malguak horietarako presta genitzake, lan egokitu bat izan dezaten bailaran", gehitu du Orbegozok.

Batak zein besteak azpimarratu du "guztientzat onuragarria" izan daitekeela abiatu duten eta "eredugarri" bihurtu nahi duten eredua, baina horretarako komunitate osoaren konpromisoa behar dela nabarmendu dute, ikasle guztiek izan dezaten "bizitza duin eta autonomorako aukera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide