Euskara, espedizioaren gidari

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 4a, 10:25

Martija eta Etxaniz. (Utzitakoa)

126 gazte eta 28 laguneko lantaldea dabiltza egunotan Euskarabenturan. Tartean, eskualdeko sei kide daude. Guztira, 31 etapetan banatuko dute ibilbidea. Asteartean abiatu ziren Atharratzetik, eta uztailaren 31n amaituko dute, Getxon. 

Aurten ere hasi da Euskarabentura: gazteentzako euskarazko espedizio kultural eta hezitzailea. Asteartean eman zioten hasiera egitasmoaren zazpigarren edizioari, Atharratzen (Zuberoa), eta aurtengoan, 126 gaztek zeharkatuko dituzte Euskal Herriko txoko desberdinak. Ia 800 kilometroko espedizioa aurreikusten dute, eta uztailaren 31n amaituko da, Getxon (Bizkaia). Lantaldearen parte dira Janire Martija zarauztarra eta Oier Etxaniz azpeitiarra, eta beste behin, gazteen hizkuntza ohituretan eragin eta gazte euskaldunen sarea elikatzen jarraitzea dute helburu. "Euskarabentura mundu bat da, non euskara bultzatzen den, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko jendea elkartuta", adierazi du Etxanizek.

"Bikain" hasi dute espedizioa. "Giro bikaina daukagu eta gogo biziz gaude datorrenerako", azpimarratu du Etxanizek. Martijak, berriz, gazteengan "lotsa apur bat" sumatu du hasieran, baina "pixkanaka irekitzen" ari direla, eta denak "motibatuta" daudela hurrengo egunetarako.

Guztira, 31 etapetan banatuko dute ibilbidea. Asteartean abiatu ziren Atharratzetik, bertako udalak harrera egin ostean. Ipar Euskal Herrian ibili ondoren, Nafarroara iritsiko dira eta, ondoren, Arabara. Gipuzkoan zehar –Zerainen, Beasainen, Tolosan eta Oiartzunen– ibili ostean, Nafarroara itzuliko dira eta, handik, Ipar Euskal Herrira berriz ere. Handik Gipuzkoako kostara egingo dute salto eta, amaitzeko, Bizkaira iritsiko dira. "Euskal Herri guztia zeharkatuko dugunez, paisaia desberdinak bisitatuko ditugu, eta hori oso polita da", aipatu du Martijak. Etxanizek, bere aldetik, ibilaldiak "xarma berezia" duela esan du: "Iparraldea, esaterako, gehienok bertan badaukagu ere, askori arrotza egiten zaio bertan egotea, eta Atharratzetik abiatzea oso berezia izan da denontzat".

Partaideei dagokienez, guztira 126 gaztek hartuko dute parte aurtengo edizioan: 43 bizkaitar, 26 gipuzkoar, 24 nafar, 13 arabar, 13 lapurtar, 5 baxenabartar eta 2 zuberotar. Euskarabenturaren aurreko sei edizioak kontuan hartuz gero, Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena du aurtengoak. 77 emakumezko eta 49 gizonezko izango dira, gainera. Aurtengo partaidetzarekin "gustura" azaldu dira lantaldeko kideak: "Parte hartzea ikusgarria izan da aurten. Apuntatu ziren hiru pertsonatik bakarra izan da hautatua, eta pena izan da hainbeste gazte kanpoan utzi behar izatea, baina etorri direnak oso motibatuta daude". Lantaldea, berriz, 28 lagunek osatzen dute: bi koordinatzaile, hamabi xerpa (begirale), bi xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, bi mediku, hiru erizain, bi gidari eta argazkilari, kameralari zein komunikazio arduradun bana.

Eskualdeko ordezkaritza

Aurtengoan, eskualdeko sei gazte dabiltza Euskarabenturaz gozatzen: lau jzioquitar (gazteek hartzen dute izena) eta lantaldeko bi kide. Martija eta Etxaniz dira azken horiek. Martija lehenago gazte moduan ibili zen Euskarabenturan, eta orain erizain moduan dabil: "Beste begirada batekin begiratzen duzu abentura. Orain une oro dakizu zer datorren eta nola antolatuko garen". Etxaniz, berriz, gidari moduan dabil eta bere lehenengo aldia da espedizioan: "Garraiolari moduan etorri banaiz ere, beste hainbat erantzukizun dauzkat, eta uste dut modu honetan ere goza daitekeela".

Uztailaren 24ko etapa Donostia-Zarautz izango da, eta hurrengo egunean Zarauztik abiatuta jarraituko du bideak. Euskarabenturan dabiltzan eskualdeko sei kideentzat etapa berezia izango da, ezbairik gabe. "Ezagutzen ez ditugun txokoak bisitatzeak xarma berezia badu ere, ezagutzen ditugun lekuetara joatea oso berezia da. Familiakoek ere esan didate Zarautzera joango zaizkidala bisitan", adierazi du Etxanizek. Martija, zarauztarra izanik, "gogotsu" dago uztailaren 24ko etaparako: "Berezia izango da espedizioko partaideei nire herriko txokoak erakustea. Beti daukazu gogoa etxera itzultzeko".

Datozen egunotan "gazte gehiago ezagutzea eta konfiantza hartzea" espero du Etxanizek, eta guztiaren gainetik, "euskaraz aritzea". Martijak ere ildo beretik jo du: "Espedizioko partaideekin erlazio estuagoak eraiki nahi nituzke, Euskal Herriko bazterrak eta kultura hobeto ezagutuz eta euskal sentimendu hori indartuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide