Norberak zer bizi duen, horri lotuta egoten dira askotan garatu ohi dituen interesak. Ulertzeak sendatzen edo, gutxienez, barruko minak arintzen lagundu ohi du, eta horren adierazle da Ane Olabarriak (Azpeitia, 1998) egin duen bidea. Eskola indarkeria jasan duen milaka eta milaka umeetako bat izan zen iraganean, eta gai horren gaineko tesia bikaintasunez gainditu duen irakasle eta ikerlaria da orain. Helburua, bat eta bakarra: indarkeria kasu bakar bat ez dadila izan etorkizunean. Psikodidaktikan doktorea, EHUko irakaslea eta ikerlaria da, Ikas Komunitateen Sarean kolaboratzen eta hainbat ikerketatan eta formakuntzatan parte hartzen du. Zero Indarkeria Ausarten Kluba programa interesatzen zaio batez ere, eta horren gainean osatu du tesia.
Hezkuntzaren arloan egiten ari zara zure ibilbidea. Lehen Hezkuntzan graduatua zara, baina argi zenuen ez zenuela irakasle izan nahi. Zergatik aukeratu zenuen, beraz, bide hori?
Banekien eskola indarkeriaren inguruko zerbait egin nahi nuela, baina irakasleen formakuntzari lotuta. Horregatik aukeratu nuen Lehen Hezkuntzako gradua. Baina hasieratik doktore tesia egiteko aukera hori nuen buruan.
Ondoren, Eskola Jazarpena eta Bitartekaritza masterra egin zenuen, eta jarraian murgildu zinen doktore tesia osatzeko prozesuan. Irakasleen Formakuntza Dialogikoa: eskola-indarkeria gainditzeko baliabidea izena du zure lanak. Zer aztertu duzu?
Ikas Komunitateen Sarean zentratu naiz batez ere. Eskola batzuen sarea da hori, irakasleak formatzea helburu duena, eta inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan oinarritzen dira lan egiterakoan. Hau da, egiten dutena zientifikoki frogatuta egoten da. Sare horretan era denetako eskolak daude; gehiago publikoak, baina kontzertatuak ere bai. Nik aztertu dudana da Ikas Komunitateen Sare horretan parte hartzen duten irakasleentzat zer den sarea bera, eta ea horrek formatu ote dituen benetan eskola indarkeriari aurre egiteko. Irakasleek esan dute ilusioa piztu diela sare horrek, eta hezkuntza eta zientzia eskutik doazen lehen aldia dela.
Hezkuntzan zientziak ez al du presentzia handirik?
Hezkuntza, batzuetan, merkatu baten gisakoa da. Ez da asko hitz egiten horretaz, baina ikastetxeei programa pila bat saltzen saiatzen dira, benetan funtzionatzen ez dutenak, oinarri zientifikorik ez dutenak. Arlo guztietako programekin gertatzen da hori, ez eskola jazarpenaren kasuan bakarrik. Ikas komunitateetan, hezkuntza jarduera arrakastatsuak lantzen dira, eta jarduera horiek frogatuta dago denean funtzionatzen dutela. Nik irakasle eta zentro denei aholkatzen diet inoiz ez onartzea ebidentzietan oinarrituta ez dagoen zerbait. Horri lotuta, beti bi galdera egitea proposatzen dut: batetik, norbait etortzen zaienean beren proiektua edo programa eskaintzera, galdetzeko zer eskola hobetu dituen, eta bestetik, inpaktuko zer aldizkaritan dagoen publikatuta proiektu hori. Medikuntzan inoiz ez duzu jarriko txerto bat ez baldin bada frogatu pertsona batzuekin funtzionatu duela eta ez badago aldizkari batean publikatuta. Kasu honetan, gauza bera da. Azkenean, eskolak egunero bonbardatzen dituzte proiektuekin.
Zero Indarkeria Ausarten Kluba proiektua ikertu duzu zuk. Zer da hori?
Europako Batzordeak Ramon Flecha irakasle emerituari lan bat enkargatu zion, mundu osoan eskola indarkeriari aurre egiteko dauden jarduerak identifika zitzan. Jakin nahi zuten horietatik benetan zeinek funtzionatzen duen eta zeinek ez. Ikerketa horrek ondorioztatu du hamahiru programak bakarrik hobetzen dutela zerbait indarkeria kasuetan. Horietatik programa onena Zero Indarkeria Ausarten Kluba izenekoa da.
Beraz, zientifikoki frogatuta dago indarkeriari aurre egiteko sortuta dagoen proiekturik egokiena hori dela?
Bai, oso frogatuta dago; ez dago inolako eztabaidarik.
Nola jartzen da martxan?
Batetik, irakasleek etengabeko formakuntza jaso behar dute; eta, bestetik, irakasleek beraien artean etengabeko elkarrizketak izan behar dituzte, tertulia pedagogiko dialogikoaren bitartez. Hau da, irakasleek artikulu zientifikoak irakurtzen dituzte, eta artikulu horien gaineko tertulia dialogikoak egiten dituzte. Funtsean, hiru oinarri ditu. Aurrenekoa da isiltasuna haustea: nire gelakide bat onargarria ez den zerbait egiten ari dela ikusten badut, hori salatzera ausartzea. Bigarrena da biktimari babesa ematea, fokua biktimarengan jartzea: askotan, irakasleak indarkeria aplikatu duenarengan jartzen du arreta, hari egiten dio errieta, eta biktima bazter batean gelditzen da negarrez. Kasu honetan, alderantziz jokatzea planteatzen da: erasotzailea alde batera uztea, bere jokabidea ez dugulako onartzen, eta biktimari babesa adieraztea. Hirugarren oinarria da babesa ematea babesten duenari. Zergatik ez dute lekukoek salatzen? Beldurra dutelako, eta ez direlako ausartzen; txibato edo salatari izan nahi ez dutelako. Erakargarritasun handia eman behar zaio salatzera ausartu den horri. Askotan, isiltasuna hausten duenak ondorioak pairatzen ditu, eta horregatik ez du salatzen.
Horiez gain, desiraren lengoaia erabili behar dela diozu.
Ikerkuntza zientifikoak erakutsi duenaren arabera, oso inportantea da etika lengoaia ez erabiltzea irakasleek. Umeei denbora guztian zer dagoen ondo eta zer gaizki esateko joera dugu, eta umeek badakite hori. Umeek badakite gaizki dagoela hitz txarrak esatea, ondokoari estutxea harrapatzea... Baina horrek estatus soziala ematen badu, egiten jarraituko dute. Eta, gainera, askotan, neska batzuk atzetik izaten dituzte halako jokabideak dituztenek. Aldiz, askoz emaitza hobeak ematen ditu, irakasleek etikaren lengoaia erabili beharrean, desiraren lengoaia erabiltzeak: norbaitek onargarria ez den zerbait egiten duenean, "zeinen koldarra den jarrera hori" esateak, adibidez. Lengoaia mota hori irakasleek erabiltzen badute, ondo, baina, gainera, ikasleek ere erabiltzen badute, erasotzailearen estatusa beheraino jaisten da, eta horrek ematen du mina. Indarkeria erakargarritasunari lotuta dago hein batean, gizartean nagusi den diskurtso hertsatzaileak inposatuta. Indarkeriari aurre egiteko bestelako programek ez dute arretarik jartzen desiraren lengoaian, eta hori klabea da eskola indarkeriari aurre egiterakoan, funtsezko oinarria.
Biraoak edo hitz itsusiak erabili behar al dira ikastetxe barruan?
Ez. Irakasle bakoitzak bere teknikak dauzka erasotzaileari estatusa jaisteko, baina beti inolako indarkeriarik erabili gabe, noski. Eta ez da gauza bera zer adinetako ikasleekin lantzen den Zero Indarkeria Ausarten Kluba. Keinuek ere laguntzen dute.
Hau da, desiraren lengoaiaren bidez, indarkeria gauzatzen ari den pertsona ahuldu behar da.
Bai, indarkeria gauzatzen duenak estatusa galdu behar du hori egiteagatik. Baliabide hori irakasleek erabiltzen dutenean, inpaktu txikia izan ohi du, baina gelakideak ere norabide berean jartzen badira, oso inpaktu handia du.
Zergatik diozu indarkeria eta erakargarritasuna lotuta doazela?
Askotan guaiak izaten dira indarkeria egiten duten horiek. Pertsona batek indarkeria erabiltzen du, eta askotan estatusa irabazten du. Pertsona hori erakargarritzat aurkezten da ingurukoen aurrean, eta horiek eusten diote dagoen lekuan. Baina indarkeria erabiltzen duenean inguruko denek alde egin eta bakarrik lagatzen badute, galdu egiten du estatus hori; erori egiten da. Hori da Zero Indarkeria Ausarten Klubaren filosofia.
Programa hori aplikatzen duen ikasgela batek nola funtzionatzen du?
"Gaur, jolastokian, A-k B jo du", esaten du haur batek. Irakasleak galdetzen du: "Norbaitek nahi al du zerbait kontatu?". Eta ikasle denak hasten dira: "Niri oso gaizki iruditzen zait..." eta antzekoak esaten. Irakasleak umeei hitz egiteko aukera ematen die, eta indarkeria baliatu duen haurra hor egoten da, dena entzuten. Lehen Hezkuntzan, Ausarten Klubetik kanpora botatzen dute egun horretan kide hori; DBHn, berriz, ez genuke horrela egingo. DBHn, adibidez, mutil batek neska bati ipurdia ukitu dio edo esan dio loditu egin dela. Onartuta ez dagoen zerbait egin badu, gelakideak hasten dira esaten ez zaiela jokabide hori gustatu.
Garrantzitsua izango da horrek funtzionatzeko irakasleen eta haurren artean konfiantzazko harremana izatea, ezta? Baita gaia lehentasunen artean izatea ere...
Bai, noski. Oso inportantea da irakasleek etengabeko formakuntza jasotzea. Zero Indarkeria Ausarten Kluba modu desberdinetan aplika daiteke, ez dago gida bat zehatz-mehatz errespetatu beharrekoa. Baina eskola askotan modu honetan egiten dute: Ausarten Klubaren parte izan edo ez aukera ematen zaie ikasleei, inor ez da derrigortzen, baina normalean denek erabakitzen dute klubaren parte izatea. Eta klub hori osatzean, kideek erabakitzen dute zer den indarkeria eta zer ez, zer onartuko duten eta zer ez. Onartzen ez den zerbait gertatzen bada, beti norbaitek salatu egiten du publikoki.
"Oso normalizatuta daukagu indarkeria. Askotan indarkeria fisikoa gertatu arte ez da alarmarik pizten", aipatu duzu. Kostatu egiten al da identifikatzea?
Bai, irakasleak askotan ez dira ohartzen gertatzen ari denaz, eta gurasoak gutxiago. Gelakoek jakiten dute zer gertatzen den ikasgelan. Horregatik da garrantzitsua gelan lantzea gaia eta horretaz hitz egitea. Normalean, umeek ez dute kontatzen, baina eredu hau lantzen duten ikastetxeetako haurrek bai, badakitelako irakasleek ondo landuko dutela.
Eskolan nola funtzionatu aipatu duzu, baina sakelako telefonoen bidez egiten den indarkeriak zer leku du programa honetan?
Asteburuan gertatu dena edo sakelakoen bidez gertatu dena ere atera egiten da eskolan. Umeek kontatu egiten dute. Beraiek ikusten dute kontatuta hobeto sentituko direla eta babesa dutela.
Garrantzitsua izango da eskola barruan denak norabide berean joatea, ezta? Irakasle batek praktikan jartzen badu, baina beste batek ez...
Hori ere inportantea da. Hobe da irakasle guztiek praktikan jartzea, eta hobe litzateke herri bateko ikastetxe guztietan aplikatzea. Baina irakasle batek bakarrik ere aplika dezake bere gelan, eta emaitzak asko hobetu. Ez da guztiak ados egoteko zain egon behar; egin nahi duenak egin dezake.
Zer onura ekartzen ditu?
Giro ona izan ohi dute gelan, lanerako gogoa dute ikasleek, hobeto ikasten dute, hobeto kontzentratzen dira, talde lanean hobeto aritzen dira...
Biktima nahiz erasotzaile edozein pertsona izan daitekeela esan izan duzu. Ez al dute patroi bat jarraitzen?
Egia da literatura zientifikoak esaten duela badaudela eskola indarkeria jasateko arrisku handiagoa duten pertsona batzuk: etorkinak, hezkuntza premia bereziak dituztenek, maila sozioekonomiko baxuko ikasleak... Baina horrek ez dauka zertan horrela izan; beste edozein pertsona izan daiteke biktima, baita erasotzailea ere. Askotan esaten da: "Umeek motxila dute, eta motxila dutenez, erasotu egiten dute". Horrek zer esan nahi du? Norbaitek etxean sekulako arazoak dituenean, gelan erasotzaile bilakatzen dela. Eta hori mito bat da, askotan justifikatzeko erabiltzen dena. Ez, erasotzailea edozein izan daiteke. Erasotzailea joaten da probatzen, usaintzen, eta erortzen dena erortzen da. Baina erasotzailea motxilak egiten duela ez da egia; izan ere, etxean arazo handiak dituzten eta erasotu egiten duten ume asko daude, eta erasotzen ez dutenak.
Jakin al daiteke pertsona bat zergatik bilakatzen den erasotzaile?
Estatus soziala lortzen duelako. Dena botere kontua da. Erasotu egiten du beste denek goraipatu egiten dutelako. Norbait gaizki tratatzen duelako neska denak atzetik edukitzea edo irakasle guztiak denbora guztian berari atentzioa ematen egotea lortzen badu, jarraitu egingo du, hori bilatzen duelako. Hori bukatzen denean, utzi egingo dio erasotzeari. Zero Indarkeria Ausarten Klubarekin, erasotzaileak segituan aldatzen dira, estatus hori galdu egiten dutelako. Eredu hori aplikatzen duten irakasleek esaten dute gehien erasotzen zutenak orain ausartenak direla, biktimak gehien babesten dituztenak bilakatzen direla. Pertsona horiek erakargarriak izatea nahi dute, eta bilatzen duguna da erakargarria izatea pertsona ona izatearekin lotzea. Umeak onak eta erakargarriak izatea lortu nahi dugu.
Maskulinitatearekin ere lotura izango du gai honek...
Erabat. Hiru maskulinitate eredu bereizten ditugu: maskulinitate tradizional dominanteak, maskulinitate tradizional zapalduak eta maskulinitate alternatibo berriak. Aurrenekoak dira txulitoak eta gaizki tratatzen dutenak, baina erakargarriak direnak askorentzat. Bigarrenak mutil jatorrak dira, baina lagun bezala ikusi ohi dira; pagafantas mutilaren eredua izango litzateke. Eta hirugarrenak dira guri interesatzen zaizkigunak: jatorrak, ondo tratatzen dutenak eta erakargarriak. Bilatzen duguna da maskulinitate menderatzaile tradizionalari erakargarritasuna kentzea. Orain arte hori gustatu izan da, eta orain ere bai, diskurtso hertsatzaile dominanteak inposatuta. Baina, azkenean, irakasleek eta ikasleek desiraren lengoaiaren bidez erakargarritasuna murrizten diote maskulinitate eredu horri. Ez diegu eman behar erakargarritasuna gaizki portatzen direnei, baizik eta ondo portatzen direnei. Eta hori etikaren lengoaiarekin ezin da egin.
Eskola barruan indarkeria erabiltzen duenak, zer egiten du eskolatik kanpo?
Jarraitu. Eskola indarkeria, askotan, genero indarkeriarekin lotuta dago.
Adolescence telesaila gogorarazten du esaten ari zarenak.
Ez dut ikusi, arazoa erakutsi bai, baina konponbidea planteatzen ez duelako. Pertsona batek bestea hiltzea Azpeitian ez da gertatu oraindik zorionez, baina telesailean gertatzen dena geletan egunero gertatzen da. Agian ez hain modu gogorrean, baina gertatu egiten da. Norberak bere ikasgelan zer gertatzen den begiratu behar du; izan ere, eskola indarkeria ikastetxe guztietako gela den-denetan dago.
Daturik ba al daukazu esku artean? Ba al dakizu zenbat jendek sufritzen duen eskola indarkeria?
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken datuen berri daukat; Unibertsitateaz kanpoko Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) 2020an kaleratutakoak dira. Datu horien arabera, Lehen Hezkuntzan ikasleen %20,7 dira biktimak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan %17,8; bostetik batek-edo jasaten du eskola indarkeria. Hala ere, nire ustez gehiago dira. Zenbat ume daude ezer esaten ez dutenak? Bat ni izan nintzen, adibidez. Datuetan jasotakoak erregistratutakoak dira, baina zenbat dira erregistratu gabekoak? Pila bat.
Zenbakiak horren handiak izanda, asko dago oraindik hobetzeko, ezta?
Orain dela urte batzuk, bullyng-az ez zen hitz egiten; orain bai, horri aurre egiteko programa pila bat sortu dituzte, baina datuak okerrera doaz. Erabiltzen ari garen programak ez dira ebidentzietan oinarritutakoak, ez dira ari funtzionatzen; ez dira funtzionatzen dutela frogatutako hamahiru horietakoak.
Zero Indarkeria Ausarten Kluba doako proiektua dela nabarmendu ohi duzu.
Diru publikoarekin lagundu zen programa, eta beraz, ez da ezer ordaindu behar martxan jartzeko; beste horrelako programa asko oso garestiak izaten dira. Eskolaren batek proiektura batzeko interesa baldin badauka, nirekin harremanetan jar daitezke edo Ikas Komunitateen Sareko norbaitekin. Plangintza bat egiten dugu, eta martxan hasten gara.
Bikaintasunez gainditu duzu tesia.
Kostatuta, baina bai. Hiru urteko lana izan da. Egia esan, pila bat disfrutatu dut tesia egiten. Ikusi dut oso ondo funtzionatzen duela Zero Indarkeria Ausarten Klubak; izugarria iruditzen zait zer emaitza ematen dituen. Umeek esaten didate: "Hau beharrezkoa dugu".
"Irakasleek borondate onenarekin jokatzen dute, baina min egiten zidaten. Zientzia ere behar da hezkuntzan, borondate ona ez da nahikoa", esan zenuen. Hain urgentea al da ebidentzia zientifikoak hezkuntzan integratzea?
Bai, funtsezkoa da. Ideia hau nabarmenduz amaitu nuen doktore tesia: "Borondatea 10ekoa baldin bada, baina aplikatzen duzuna ez badago zientzian oinarrituta, 10x0 = 0. Zure borondatea 10ekoa bada, eta aplikatzen duzuna kalitatezkoa baldin bada, 10ekoa, emaitza 100ekoa izango da".
Hasi al dira inguruko ikastetxeetan eredu hau aplikatzen?
Bai. Gero eta gehiago ari da zabaltzen. Arazoa formazioa da. Batzuk hasten dira Zero Indarkeria Ausarten Kluba lantzen, eta esaten dute ez duela funtzionatzen. Funtziona dezan, irakasleek etengabeko formazioa behar dute. Denbora horretan inbertitzea da gakoa, lehentasuna horri ematea.
Goi mailako aldizkari batean zure tesiko artikulu bat argitaratu zuten. "Nire tesia desprestigiatzen saiatu zirenek inoiz ez dute lortu kalitate horretako aldizkarietan argitaratzea", idatzi zenuen. Nor saiatu da hori egiten?
Tesia abuztuan bukatu nuen, eta irailean depositatu. Hamabost egunez irekian egoten da, edonork ikus dezake eta doktore den edonork esan dezake zerbait; akatsen bat aurkitu edo zerbaitekin ados ez dagoela jakinarazi. EHUko irakasle batek hori egin zuen, eta geldiarazi egin zuen prozesua. Hainbat gauza esan dituzte nire tesiaren inguruan, baina hark esaten zuen ez zuela kalitate nahikorik, besteak beste. Hainbat bilera egin zituzten, eta EHUk erabaki zuen baietz, bazuela kalitatea. Azkenean, martxoan defendatu nuen tesia.
Bikaintasunez ez al zenuen, bada, gainditu?
Bai, bai. Bikain nota jarri zidaten, eta tesian oinarritutako bi artikulu argitaratu ditut dagoeneko inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan; gainera, gehiago etorriko direla aurreikusten dut. Tesiak kalitaterik ez zuela esaten zuen pertsonak goi mailako aldizkari batean argitaratutako artikulu zientifiko bakarra dauka (Web of Science), eta nik jada zortzi dauzkat ranking horretan.
Zerbait gehiago aipatu nahi al duzu?
Unibertsitatea oso basatia da; indarkeria handia dago unibertsitatean ere. Tesia bukatu ostean prozesua bertan behera uztekotan egon nintzen, atzera bota zidatelako. Eta orduan bai izan nuela atzean ausarten klub indartsu bat: Bizi eta CREA ikerketa taldeetako nire lankideen babes izugarria jaso nuen. Hori eduki izan ez banu, ez nukeen bukatuko. Amaitzeko, horixe nabarmendu nahiko nuke: txikitan ez nuela izan Zero Indarkeria Ausarten Kluba, baina gaur egun klub indartsua daukadala ondoan, eta horiei esker iritsi naizela orain nagoen lekura.