Aire (H)ari bikotearen emanaldiarekin hasiko da etzi, osteguna, Udako Musika Printzak egitasmoaren bosgarren aldia, Magdalenako ermitan. Hantxe aurkeztu dute 2025eko edizioa gaur goizean Leire Sarasua udaleko Kultura batzordeburuak eta Ignacio Arakistain musikariak, Joseba Zabaleta Oiartzungo Organozaleak taldeko kideak eta Easo Sinfoniettako Lucia Arzallusek eta Iker Bilbaok lagunduta.
Ez ohiko musika eskaintzaz ez ohiko agertokietan eta aire zabalean gozatzeko aukera izango dute aurten ere ikus-entzuleek uztaileko hiru gautan, Arakistainek sustatu eta Azpeitiko Udalak Kulturazekin antolatzen duen egitasmoan. Aurten ere hiru emanaldiko zikloa osatu dute, eta kontzertu guztiak 21:00etan hasiko dira. Etziko estreinaldiaren ostean, datorren astean izango dira beste bi emanaldiak, eta Enparan dorretxearen atzeko zelaian egingo dituzte biak: Easo Sinfonietarena hilaren 17an, osteguna: eta Mucalinda flamenko hirukotearena hilaren 18an, ostirala.
Prestatu duten eskaintzarekin herritarrei "bidaia bat" proposatu nahi dietela esan du Arakistainek, "bidaia bat musikara, bidaia bat ondarera". Aurtengo kartelaz ere hitz egin du egitasmoaren sustatzaileak: aurreko edizioetakoak Pablo Soraluzeren artelanetan oinarritutakoak izan badira, Miriam Quintanaren margolan bat dago aurtengoaren oinarrian. Udalaren eta Kulturazen laguntza eta babesa eskertzerakoan, berriz, bereziki eskertu nahi izan Arakistainek erretiroa hartzear den Pili Arrieta udaleko Kultura saileko teknikariaren lana.
Oiartzungo parrokiako harmoniuma
Egitasmoa sustatzeaz eta antolatzen aritzeaz gain, egitarauaren parte izango da aurten ere Arakistain. Azpeitiarrak eta Oscar Rodriguezek osatzen dute, hain zuzen, ostegunean Magdalenan ariko den Aire (H)ari bikotea. Arakistain pianoan dela eta Rodriguez harmoniumean, Bach, Franck, Widor edo Wagner bezalako egile handien piezak eskainiko dituzte etzi XIV. mendeko ermitaren atarian.
XX. mendearen erdi aldera arte herri gehienetako elizetan oso ohiko instrumentua izan ondoren, Euskal Herrian galbidean den musika tresna da harmoniuma, organoaren ahaide xumea, nolabait esatearren. Aire (H)ari bikoteak, ordea, kontzertuetarako berreskuratu dute. Orain Azpeitian emango duten kontzertu berbera joan den azaroan eman zuten lehen aldiz Oiartzunen (Gipuzkoa); eta, hain zuzen ere, hango parrokian aurkitutako harmonium zaharberritua ekarriko dute Oiartzundik Azpeitira, Udako Musika Printzakeko kontzerturako. Oiartzungo Organozaleak elkartekoen ekimenez zaharberritu zuten musika tresna hori. Elkarte horretako kide da Zabaleta; harmoniumez oro har, eta etzi Azpeitian entzuteko aukera izango den tresnaren historiaz aritu da gaur Magdalenan. Izan ere, 2020an Oiartzungo elizan pitzadurak agertu ondoren hango organoa tokiz mugitu zutenean aurkitu zuten harmonium hori; organoa zaharberritzea erabakia zuten, eta ahaide txikiarekin gauza bera egitea pentsatu zuten.
Harmonium bat martxan ikustea "berezia" da, Arakistainen esanetan, eta Udako Musika Printzaken lehen kontzertua entzutera joateko beste arrazoi bat izan daiteke hori. Ostegunean Azpeitian aritu ondoren, larunbatean Altzon (Gipuzkoa) uztartuko dituzte pianoa eta harmoniuma Aire (H)arikoek
Orkestra txikia eta flamenkoa
Datorren asteko ostegunean eta ostiralean Enparan dorretxe atzeko zelaia bihurtuko da auditorium. Udako Musika Printzak egitasmoaren barruan lehen aldiz, musika sinfonikoaz gozatzeko parada izango da uztailaren 17an, Easo Sinfoniettaren eskutik. Orkestra txikia osatzen dute Donostiakoek, 25 lagunekoa; baina Udako Musika Printzaken ohikoak diren formatuekin alderatuta, talde handia da hori.
Easo Sinfonietta duela bi urte sortu zuten, eta musika ikasleak eta musikari profesionalak elkarrekin aritzen dira bertan, Bilbaok eta Arzallusek azaldu dutenez. Ildo horretan, musikari gazteei eta proposamen ez hain ezagunei plaza eskaintzea ere badela Udako Musika Printzaken ezaugarria ekarri du gogora Arakistainek. Enparaneko zelaian, Carl Reinecke alemaniarraren Flautarako kontzertua eta Manuel de Falla espainiarraren El amor brujo pantomima eskainiko ditu Easo Sinfoniettak. De Fallaren obra emateko, Mireia Galarzaren laguntza izango dute musikariek; azpeitiarrak egingo ditu narratzaile lanak, euskaraz egin ere, El amor brujo-ren emanaldiei dagokienez "ez ohiko zerbait", Arzallusek azpimarratu duenez.
Orkestra musika estreinakoz entzungo da aurten Udako Musika Printzaken, eta flamenkoa ere bai. Mucalinda hirukoteak itxiko du aurtengo zikloa, hilaren 18an. Arakistainek aurkezpenean azaldu duenez, flamenko "purua" baino, "fusioa" jorratzen dute Daniel Ayala eta Igor Iturria gitarristek eta Alvaro Urbano perkusionistak; tartean, baita esuakl doinuen bertsioak ere. Sustatzen duen egitasmoaren barruan "ate berri bat" irekitzea iruditzen zaio Arakistaini flamenkoari tokia egitea. "Jazza eduki dugu, inprobisazioa, koruak eduki ditugu, kutsu artistikoagoa izan duten emanaldiak... Niretzat ziklo hau beti da esperimentaziorako lekua, urteko programazioan ohikoak ez zaizkigun gauzak ekartzeko eta jendeari aurkezteko lekua", adierazi du Arakistainek, ez ohiko gauza horiek aurkezteko formatuak jendearentzat erakargarriago bihurtzen dituela gaineratuz: "Produktua ez dugu gordinik aurkezten, sukaldatu egiten dugu".
Errotutako egitasmoa
Sarasuaren esanetan, "urtez urte indarra hartzen" ari den egitasmoa da Udako Musika Printzak, "uztaileko agendan errotuta" dagoena. Kontzertuen ez ohiko kokalekuek egitasmoari eransten dioten xarma nabarmendu du Kultura zinegotziak: "Uste dut herritarrentzat gustagarria dela, musika entzuteaz gain, horrelako toki berezietan gau giro politean gozatu ahal izatea". Aurten, urrutira joan gabe, flamenko doinuak entzuteko aukera ere izango den arren, musika klasikoaren eremuan kokatzen dira nagusiki Udako Musika Printzak, eta musika estilo hori entzuteko ohitura ez dutenak gonbidatu nahi izan ditu bereziki gaur Sarasuak. "Seguruenik sorpresa bat izango da beraientzat, bai musika bera entzutea, musikari gazteak entzutea, eta horrelako toki politetan entzutea".
Bosgarrena azkena ez izatea espero dute bai Arakistainek, bai udal ordezkariek. Seigarren aldirako kokapenak erabakitzeke dituzte, baina "oraindik ez zaizkigu Azpeitiko txokoak gastatu", esan du musikariak, herritar batek baino gehiagok kalean kontzertuetarako tokiak proposatu izan dizkiotela gaineratuta.
Egitaraua
Etzi, osteguna
- 21:00. Aire (H)ari bikotearen piano eta harmonium kontzertua, Magdalenako ermitaren atarian.
Uztailaren 17a, osteguna
- 21:00. Easo Sinfoniettaren emanaldia, Enparan dorretxe atzeko zelaian.
Uztailaren 18a, ostirala
- 21:00. Mucalinda flamenko hirukotearen kontzertua, Enparan dorretxe atzeko zelaian.