Enpresa txiki eta ertainei berrikuntza teknologikoko prozesuetan laguntzeko Betek izeneko proiektu pilotua garatu dute Urola Erdian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Iraurgi Berritzen agentziak, eta bailarako zortzi enpresak parte hartu dute egitasmoan; zehazki, hauek: Diatec International Tools (Dtools), Frios Oiz, Ibiltek, Kuari, Harakai, Erlo Group, Ogi Eder eta Caldereria CPK. Enpresek "garatzen dituzten prozesu eta produktuetan teknologia berriak txerta ditzaten" du helburu Betek proiektuak, Jaione Valverde Iraurgi Berritzeneko enpresa teknikariak azaldu duenez. Izan ere, haren esanetan, ezinbestekoa da enpresak teknologia berrien prozesuetan gaitzea, lehiakor izaten jarrai dezaten.
Jon Gurrutxagak zuzentzen duen aldundiko Berrikuntza sailak sortu zuen proiektua, eta Iraurgi Berritzen arduratu da egitasmoa Urola Erdian bideratzeaz. Hala ere, Beteken atzean agente gehiago daude inplikatuta, Valverdek zehaztu duenez. Innobasque, BRTA eta Tknika izan dituzte bidelagun.
Iraurgi Berritzeneko enpresa teknikariak adierazi duenez, antzeman zuten Gipuzkoako enpresa txiki eta ertain batzuek "hutsuneak" dituztela berrikuntza teknologikoaren arloan, batez ere baliabide teknologikoari eta gaitasun estrategikoari dagokienez. Eta enpresetako arduradunekin lansaioak egiten hasi zirenean, zehazki, hiru ardatzen baitan nabaritu zituzten gabeziak: berrikuntza teknologikoan jarduten duten eragile eta adituen ezagutza faltan, berrikuntza planen eta horiek garatzeko estrategien gabezian eta bezeroei berrikuntza teknologiko zehatzen bitartez erantzuteko zailtasunetan.
Jaione Valverde: "Ikusi dugu berrikuntza teknologikoarekiko jarrera positiboagoa dutela orain, egiaztatu dute horrelako prozesuak garatzeko gai direla"
Horiei irtenbidea ematea izan zen Betek sustatzeko arrazoi nagusia. 2024ko maiatzean abiatu zuten prozesua, eta lehenengo fasea amaitu dute jadanik. Proiektu pilotuaren arrakasta egiaztatuta, beraz, aurrerantzean Beteken proiektu pilotu berriak jarriko dituzte martxan, 2026an Gipuzkoa osora zabaltzeko xedez. "Proiektu hau sistematizatzeko eta beste eskualdeetara zabaltzeko azterketa bat egiten ari gara orain proiektu pilotuan parte hartu dugun eragileok, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritzapean eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin elkarlanean", adierazi du Valverdek.
Etorkizunerako prest
Betek proiektuaren barruan, aipatu agentzietako adituek hainbat bisita egin dituzte enpresa bakoitzean. "Lehenengo bisitan, Iraurgi Berritzenetik enpresen berrikuntza maila aztertu genuen, eta behar teknologikoak identifikatu genituen. Behar horiei erantzuteko, berrikuntzan adituak diren eragile desberdinekin koordinatu genituen enpresak. Beste bisita batean, BRTA eta Tknikako adituekin batera, identifikatutako aukerak landu eta irtenbide espezifiko batzuk proposatu zituzten. Eta, azkenik, berrikuntza teknologikorako ibilbide orri pertsonalizatu bat aurkeztu zitzaien", azaldu du Valverdek.
Proiektuaren eragina egiaztatzeko, enpresek ibilbide orriak zehazten dituen pausoak bete beharko dituzte; hala ere, orain arte egindako lanean oinarritutako zenbait ondorio aletzeko moduan dago Iraurgi Berritzen. "Ikusi dugu berrikuntza teknologikoarekiko jarrera positiboagoa dutela orain, egiaztatu dute horrelako prozesuak garatzeko gai direla. Zenbait enpresatan, gainera, ekintza zehatz batzuk definitzea lortu dute; adibidez, soldadura prozesuen automatizazioan aurrera egitea erdietsi dute batzuek", agertu du garapen agentziako enpresa teknikariak.
Teknologia etengabe eta abiadura azkarrean berritzen da, eta enpresek, lehiakor izan nahi badute, ez dute haren erritmora doitu beste alternatibarik. Bada, Valverderen ustez, Betek proiektuan parte hartu duten zortzi enpresek "etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta gaitasun tekniko gehiago" dituzte orain. "Ikasketa prozesu bat izan da hau guztia", ziurtatu du.
Bidea egiteko iparrorratza
Ibiltek izan da proiektuan parte hartu duen enpresetako bat. Idoia Imaz administrariak kontatu duenez, Ibiltekek aspalditik du teknologia bere lanaren egunerokoan txertatuta. "Makina bereziak egiten ditugu, eta une oro ari gara teknologia berrien inguruan informatzen eta horiek gure makinetan aplikatzen", baieztatu du. Aitortu du, baina, teknologia etengabe garatzen ari dela kontuan izanda, aurreikusten zutela zenbait hutsune izan zitzaketela etorkizunean, adibidez, makinen zibersegurtasunaren edo ekodiseinuaren alorretan. Betekekin abiatutako prozesuaren barruan, alor horiek hobetzeko epe labur, ertain eta motzeko helburuak finkatu zituzten. Gainera, Imazek azaldu du olioa garbitzeko sistema bat garatzeari ekin ziotela duela urte batzuk, baina bertan behera utzi zutela. Orain, egitasmo hori berreskuratu dute.
"Goiz da emaitzak ikusteko, baina proiektu honi esker ideiak oso argi ditugu, azken finean, ibilbide orriari esker badakigu zeintzuk diren eman beharreko pausoak. Badakigu, beraz, zein aholkularik lagun gaitzakeen, zer diru laguntza eska dezakegun edo zer formakuntza behar dugun. Gure esku dago orain ibilbide orri honi etekina ateratzea, baina etorkizunera begira ziur gaude balioko digula", balioetsi du Ibiltekeko administrariak.
Idoia Imaz: "Goiz da emaitzak ikusteko, baina proiektu honi esker ideiak oso argi ditugu, azken finean, ibilbide orriari esker badakigu zeintzuk diren eman beharreko pausoak"
Alex San Juan Diatec enpresako arduradunak ere Betek proiektu pilotuaren balorazio positiboa egin du. "Identifikatu ahal izan dugu zer hobe dezakegun, eta ikasi dugu nola automatizatu edo estandarizatu ditzakegun prozesu batzuk", adierazi du.
Zehatzago, Beteken bitartez, soldadurako prozesuetako tenperaturaren analisiak estandaritzatzen ari direla azaldu du. "Lehen alor zehatz batzuetan galduta sentitzen ginen, baina orain badakigu nondik jo. Beraz, hobekuntza zuzen bat baino gehiago, bide bat markatu digu honek", agertu du San Juanek.