Bigarren umea bakarrik uzteko zorian

Aitziber Arzallus 2025ko uzt. 17a, 09:36

Manolo Aizbitarte 'Maolo' gitarra eskuetan duela, Azpeitiko Dinamoan. (Maialen Etxaniz)

Manolo Aizbitarte Maolo-k duela bi urte kaleratu zuen bakarkako aurreneko lana, Komantxe, eta prest du bigarrena: Umie ez utzi bakarrik. Bost abestiz osatutako bilduma egunotan jarriko du sareko plataformetan entzungai.

Manolo Aizbitarte Maolo 14 urterekin hasi zen gitarra jotzen, eta 58 urte betetzear dela, musika sortzeko grinari oraindik bizi-bizirik eusten dio azpeitiarrak. Jotakie talde mitikoan hasi zuen ibilbidea, eta haren atzetik, beste hainbat proiektutan ere ibili zen; besteak beste, Fundiziyue, Mesias Berriak eta M taldeetan. Azken urteotan bakarka ari da, halabeharrez. Taldean jardutea gehiago gustatzen zaiola aitortu arren, lanak eta bestelako betebeharrek ez diote horretarako aukerarik lagatzen. Baina gorputzak musika sortzeko eskatzen dio, taldean ez bada, bere kasa. "Hori dut egunerokoari aurre egiteko terapia; lanetik etxera leher eginda iristen naiz, baina musika egiteko gogoz eta ilusioz". Eta aukera izanda, nola egingo dio uko behar horri? Oraintxe bi urte kaleratu zuen bakarkako aurreneko lana, Komantxe, eta prest du bigarrena: Umie ez utzi bakarrik.

Izen deigarria jarri dio, inondik ere. "Ez nekien diskoari zer izen jarri, eta abesti baten izena erabiltzea pentsatu dut, nahikoa ondo definitzen duelako bost kantuen tematika". Bildumari izena ematen dion abestiak gurasotasuna du hizpide. "Umeak izaten ditugunean, haiei geure ustetan biderik onena dena erakutsi nahian hasten gara, baina, azkenean, egoskorrean, haiek geure erara moldatu nahian bukatzen dugu. Gaizki. Bakean laga behar zaiela iritzi diot nik, bakoitzak egin dezala bere bidea, bakoitzak har ditzala hartu beharreko kolpeak, baina norbera izan dadila nahi duena eta norberak egin dezala nahi duena".

Gainontzeko abestien hitzak ere gaur egungo gizarteari begira jarrita idatzi ditu. "Nolakoak garen, nolakoak izan nahi dugun, nahi genukeen modukoak izateko gai ote garen, nola epaitzen ditugun besteak, nola epaitzen gaituzten gu, nola kontrolatzen gaituzten... Gisa horretako kontuez hitz egiten dute kantuek; azken batean, oraingo munduko tontakeriez". Komantxe kaleratu zuenetik igaro den bi urteko tarte honetan sortu ditu argia ikustear diren abesti guztiak, bere etxen, bere erara. "Poliki-poliki joan naiz, libre izan ditudan tartetxoak aprobetxatuta: egun batean ordubete, hurrengoan bi... Arratsalde batean grabatzen nuen zerbait, astebete hari bueltaka ibiltzen nintzen, eta hurrengoan, joan eta agian dena ezabatzen nuen. Atzera-aurrera askoko prozesua izan da, baina gustura jardun dut".

Emaitza bost abestiko bilduma batera mugatu duen arren, berez askoz kantu gehiago zituen eginda. "Abesti pila bat egin ditut, hamabost edo hamasei bai, baina zerbait txukuna kaleratu nahi nuen, eta horretarako, saiatu naiz elkarren artean koherentzia pixka bat duten abestiak aukeratzen". Ondoren, hautatutako bost horiek mimatzeko aparteko ahalegina egin du, bihotza jarrita eta ordu asko eskainita.

Aizbitarteren bakarkako bigarren lana hein batean aurrenekoaren jarraipena den arren, bataren eta bestearen artean ageriko desberdintasunak badirela nabarmendu du sortzaileak berak. "Berrikuntza handiena bezala esango nuke bigarren bildumako doinuak, oro har, lehenengokoak baino alaiagoak direla, baita dantzagarriagoak ere. Areago, ausartuko nintzateke esatera bost kantutatik lau dantza egiteko modukoak iruditzen zaizkidala".

Diskoa sortzeko prozesu ia guztia bere kabuz gauzatu du, aurreko bildumarekin egin zuen bezalaxe, baina oraingoan ere azken ukitua emateko kanpoko laguntza izan du. Komantxe-ko abestien masterizazioa Ultramarinosen egin zuen; Umie ez utzi bakarrik-eko abestiena, aldiz, 2noisy estudioko Oihan Lizasoren esku utzi du, eta emaitzarekin "oso gustura" gelditu da Aizbitarte. "Sekulako lana egin du eta izugarrizko jantzia eman die kantuei, beste gorputz bat hartu du diskoak".

Plataformetan entzungai

Umie ez utzi bakarrik aste honetan bertan jarriko du Interneteko plataformetan edonorentzat entzungai, eta oraingoan, formatu digitalean ez ezik, fisikoan ere kaleratuko du bilduma. «Kopia gutxi batzuk ateratzea erabaki dut, baina ez saltzeko intentzioarekin, lagunen eta inguruko jendearen artean banatzeko baizik». Imanol Aizbitarte semearen laguntza izan du horretarako, hark egin baitu diskoaren azala.

Aurkezpen kontzerturik egiteko asmorik baduen galdetuta, momentuz ezezkoan dagoela erantzun du, baina ez egiteko gogorik ez daukalako, nahi lukeen bezala prestatzeko astirik izango ez lukeelako baizik. "Aurkezpena prestatzen hasi izan banintz, asko atzeratuko zen dena, eta iruditzen zitzaidan lehenbailehen argitaratu beharra neuzkala abesti hauek; izan ere, dagoeneko ari naiz berriak sortzen". Ondo bidean, beraz, hilabete batzuetako kontua izango da Maolo beste proiekturen bat esku artean duela azaltzea, bakarka, taldean edo, ez jakin, agian beste formaturen batean, haren sormen gaitasunak ez baitu mugarik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide