Buztinzuriko Errebalean, Elurra tabernaren gainean, jaio zen Xabier Aldalur (Azpeitia, 1990), baina 4 urte egin zituenerako Damaso Azkue auzunera joan ziren bizitzera. Bizitokiz lekualdatu eta gutxira hasi zen pilotan, eta ordutik du lotura Ilunpe pilota elkartearekin. Aitaren pilotarako zaletasunak eraginda hasi zen pilotan jokatzen 6-7 urterekin. "Aita kirol kazetaria izanda, batik bat herri kirolaren eta pilotaren bueltan ibili zen, eta hark eragin zidan esku pilotarako zaletasuna", esan du. Ikasketak bukatu arte jokatu zuen esku pilotan, gustura gainera. "Lagunarte ederra geneukan" esanda gogoratu ditu esku pilotan ibilitako garaiak.
Jokatzeari utzi eta Ilunpe pilota elkarteko zuzendaritza batzordean sartu zen Aldalur, eta gaur egun ere jardun horretan segitzen du. "Keuttin-ek [Jesus Ruiz de Argandoña] eta harekin batera ibiltzen zirenek Ilunpeko zuzendaritza laga egin zuten. Ordurako, adin beretsukoak ginenok bagenuen kluba aurrera eramateko gaitasuna zuen talde majoa, eta elkartearen antolaketari heltzea erabaki genuen". Hamalau lagun inguruko taldea zen, Aldalurren arabera, eta batzordearen lehenengo bilkuran banatu zituzten ardurak eta egitekoak. Haiek kluba zuzentzeko lekukoa hartu zuten gisan, testigua eskuz aldatzeko bidea urratzen ari dira orain. "Ilunperen zuzendaritza batzordeko batzuek utzi dute jarduna hainbat arrazoi tarteko, eta haiek utzitako lekua belaunaldi gazteagoetako beste lagun batzuk ari dira hartzen, batzordean errelebo natural bat egon dadin".
Ilunpe pilota elkartean, pilota profesionaleko jaialdiak –saninazioetakoak, txapelketa nagusietakoak...– antolatzea eta pilota enpresekin harremana izatea da Aldalurren egitekoa, baita bi astetik behin pilota eskolakoen partidetan epaile aritzea ere. Gustuko tokian aldaparik ez, eta pilota gogoko duenez, jarduera boluntario horrek gozarazi egiten du Aldalur. Dena den, jokatu-jokatu, esku pilotan dagoeneko ez du jokatzen, baina palaz lagunartean ibiltzea gogoko du. "Astean behin lau bat lagun saiatzen gara palaz jokatzeko gelditzen".
Mutil altua da Aldalur, baina inoiz ez du saskibaloian jokatzeko saiakerarik egin, eskola atarian ez bada. "Lagunek eduki genuen horrelako boladatxo bat, bazkalondoren, eskolara itzuli aurretik, saskibaloian ibiltzekoa. Bere batean nahiko txukun moldatzen nintzen saskibaloian, baina ez nion segidarik eman". Kirolzalea bada, eta ezertan izena eman gabe ere, bere kasa kirola egiteko borondatea duen pertsona klasea. Gustatu egiten zaio kirola egitea: "Gogoaren arabera egiten dut kirol bat ala bestea; gaur egun, mendira eta gimnasiora joaten naiz batik bat. Ordenagailu aurreko lanak eragindako lepoko minak arintzeko balio zuela-eta pilatesen ere ibili nintzen, eta gustua hartu eta tonto-tonto hiru bat urte egin nituen; orain lagata nago".
Lan mundurako atea
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatura ikasi zuen EHUn, eta ikasketak bukatu orduko hasi zen lanean. "Inertziaz" aukeratu zuen unibertsitatean zer ikasi, baina ez du damurik. Ikasketak berak uste baino teorikoagoak izan zirela azaldu du, eta ez zitzaizkiola asko gustatu. Lan munduan ateak ireki dizkio ikasitakoak, ordea, eta egiten ari den ibilbidearekin eta lanarekin gustura dago.
Jende gehienak hala uste duen arren, Aldalur ez da Azpeitiko Bertan merkatari elkartearen teknikaria. "Azpeitian jende gehienak Bertanekin lotzen nau. Logikoa da, Azpeitian ikusten nautelako, baina ni Dendarteaneko teknikaria naiz. Dendartean elkarteak Gipuzkoako merkatari elkarteak batzen ditu, tartean Azpeitiko Bertan, eta bulegoa ere Azpeitian daukagu. Azpeitiko kasuan bezala, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere jarduten dut merkatarien kanpainetan laguntzen; esaterako, ekainaren 14an Arrasateko Tripaki Festan jardun nuen lanean, Gipuzkoako ekitaldia zelako". Kuadrillako batzuk ere orain gutxi jakin dute Aldalur Dendarteaneko langilea dela: "Haiek ere uste zuten Bertaneko langilea nintzela".
Unibertsitateko ikasketak 2013an bukatu zituen Aldalurrek, eta hurrengo urtean, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Merkataritza Banaketa graduondoa egin zuen Bilbon. Hiru hilabeteko ikastaro hura bukatutakoan, urtebetez merkataritza munduan lan egiteko beka lortu zuen azpeitiarrak, eta horretarako herritik gertuena sortu zitzaion aukera Zarauzko merkatari elkartekoa izan zen; hantxe gauzatu zuen bekaldia. Behin urtebetez Zarautzen lanean jardunda, toki berean jarraitzeko aukera sortu zitzaion, gainera: "Zarauzko merkatari elkarteko teknikariak urtebeteko eszedentzia hartu zuen, eta haren lekuan gelditzea eskaini zidaten". Segidan hasi zen Dendarteanen, baita Azpeitiko Bertan merkatari elkartearentzako lan batzuk egiten ere. Ordutik, tokian tokiko merkataritzari lotuta jardun du Aldalurrek.
Azken 10-11 urteetan merkataritza nola aldatu den gertutik jarraitu du Aldalurrek, eta aldaketak nabarmenak dira haren ustez. "Gaur egun gure txikitasunetik, herriko tokikotasun horretatik, mundu mailan lehiatzen ari gara. Orain dela 11 urte, akaso, denden edota udalerrien arteko konpetentzia gehiago zegoen, eta gehienez ere, hiriburua, Donostia, ikusten zen konpetentzia bezala. Gaur egun, konpetentzia munduko edozein tokitan dago". Horren aurrean zer egin? Garbi dauka Aldalurrek. Haren ustez, bi aldetatik eragin beharko da: alde batetik, merkatariek gaur egun kontsumitzaileek dituzten joera berrietara egokitu beharko dute; eta bestetik, herritarrak kontzientziatu beharko dira herrian erosteak duen garrantziaz. "Ezin da herritar bat %100 herrian erostera bultzatu, baina gutxienez, zerbait erosteko asmoa duenean aurrena herriko saltokietan begiratu dezala".
Urtea joan eta urtea etorri, gero eta denda gehiago ari dira ixten, baina dendarik gabeko herririk ez duela ezagutuko uste du Aldalurrek. "Beti egongo dira denda batzuk irekita, eta gainera, lehen etxebizitzetan zeuden hainbat zerbitzu kalera jaisten ari dira, hala nola ile apaindegiak, estetika zentroak, dentistak, masajistak... Beste mota bateko negozioak gehiago ikusiko ditugu kaleetan".
Kaleak biziak dendek, tabernek eta herritarrek egiten dituzte batez ere, eta Aldalur bada kalezalea. "Errebalean, kale-kalean jaio nintzen. Bizimodua ere beti kalean egin izan dut, eta asko gustatzen zait kalean ibiltzea. Kaleko bizitza egin dut merkataritzan aritzeaz haratago". Gainera, lehen aldean gehiago ibiltzen da kalean txakurra ekarri zuenetik. "Kale buelta asko ematen ditugu txakurrarekin batera eta bestera. Ni beti izan naiz kalezalea, eta gurasoak ere hala dira".
Ez da inoiz "bereziki animalia zalea" izan Aldalur, baina orain dela lau urte txakurra ekartzea erabaki zuten bikotekideak eta biek, eta ordutik "animalia zalea" dela dio: "Txakurra eduki arte ez nukeen sekula pentsatuko zenbaterainoko kariñoa hartzen zaien. Azkenean, ardura batzuk hartu behar dira, tokatzen da txakurra pasieran ateratzea eta, baina bueltan ematen duena izugarria da".
Gaur egun txakurra ateratzen du pasierara Aldalurrek, baina garai batean Azpeitiko erraldoiak ateratzen zituen kalejiran. "Saltsa guztietarako izena ematen dugunak gara, eta 18 bat urte genituenean Azpeitiko erraldoien eta buruhandien konpartsan ibili nintzen kuadrillakoekin. Gidabaimenak bagenituen, eta Azpeitian kalejiran ibiltzeaz gain, beste herri batzuetara ere joaten ginen: Oriora, Legazpira...".
Kalejiran erraldoiak ibili bai, baina haiekin ahalik eta dantza gutxien egiten saiatzen zirela aitortu du: "Alfer samarrak ginen dantzarako". Dena den, jardun horrek festa giroan ibiltzeko eta "diru pixka bat" irabazteko balio ziela dio. Normalean, kalejiran erraldoiak ibiltzen zituen Aldalurrek, eta gutxien estimatzen zutena erraldoi txinatarra zen, "pisutsuena" zelako.
Festazalea ere bada Aldalur, eta herrikoetatik gogokoenak "zalantzarik gabe" karnabalak ditu. "Badago karnabalak eskiatzera joateko aprobetxatzen dituen jendea, baina niri festetan herrian gelditzea gustatzen zait", adierazi du. Herritik kanpoko festei dagokienez, sanferminak aipatu ditu.
Japoniako "tia"
Festa bai, baina bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea ere asko gustatzen zaio Aldalurri. Ia 30 urtean beren etxean hartu duten Hiromi Yoshidaren herrialdea ez du aspaldi ezagutua Aldalurrek. "Nik tia moduan hartu izan dut beti Hiromi. Oker ez banago, 7 urte nituenetik urtero etorri izan da gure etxera, urte batzuetan baita bi aldiz ere". Japoniar bat etxean apopilo edukitzeak zenbaiti harridura sortu izan diola azaldu du Aldalurrek: "Gure etxean euskaraz hitz egiten duen japoniar bat egoten dela esandakoan asko harritzen da jendea. Dena den, azken urteetan Japonia modan jarri da, jende asko ari da hara bidaiatzen, eta Euskal Herrian lehen baino gehiago dugu orain hango kulturaren berri. Garai batean, oso kultura itxiaren traza hartzen zitzaion Japoniakoari, eta jendeari kuriositatea sortzen zioten Hiromik izan zitzazkeen ohiturek".
Aldalur iazko udan joan zen aurreneko aldiz Yoshidaren etxera, bikotekidearekin batera, eta asko gustatu zitzaien ezagutu zutena: "Hiromik bere jaioterriari buruz kontatutako guztia halaxe zela ikusi genuen: oso txukuna da dena, garbia; metroan denak isil-isilik joaten dira, errespetuz... Harrigarria da hainbeste jende bizi den hiriburu batean, kalean hain seguru ibili ahal izatea". Argi du Aldalurrek noizbait Japoniara itzuliko dela oporretan.
Japoniara bezalako bidaia luzeak ez ditu asko egin Aldalurrek, baina bai bestelakoak. Horrelakoetan, "nahi gabe" dendetan, kaleetako merkataritza guneetan edota tabernetan jartzen du arreta, eta Aste Santuan Suitzara egindako bidaiaren adibidea jarri du: "Basileara joan ginen. Leku turistikoagoa izango zela pentsatzen genuen, jaiegunetan ere saltokiak irekita izango zirela, baina bai zera! Jaiegunetan dendak erabat itxita zeuden. Kaleetan jendea bazebilen, baina nonbait merkatariak ez dira horretaz aprobetxatzen". Aldalurren arabera, adibide horrek adierazten du Basileako merkatariak bertako bizilagunekin eta bezeroentzat bizi direla, haientzako egiten dutela lana. Japonian, ordea, bestelako eredu batekin egin zuen topo: "Goraka eraikitako hiriak dira Japoniakoak; hamabost solairuko eraikin batean goiko solairuetan daude dendak, jatetxeak... Euskal Herriko ereduarekin alderatuta, erabat desberdina da hangoa".
Herriak, kaleak, herriko merkatariak, bertakoak... sustatzeko eta merkataritza molde berrietara egokitzen laguntzeko egiten du lan Aldalurrek, eta gustura dago egiten ari den ibilbidearekin. Txakurrarekin kalean pasieran, kalean festan edota kalean lanean, aurkitu erraza da. Frontoian, berriz, epaile ala partida antolatzaile.