Endika Arizmendiarrieta: "Enduroan fisikoki ondo egon behar duzu"

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 23a, 09:15

Endika Arizmendiarrieta, Arauntza Riders taldeko txirrindularia. (Utzitakoa)

Endika Arizmendiarrieta (Markina-Xemein, Bizkaia, 1984) Arauntza Riders taldearekin aritzen da enduroan. Emaitza bikainak lortzen ari da bizikleta lasterketetan.

Zer egiten du Markina-Xemeingo batek Azpeitiko Arauntza Riders taldean?

Markinan ez dugu klubik; ni klub gabe federatu nintzen. Azpeitiko gazteak ezagutu nituen lasterketa batean, eta ondo moldatu nintzen beraiekin. Horregatik erabaki nuen beraiekin federatzea. Gainera, Azpeitiko zirkuitura asko joaten nintzen.

Zer ekarpen egiten dizu talde horretako kide izateak?

Arauntzarekin nabilenetik, espero ez nuen aitortza jaso dut; begira, elkarrizketa bat egiten ari zarete! Nik plazeragatik egiten dut kirol hau, amateur munduan aritzen naiz eta ez dut espero ezer jasotzea, ondo pasatzea besterik ez. Baina aurrekoan Asturiasko lasterketako izen ematea ordaindu zidan klubak podiumean sartzeagatik, eta inork ez dit ezer ordaindu inoiz [barrez]. Dirua gutxienekoa da, detailea da garrantzitsua. Bestalde, tramiteez-eta beraiek arduratzen dira. Eta talde baten parte sentiarazten zaituzte; taldekoak beti aritzen dira zoriontzen eta animoak ematen.

Nolatan hasi zinen bizikletaren munduan? Txikitatik al datorkizu afizioa?

Bizikleta txikitatik gustatu zait; auzoan derrapatzen ibiltzen ginen, edo oholak jarrita saltoak egiten. Egun batean, eskolako gimnasiako maisuak mendi buelta bat antolatu zuen bizikletaz. Nik geroago egin nuen buelta hori, eta asko gustatu zitzaidan. Gerora, Markinako lagun bat jaitsierak egiten hasi zen, eta hark xaxatu gintuen apur bat. 2012an Markinan zirkuitu bat egin nuen, eta 2014 inguruan enduroaren munduan hasi nintzen, zeren, aurretik, enduroa ez zen existitzen. Ordutik, gero eta gehiago ibili izan naiz enduroan, gaur arte. Momentu honetan, lehen baino gehiago ari naiz entrenatzen, konstanteagoa naiz.

Arizmendiarrieta podiumeko lehenengo postura igota, pasa den astean Ermuan jokatu zuen lasterketa irabazi ostean. (Utzitakoa)

Zer desberdintasun daude jaitsieren eta enduroaren artean?

Enduroan, zirkuitu osoan eragiten diezu pedalei. Bizikleta gainean ateratzen gara, lehenengo mendi tontorra igotzen dugu, eta gero jaitsi, hurrengo mendi tontorrarekin berdina egiteko. Normalean, hiru-lau jaitsiera izaten dituzte lasterketek. Jaitsiera horien guztien denborak batuta azkarren egin duen kirolariak irabazten du lasterketa. Jaitsieraren modalitatean, aldiz, bi aldiz jaisten dute bide bera: lehenengo klasifikazio orokorrerako, eta gero finalerako.

"Joan eta lehiatu, horixe egin nuen, eta oso ondo atera zitzaidan"

Lasteketa ona egin zenuen Pola de Sieron (Asturias, Espainia) jokatu zenuten Open Endur Astur Spiuk 2025 txapelketako proban, uztailaren 6an. Hirugarren egin zenuen 40 urtetik gorako lasterkarien artean (Master 40 kategorian), eta zortzigarren sailkapen orokorrean. Nola bizi izan zenuen lasterketa hori?

Lasterketa igande goizean zen, eta zapatu gauean joan nintzen ni hara. Afaldu egin nuen, lotara joan, eta hurrengo egunean lasterketa korritu, ibilbidea ezagutu gabe. Eta inoiz baino lasaiago atera nintzen, nire buruari presio handiegirik sartu gabe eta espektatibak zehaztu gabe. Joan eta lehiatu, horixe egin nuen, eta oso ondo atera zitzaidan.

Beldur punturik ez al zizun eman ibilbidea ez ezagutzeak?

Ez, zirkuitu egokia da a vista [ibilbidea ezagutu gabe] joateko. A vista egin behar duzun zirkuitu batean esaten badizute bidean hamar metroko zuloa duen saltoa dagoela, agian izan dezakezu beldur pixka bat, baina ez zen hori kasua. Zer zetorren ikusi eta horren arabera jokatu nuen; zirkuituak agintzen du zenbat frenatu eta nondik jo. Ibilbidea ezagutzen duzunean azkarrago joaten zara, baina beldurrik ez nuen izan, egia esan.

Nolakoak izaten dira zure entrenamenduak?

Beti esaten dut enduroan erdia baino gehiago alderdi fisikoa dela. Fisikoki ondo egon behar duzu, tarteen arteko igoerak bizikleta gainean egin behar baitira, eta gainera, tarteetan ere malda asko izaten dira. Gero, jaisten segitzeko indarrik ez baduzu, denbora asko galtzen duzu. Horregatik, arlo fisikoa asko entrenatu behar da. Nik astean lau bider entrenatzen dut; enduroan bai, baina jaitsierak entrenatzen nahiz errepidean ere aritzen naiz. Aurten, adibidez, errepidean egin ditut entrenamendu gehienak eta ez dut indarrik galdu; emaitzak, bederen, onak izaten ari dira.

"Nik astean lau bider entrenatzen dut; enduroan bai, baina jaitsierak entrenatzen nahiz errepidean ere aritzen naiz"

Badago zure ibilbidean bereziki eragin dizun lasterketarik?

2021ean Asturiasen korritu nuen lasterketa batean zazpigarren egin nuen sailkapen orokorrean. Orduan pentsatu nuen, "ondo noa", eta horren ostean konstantzia gehiagorekin entrenatzen hasi nintzen. Bestalde, Espainiako Kopako lasterketa batean, artean Master 30 nintzela, podiumera igotzea lortu nuen, eta horrek asko motibatu ninduen. Master 40 kategorian sartu aurreko urtea zen, eta zera pentsatu nuen: "Master 30en maila handiagoa dago, eta Espainiako Kopan hirugarren egiteko gai izan banaiz, datorren urtean jo eta su entrenatuko dut 40 urtetik gorakoen kategorian ondo aritzeko".

Open Endur Astur txapelketako azken bi probetan parte hartuko duzu: Monte Narancon (irailaren 14an) eta La Felgueran (urriaren 26an). Zer espektatibarekin joango zara proba horietara?

Ez nuen argi lasterketa horietara joango nintzen ala ez, baina aurrekoan lortu nuen emaitzak animatu nau proba horiek prestatzera. Uste dut nire kategorian irabazteko aukera dudala. Sailkapen orokorrean, berriz, lehenengo hamarren artean amaitu beharko nuke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide