Turismoaren arloan lan egiten duten erakundeetako ordezkariek bilera egin berri dute Loiolako Santutegian, besteak beste, lankidetza berriak aztertzeko zein Loiola tokiko eta nazioarteko turismo erreferente bihurtzeko asmoz. Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Libe Otegi Turismo departamentuko zuzendariak zein Loiolako Santutegiko, Deustuko Unibertsitateko eta Iraurgi Berritzen garapen agentziako ordezkariek parte hartu dute batzarrean, eta horien artean izan dira Ana Azkoitia eta Nagore Alkorta Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak ere.
Loiolaren berezitasuna nabarmendu dute bileran, eta proposatu dute hango ondarea txertatzea "bisitariari harrera integrala" eskainiko dion estrategia bateratu batean, hura "balio monumentala, kulturala eta espirituala" batzen dituen lekua izanda. Era berean, ikasturtean egindako jardueren balorazioa ere egin dute, eta horien arten nabarmendu dute Loiola inguruan turismo seinaleak berritu izana. Adierazi dutenez, seinale bertikal zaharrak kendu eta edukia eguneratuta duten totem berriak jarri dituzte. Santutegiaren atariko informazio panela ere berritu dute.