Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200dik gora alkate eta hautetsi nahiz euskalgintzako ordezkari Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, elkartu dira gaur goizean. Euskararen aurkako azken epaiari erantzun bateratua eman diote horiek; izan ere, Voxen helegite bat berretsi eta Udal Legea hizkuntza arloan arautzen duen dekretuko hainbat artikulu baliogabetu zituen lehengo astean Espainiako Auzitegi Gorenak.
Hitzorduan izan dira eskualdeko hainbat alkate eta hautetsi, tartean Azpeitikoak. Nagore Alkorta alkateak eta Aitor Larrañaga Euskara batzordeburuak parte hartu dute bilkuran.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza agerraldian, eta hark salatu du epaiak erabat hausten duela azken hamarkadetako kontsentsua eta nabarmen kaltetzen duela autogobernua. "Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da", haren hitzetan.
Euskara hizkuntza gutxitua izanik, egoera "oso larria" dela ere esan du, eta gogora ekarri du, Udal Legeaz gain, euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatu dutela beste 30 sententziak. Horri guztiari "batasunetik" erantzun behar zaiola uste du Eskisabelek, eta adierazi du "aurrera egiteko garaia" dela. "Horretarako segurtasun juridikoa indartu behar da eta beharrezko legeak aldatu", gaineratu du.
Halaber, gaurkoan, euskararen erabilerak dagokion lekua har dezan "beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa" hartzen dutela gaur Bilbon elkartu diren hautetsiek eta ordezkariek. "Euskara behar dugu, eta euskarak behar gaitu", esan du hark.