Kepa Alberdi: "Adineko bat hiltzen denean, liburutegi handi bat erre balitz bezala da"

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 26a, 08:41

Kepa Alberdi, Barrenetxe baserriak atzean dituela. Aitaren lantokiaren eta umetako jolasen ingurua du hori. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ez da historialaria, baina bai historiazale porrokatua, eta dibulgatzailea ere bai. Haurtzaroa eta gaztaroa Azpeitian eman zituen Kepa Alberdik, Azpeitian egin zuen lan, baina Azkoitian bizi da aspalditik eta herri horretako historia jorratzen ere urteak daramatza.

Beste batzuk laneguna bukatutakoan kirola egitera, tabernan zerbait hartzera edo telebista ikustera joaten diren gisara, lanetik etxeratutakoan han-hemen lortutako informazioz betetako historia apunteetan murgiltzea, haiek sailkatzea eta artikuluak idaztea izan da urteetan Kepa Alberdiren (Itziar, Gipuzkoa, 1962) zaletasun handiena. Lanak "denbora asko" kentzen zion, eta jubilatu zenetik gustuko duen horri eskaintzeko tarte gehiago izan du. 7 urte zituenetik ezkondu arte Azpeitian bizitakoa, Azkoitiko historiaz idatzi ditu ia artikulu guztiak. Ia ehun eman ditu argitara Maxixatzenen eta Azkoitia Gukan.

Nota onak ateratzen al zenituen Historian?

Horretantxe onenak, Historian eta Marrazketa Teknikoan. 7 urterekin etorri nintzen Itziartik Azpeitira eta Betharramdarretan ikasi nuen OHO edo EGB, gure garaiko derrigorrezko hezkuntza. Ikastolaren hastapenak ere garaitsu hartan izan ziren, eta gerora, makina bat aldiz damutu nintzen eta damutu ziren gurasoak hara joan ez izanaz, baina halaxe izan zen.

Nola oroitzen duzu Itziartik Azpeitirako aldaketa?

Itziarren dena euskaraz egiten genuen, eta Azpeitira etorri, eta Sanjuandegin jarri ginen bizitzen. Extremaduratik-eta etorritako jende asko bizi zen orduan han, beharko erdaraz ikasi. Baina umetan Sanjuandegin bizitako urteen oroitzapen oso onak ditut.

Historiarekiko zaletasuna nondik datorkizu?

Esan bezala, eskola garaitik datorkit zaletasuna; gehienbat, historiarekin zerikusia duten gaiak irakurtzeko zaletasuna.

Fikzioa irakurtzea baino nahiago zenuen historia liburuak irakurtzea?

Bai. Gainera, eskuratu nuen hiztegi txiki bat, eta eskolan erdaraz ematen genuena neu etxean euskaratzen hasi nintzen. Gustatu egiten zitzaidan. Horregatik daukat hasieran aipatutako arantza, ikastolan hasi ez izanarena; han ikasi banu, uste dut beste bide bat hartuko nukeela. Oinarrizko ikasketak bukatuta, edo institutura, edo profesionalera, horiek ziren urte haietan ikasten jarraitzeko aukerak. Eta marrazten ondo moldatzen nintzenez, niretzat egokiena Azkoitiko Eskola Profesionalera joatea izango zela esan zidaten eskolako bideratzaileek; tailerrak delineatzaile bila ibiltzen zirela, eta gero lana aurkitzeko horixe izan zitekeela niretzat aukerarik onena. Halaxe, delineazio ikasketak egiten hasi nintzen profesionalean, baina ez nituen bukatu.

Zergatik?

Ikasten hasi eta lau urtera, aita lanik gabe gelditu zen; eskopetak egiten zituen hark, Eibarren [Gipuzkoa]. Etxean ez zegoen soberakinik. Profesionala utzi, eta lanean hasi nintzen, etxera diru pixka bat eramateko lain. Egunez lan egiten nuen, eta arratsaldean eta gauean neure kasa ikasten nuen delineazioa. Titulua lortzeko adina ez, baina diploma ateratzeko lain ikasi nuen. CEAC-ekin burutu nituen ikasketa haiek, urrutiko hezkuntzari esker. Egia esan, asko ikasi nuen; era horretan ikasteko, bakoitzak bere aldetik jarri beharra izaten du. Gainera, profesionalean ikasteko garai gatazkatsuak ziren, greba eta gorabehera askokoak. Tamesa izeneko enpresa batean hasi nintzen lanean; Landetan zegoen hura, Asepeyoren ondoan. Orain Astigarraga Kit Line den enpresan ere ibili nintzen. Gero, atxilotu eta kartzelara eraman ninduten.

Alberdi Barrenetxen, aitaren lantokia izan zenaren atearen ondoan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zer zela eta?

Azken finean, anaiak eta biok eman genion hasiera hemen Jarrairi. Hiru hilabetera, dagoeneko 30 bat lagun ginen han ari ginenak. Txikitatik ezagutzen genuen giroa zen hura; Francoren garaian ere, gure etxetik ezkutuan jendea pasatzen zen. Jarrai, Gestorak... Giro hartan mugilduta genbiltzala, barrura joatea tokatu zitzaigun.

Zenbat urte zenituen?

1986an atxilotu gintuzten, nik 23 urte neuzkan. Anaia eta biok sartu gintuzten espetxean. Anaiak sei hilabetera irten zuen. Nik epaiketa izan nuen bi urtera, eta libre irten nintzen; 24 urteko kartzela eskaera geneukan, ez zen txantxetako kontua.

Non egon zinen preso?

Carabanchelen [Madril], kartzelan eta ospitalean ere bai; eta gero, Alcala Mecon [Madril] eta Herrera de La Manchan [Ciudad Real, Espainia].

Irakurtzeko denbora, behintzat, izango zenuen kartzelan.

Bai, baina bereziki, idazteko grina piztu zitzaidan han. Denetarako denbora zegoen, eta unibertsitaterako sarbidekoa ere egin nuen. Pentsatzen nuen urteetarako geundela han, eta zeozer egin beharko genuela. Horrela, Pedagogia ikasten hasi nintzen, baina kalera irten nintzenean, horiekin guztiekin ahaztu nintzen. Baina idazteko eta handik eta hemendik apunteak hartzeko ohiturari bai, eutsi nion.

Delineazioa Profesionalean ikasten hasi eta zeure kabuz bukatu, Pedagogia ikasten hasi eta utzi... Historia ikasketak egiteko tentaziorik ez al duzu inoiz izan?

Bai, askotan pasatu izan zait burutik, Historia edota Euskal Filologia ikastea; baina gerora izan da, gehienbat, eta ez nuen denborarik.

"Historiazalea", "dibulgatzailea"... Horrelako medailak jarri izan dizkizute. Historialari medaila ez al duzu inoiz jantziko?

Ez. Profesionala behar du izan medaila hori janzteko, eta ni ez naiz horretara ailegatzen. Historiazaletasunaren medailak bai, nahi dituzun guztiak jarri niri; oso zalea naiz, eta bereziki, hemengo historiarena, Euskal Herriko historiaren zalea.

Eta zergatik historia? Zergatik erakartzen zaitu horrenbeste?

Uste dut Euskal Herriari diodan maitasuna dagoela nire historiazaletasunaren iturburuan. Euskal Herria maite dut eta bertako gauzak jakitea nahi dut: gure historia, nondik gatozen... Lan berri bati ekitekotan, sintesi bat litzateke, baina Nafarroako erresumaren historiari eta haren ondorioei helduko nieke. Nabarralde hor dago eta nahi beste informazio dago hor argitara emateko, baina bai, hortik joko nuke nik.

Eskolan euskaraz alfabetatu ez arren, historia lan guztiak euskaraz idatzi eta eman dituzu.

Txikitatik markatu nau euskarak, gure hizkuntzak asko eman dit. Bizitzeko eta izateko era bat da niretzat euskara, eta pentsatzen dut mundua beste modu batera ikusteko eta ulertzeko ere balio izan didala, euskara gure herriak mendeetan bizi izan duen ukazioaren ikur baita, eta horrek mundua ulertzeko beste ikuspegi bat ematen lagundu izan dit. Jakiteko gosea eta euskara ardatz izan ditut beti.

Alberdi, Barrenetxeko iturri ondoan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Itziarren jaioa, Azpeitian hazia eta Azkoitiko bizilaguna aspalditik, Azkoitiko historia eta istorioak dira zure ikerketen xedea. Zergatik Azkoitia?

Itziarrez idaztearekin tentatuta egon nintzen, baina han bazegoen beste bat lan horretan aritzen zena. Azkoitian ere, esaterako, Imanol Eliasek lan bikaina egin zuen, Azpeitian egin zuenaren antzera, udal aktetatik-eta ateratako informazioarekin. Aktetan urtez urte herrian gertatutako gauzarik garrantzitsuenak jasota daude; haien bilduma egin, sailkatu, eta oso lan txukuna egin zuen Eliasek.

Matxinadak, zalduntxoak... betiko erreferentziak nituen aurretik Azkoitiko historiaz. Hara bizitzera joan nintzenean, eta pixkanaka hango historiaren pasarteetan murgiltzen joan nintzenean, oso historia aberatsa zuela iruditu zitzaidan. Azkoitia gertaera historikoen erdi-erdian egon da kasu askotan. Irakurtzen eta gauza gehiago aztertzen joan nintzen heinean, informazioa bildu eta apunte pila bat hartzen hasi nintzen. Apunte haiek sailkatu nituen. Maxixatzenen inguruan mugitzen zen Fernando Aranbarri Gorrixe-k nire apunteak ikusi zituenean, interesgarriak iruditu zitzaizkion. Hark egin zidan Maxixatzen aldizkarian Azkoitiko historiaz idazten hasteko bidea, eta gaur arte. Abentura handi batean sartu nintzen Azkoitiko historiaz idazteko erabakia hartu nuenean, baina ez naiz damutzen. Beti izan naiz erronkazalea, eta hau handia bezain ederra da. Nik amestu eta beti egin nahi izan dudana erronka bihurtu da, eta hortik datoz emaitzak.

Zeintzuk dira zure iturri nagusiak? 

Gaur egun, Internetekin, informazio asko aurki dezakezu sarean. Horrez gain, herriko liburutegian Azkoitiko garai bateko historiari buruzko idatzi bat edo beste badute, eta haietatik ere jasotzen dut informazioa. Bestalde, gai bati buruz idazten ari zaren heinean, katea sortzen joaten da: gai zehatz bati buruz zerbait jakin nahi baduzu, liburu batek bestera eramaten zaitu, eta behar duzuna liburutegian ez badute, eska dezakete... Baina informazio asko eta asko elkarrizketen bidez jasotzen dut: baserri baten inguruan zerbait gertatu zela jakin eta inguru hartara joan galdetzera; beste gai bati buruz zeresana izan dezakeen pertsona identifikatu eta harengana joan; galderak prestatu eta galderak egin...

Liburuetan edo agirietan dagoeneko jasotakoak arakatzeaz gain, iturri biziak ere erabiltzen dituzu, beraz.

Adineko pertsona bat hiltzen denean, liburutegi handi bat erre balitz bezala dela pentsatu izan dut askotan, haren jakinduria dena hantxe bukatzen da. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua, jende edadetuaz ari garela, ahalik eta azkarren gauzak biltzen joatea eta idatziz gordeta uztea.

Argazkiz eta irudiz ondo hornituta ematen dituzu argitara zure lanak. Horiek nondik inguratzen dituzu?

Batetik eta bestetik inguratzen ditut horiek. Txomin Olaldek atera zuen liburu bat [Azkoitia iruditan], eta harengana jotzen dut askotan. Udalaren artxibora ere bai, baina beste iturri batzuetatik ere lortu izan ditut argazkiak, batean eta bestean galdetuta edota aurrez norbaitek esandakoaren arrastoari segika. Eta gaiaren arabera edo testuan aipatzen diren tokien arabera, neuk ere ateratzen ditut argazkiak. Duela gutxi, ia sei mila argazki gordetzen dituen pendrive bat eman nion neuk Olalderi; gehienak Arroitajauregi bildumakoak ziren, eta horietako asko bazeuzkan berak lehendik, baina euskarri zaharkituetan gordeta, eta orain guztiak eskura dauzka.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Lehen Maxixatzen eta orain Azkoitia Guka dira zure lanen plaza nagusiak. Plaza onak al dira?

Harrituta gelditzen naiz, aldizkarian edo webgunean zerbait idazten dudanean kalean jendea hurreratu egiten zaidalako, "hau gustatu zaidak" edo "horren berririk ez nian" esanez. Horrelakoek aurrera egitera bultzatzen zaituzte. "Ondo ari gara", pentsatzen dut jendeak halakoak esaten dizkidanean. Herritar askorentzat ezezagunak ziren kontu zaharrak berreskuratu dituzula konturatzen zarenean, jendeak egiten ari zaren ekarpena gustura hartzen duela ikusten duzunean, poz ematen du. Deigarria da, hori bai, etortzen zaidan jendea adin batetik aurrerakoa izaten dela, gazteak ez dira hurreratzen.

Gazteei historia ez al zaie inporta?

Ez dakit. Nire artikuluak nahiko luzeak izaten diren arren, saiatzen naiz 'txapa' ez sartzen, irakurlearentzat erakargarriak izan behar direlako. Jendeak nik idatzitakoa gustura irakurtzea, hori da nahi dudana, eta horretan saiatzen naiz, behintzat. Apunteak hartu, artikulua idatzi, eta idatzitakoa moztu eta orraztu; horrela egiten dut.

Hasieran ez, baina orain zeuk hautatzen dituzu artikuluen gaiak, ezta?

Bai, horrela da. Maxixatzen eta Azkoitia Guka aldizkarietan historiarekin lotutako 72-73 lan baditut dagoeneko argitaratuta, eta webgunean beste hainbat, baina denera sail horretako 98 artikulu dauzkat bukatuta. Horien aurretik ere idatzi izan nuen Maxixatzenen, iritzigile gisa, baina haiek politikaren saileko idatziak ziren gehienbat.

Beste pixka baterako materiala baduzu, beraz.

Bai. Hilero-hilero bidaltzen dizkiet artikuluak orain.

Gai bati buruz idaztea erabaki eta horren gaineko artikulua osatzen duzun arte, zenbat denbora joan daiteke?

Lanik handiena informazioa biltzea da. Informazio hori sailkatu eta entresakak egin ondoren, idazteak ez dit horrenbeste lan ematen. Orain, nik ez dut inon ikasi idazten, testu sarrerak zein amaierak nola egin... Neure kasa eta neure erara egiten dut. Gustatzen zait, hori bai, testu bakoitzaren bukaeran historiaren zati horren protagonistak edota parte hartzaileak goraipatzea. Garai bateko jendea zer baldintzatan bizi zen, eta baldintza haietan egitera iristen ziren denak egitea. Adibidez, egina dut, oraindik argitaratu gabe, lehengo tresna zaharren bilduma moduko bat; tresna haiek ez dira erabiltzen jada, eta erabiltzen ez diren unetik, haien izenak ere ez dira erabiltzen, eta galtzen ari dira. Azkoitiko 1.200dik gora gaitzizenen zerrenda ere eginda daukat. Idatzi ditudan ia ehun artikulu horietan milatik gora lagunen izenak daude jasota, batera edo bestera herriko historiaren protagonista izan diren herritarren izenak. Eta zer aberatsa den duela bost gizaldiko zein oraingo hainbeste azkoitiarren izenak jasota gordetzea.

Izan ere, baduzu letra larriz eta irabazleek idazten duten historia horretan sarri bazterrean gelditu direnen historia azaleratzeko joera.

Bai. Beti ahalegindu naiz historia kontatzen den betiko lerrotik atera eta tartean neure sen kritikotik iritzia ematen; adibidez, emakumeek edota herri mugimenduek egin dituzten ekarpen isilei ahotsa ipiniz. Historia osoa kontatzea gustatzen zait, eta aurkitzen dudan informazioa zuzena dela ziurtatutakoan, inolako zentsurarik gabe argitaratu zalea naiz. Hori ez da aldatuko, eta denei gustatu ez arren, bada kalean hurreratzen zaidan jende horrek eskertzen duen zerbait. Matxinada, Nafarroako Erreinuaren konkistan azkoitiarren parte hartzea, 36ko gerra, arlo desberdinetan Elizak ezarritako debekuak, eskola zaharretako jarduerak eta diziplina, eta beste gai batzuek zeresana eman dute herrian, eta historiaz aparte atera ditudan beste gai batzuek ere hautsak harrotu dituzte tarteka: San Jose egoitzako langileen eta egoiliarren egoera, Azkoitiko armarria, andremarietan korporazioak herriko bandera parrokiara eramatea, Eliza Azkoitiko ondare publiko baten jabe egin zenekoa...

(Arnaitz Rubio Aprea)

Zeuk aipatu bezala, denetariko kontuak ikertu eta zabaldu dituzu. Ba al duzu besteen gainetik gustatzen zaizun arlo edo gairik?

Etnografia, ohiturak, usadio zaharrak, tradizioak... Horiek beti erakarri izan naute eta horiekin lotutakoak dira neuri gehien gustatzan zaizkidan kontuak. Caro Barojaren lanak asko irakurri izan ditut. Heriotzaren eta hileten bueltako ohiturak, errituak-eta oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Horiei buruz idatzi nuen artikulua bi zatitan banatuta argitaratu behar izan nuen; hainbeste informazio jaso nuen, izan ere. Euskal Herriko historia, Nafarroako Erresumarekin lotutakoak, gerrak eta gatazkak ere asko interesatzen zaizkit, baina lan bat egitekotan, Aranzadin egongo nintzatekeen ni gustura.

Ez al duzu inoiz curriculumik bidali?

Ez, ez. Harako ere tituluak behar dira, eta laneko ibilbideak beste alde batetik eraman nau ni.

Eta ba al duzu orain arte ikertu ez eta gustura ikertuko zenukeen pasarterik edo gairik?

Zerrenda gastatzen ari zait jada. Esan bezala, 98 artikulu dauzkat bukatuta, beste pare batekin ehunera ailegatu, eta gustatuko litzaidake guztiak liburu batean argitaratu ahal izatea. Hori da nire asmoa, egin dudan lan guztia jendeari euskarri bakar batean eskaini ahal izatea, baina ikusiko dugu gauzatzea posible den ala ez.

Azpeitiaren historian murgiltzeko tentaziorik ez al duzu inoiz izan?

Azkoitikoaz idatzitakoekin dudan asmo hori betetzen badut, uste dut historia lanei dagokienez pixka baterako baretuko naizela. Bestelako idazlan batzuetarako asmoak baditut, baina momentuz nahiago dut ezer ez aurreratzea.

Zergatik da garrantzitsua historia handiak zein txikiak jasotzea eta zabaltzea?

Gure herri izatea eta nortasuna historia horiek moldatu eta osatu dutelako, eta osatzen jarraitzen dutelako. Garrantzitsua da jakitea nondik gatozen eta gauden lekura heltzeko zer bizimodu, ohitura eta aldaketa landu behar izan ditugun, horrek aurrerako bidea ere erakutsiko baitigu. Eguna joan eta eguna etorri, gaur arte iraun dute kontu haietako batzuek, baina ahaztuta galdu egin ziren gehienak.

Historia errepikatu egiten dela diote. Zure esperientziatik abiatuta, horrela dela esango al zenuke?

Xehetasunak eta zirkunstantziak aldatzen badira ere, gertaera historikoen ereduak eta esentzia antzekoak izan daitezke. Hala ere, errepikatu baino, aldaketa kosmetiko batzuk gorabehera, jarraitu hitza erabiliko nuke. Gure herriaren burujabetzaren ukazioa, Elizaren boterea, mundu osoan emakumeek pairatzen duten egoera, mundu mailako politika ankerra... molde batekin ala bestearekin, badira urteetan zehar hor jarraitzen duten egitateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide