Minbizia duten haurren familien elkarteen Espainiako federazioa –FEFCI– osatzen duten 23 elkarteek, tartean Gipuzkoako Aspanogik, Eskolara itzultzea minbiziarekin kanpaina abiarazi dute. Haur minbiziaren inguruko sentsibilizaziorako hilabetea da iraila, eta horrekin bat eginez, hainbat ekintza eta egitasmo gauzatuko dituzte datozen asteetan.
Aspanogik ere hainbat ekintza egingo ditu, "hezkuntza komunitatean gehiago eragiten" saiatzeko eta "ikasle onkologikoen errealitatea" azaleratzeko. Horietako bat da aurreko urteetatik datorren Aspanogiko bandera pirata ibiltaria; urre koloreko begizta duten pankartak jarriko dituzte Gipuzkoako 22 udalerritako hainbat eraikinetan, eta horietako bat da Azpeitiko udaletxea. Hain zuzen ere, datorren asteartetik, irailak 9, hilaren 15era arte jarriko dute haur minbizia dutenak eta haien familiak gogora ekartzeko pankarta udaletxeko balkoi nagusian.