Begiak eztitan, dir-dir, jartzen zaizkie Abaigarren (Nafarroa) bizitakoak gogora ekartzen dituztenean. Irribarrea ahoan gogoratu dute haientzako zer izan zen eta zer den Nafarroako udaleku hori Lorea Aizpuruk (Urrestilla, 1980) eta Olatz Yeregik (Azpeitia, 1983). Bernedoko (Araba) udalekuan bizitako esperientziak ere ez ditu ahazteko Leire Etxanizek (Azpeitia, 1978).
Duela 50 urte baino gehiago sortu zituzten Euskal Udalekuak, udan gaztetxoei euskarazko aisialdia eskaintzeko: Abaigarko etxeak iaz bete zuen mende erdia eta aurten Bernedokoak izan du urteurren hori. Goñin (Nafarroa) ere badute udalekuetarako beste etxe bat Euskal Udalekuek, baina hura urte batzuk geroagokoa da.
Euskaraz gain, hezteko eta funtzionatzeko moduan beste balio batzuk izan dituzte sorreratik Euskal Udalekuek, hala nola auzolana, feminismoa, elkarbizitza eta natura. Begirale, sukaldari, mantentze lanetan... jarduten dutenek ez dute soldatarik jasotzen eta proiektuan sinisten dutelako aritzen dira. Udalekuak martxan izan diren bost hamarkadetan, hainbat belaunalditako azpeitiarrek parte hartu dute bai begirale, bai sukaldean, mantentze lanetan, antolaketan edota haur bezala joanda.
Pasa den uztailean eta abuztuan, Abaigarko eta Bernedoko udalekuetako zortzi txandetan Euskal Herri osoko 6 eta 17 urte arteko 675 haur eta gazte izan dira, 135 hezitzaile, sukaldari eta bestelako lanak egiteko pertsonek lagunduta. Euskal Udalekuetako lana ez da udako sasoira mugatzen, urte osoan jarduten dute auzolanean.
Zerotik berregina
Abaigarren begirale aritzera "Euskal Udalekuetako ibilbide naturala" jarraituta iritsi zen Aizpuru. "8 urterekin Urdirozko [Nafarroa] udalekura joan nintzen, eta beste bi uda Bernedon egin nituen. Gero, adinagatik, Abaigarrera joatea tokatzen zitzaidan, eta 12 urtetik 16ra hango udalekuan egon nintzen. Segidan, naturalki, begirale eta sukaldari izatera pasatu nintzen", kontatu du.
Yeregi, berriz, futboleko lagun batek animatuta joan zen Abaigarko udalekura, 14 urterekin. "Futbolean hasi nintzen, eta han Ibargu [Leire Ibarguren] ezagutu nuen. Hura begirale ibiltzen zen Abaigarren, eta udaleku haiek izugarri onak zirela eta haietara joatera animatzen gintuen". Abaigarko udalekura joan zen aurreneko urtean "esperientzia oso ona" izan zuen Yeregik, eta bigarren uda batez ere errepikatu zuen egonaldia; hirugarren aldian, berriz, hezitzaile joan zen udaleku hartara.
Yeregiri udalekuan haur izatetik begiralerako urratsa egitea egokitzen zitzaionean, urtebetez itxi egin zuten Abaigarko etxea. "1970eko hamarkadaren hasieran, guraso talde batek erosi zuen etxe hura euskarazko udalekuetarako, eta familia batek kudeatzen zuen gero. 2000. urterako, ordea, haiek utzi egin zuten udalekua, eta antolaketa berriari ekin aurretik, urtebetez itxita egon zen".
Udalekua berriro martxan jartzeko antolaketa lanak harrapatu zituen Aizpuru, Yeregi eta beste hainbat azpeitiar, eta buru-belarri murgildu ziren proiektua biziberritzeko lanean. 2001ean sortu zuten Pitxilore aisialdi elkartea Abaigarko etxea kudeatzeko. "Euskal Udalekuetako beste etxeen laguntza izan genuen, baina dirurik gabe eta zerotik abiatu ginen, dena guk berreginez. Dena ondo neurtuz, udalekurako jatekoa merkeena zegoen lekuan erosten genuen: arroza toki batean, tomatea bestean... Eskulanetan abilak zirenei laguntzeko eskatzen genien, eta haien aginduetara auzolanean konponketak, pintaketak... egin genituen", azaldu dute biek.
"Etxea eta gogoa" besterik ez zituzten, baina Abaigarko udalekua berriro martxan jartzea lortu zuten, eta gaur egun etxe hori haiek sortutako elkartearen esku dago. 2019. urtean, beste urte batez itxita egon zen Abaigar, "obra handi bat" egiteko; Euskal Herri osoan egindako diru bilketa kolektiboari esker egin zioten aurre obrari.
Hainbat urte igaro dira Aizpuruk eta Yeregik udalekura joateari utzi ziotenetik, baina ahalegintzen dira Abaigarrekin duten zilbor hestea erabat ez eteten. "Udalekuaren funtzionamenduan ez dugu parte hartzen orain, baina saiatzen gara harekin lotura mantentzen. Edozein urteurren edo ospakizun denean gonbidatzen gaituzte, eta gu beti han gaude saltsan", diote. Abaigarren egindako lagunekin aldian behin elkartzen dira eta harremana dute oraindik ere.
"Udak modu berezi batean pasatzeko aukera eman zigun Abaigarrek eta oso oroitzapen onak ditugu. Espazio askea izateaz gain, gauza gutxirekin natural bizitzeko aukera eman zigun tokia da", diote biek. Gaur egun, behin Murieta –Abaigarrera iritsi aurreko azken herria– pasatutakoan "emozio bereziak" sentitzen dituela dio Yeregik. Koloreak, sentsazioak, usainak... "Abaigarren desberdinak" direla erantsi du Aizpuruk.
"Bernedo Bernedo da"
Bilbon Irakasle ikasketak egiten ari zela pisukide azkoitiar batek animatuta joan zen Etxaniz Bernedoko udalekura begirale, 18 urterekin. "Pisukideak ikasturtea Bernedo gora eta Bernedo behera jardun zuen. Ni ere joan nintzen hara begirale, eta katigatu egin nintzen".
Ez du gogoan seguru, baina zortzi-hamar udatan joan zen 9-10 urteko haurren hezitzaile Bernedoko udalekura Etxaniz; uztailaren 1etik 15era. "Udaleku egunetan bakarrik ez, urte osoan zehar ere auzolanak egiten genituen udalekuaren etxea mantentzeko. Lan asko egiten genuen, baina gero, afal garaian, lagunarte giro ederra sortzen zen".
Euskal Udalekuek askorako balio dute, Etxanizen ustez. "Harremantzeko erak, auzolana... ezagutzeko baliagarriak dira, eta, gainera, katigatu egiten dute; giroa, bokazioa edota beste indar bat dago Euskal Udalekuetan. Han lanean jarduteagatik kobratuko balitz, beste zerbait izango zatekeen. Niretzat Bernedo beti Bernedo izango da".
Etxanizek ere udalekuko lagunekin harremana mantentzen du. "Whatsapp talde bat dugu jende askoren artean, beti ari gara elkartu egin behar dugula esaten, baina...".
Oporretatik etxerako bueltan, Etxaniz Bernedon gelditzen saiatzen da askotan. Barreekin lotzen du udaleku hura Etxanizek: "Elkar agurtzerakoan barreek eta negarrek beti bat egiten zuten, bizitako esperientzia polita eta ederra zelako".
Aisialdia euskaraz eskaintzeko sortu zituzten Euskal Udalekuak, eta garai haiek nolakoak izango ziren ekarri du gogora Aizpuruk: "Hortxe-hortxe, 1970eko hamarkadaren hasieran euskarazko udalekuak legez kanpokoak izango ziren". Gaur egun ere euskarazko udalekuak oso garrantzitsuak direla uste du Abaigarko udalekuetan ibilitako urrestildarrak: "Gu gure unibertso txikian bizi gara, baina euskararen alde oraindik ere badago zer egina".