Jose Mari izena jarri zioten gurasoek, baina Segurola abizenarekin ezaguna zen ordurako Iñaki Segurola haren anaia, eta izen berria jarri zion bere buruari: Julen Belamuno (Azpeitia, 1959). Lau liburu argitaratu ditu izen horrekin: Ukabilak eta loreak (2015, ipuinak), Gaueko zaintzailea (2016, eleberria), Hotz industriala (2020, ipuinak) eta Iragan atergabea (2025, ipuinak). Gasteizen bizi da aspaldian. Urtebete darama jubilatuta, eta kexatzeko motiborik ez du: "Oso ondo bizi naiz", dio.
Jendeak nola deitzen dizu, Jose Mari edo Julen?
Kazetariek-eta Julen. Baina azpeitiarrek-eta Jose Mari, lehengo izenez gehiago. Kontua da ni Segurola naizela, eta ni argitaratzen hasi nintzenerako anaia Iñakik pare bat liburu aterata zeuzkala eta ja ezaguna zela irratian eta prentsan. Segurola Iñaki zen, eta horregatik asmatu behar izan nuen Julen Belamuno izena. Hamar urte pasatu dira, eta honezkero ez naiz aldatzen hasiko...
Azpeitiarra zara jaiotzez, baina Gasteizen bizi zara. Noiz joan zinen hara?
Ikasketak Bilbon egin nituen. 17 urterekin joan nintzen hara, Ekonomia ikastera. Bilbon egin nituen bost urte, eta gero lanera joan nintzen Tolosara [Gipuzkoa], 1982an. Udal Euskaltegian irakasle aritu nintzen, 2001era arte. Gero, Eusko Jaurlaritzako oposizio batzuetara aurkeztu nintzen, eta deitu egin zidaten; harrezkero Gasteizen bizi naiz. Bertan daramatzat 23 bat urte. Azpeitian gutxi bizi izan naiz, Azpeitian ia inork ez nau ezagutzen; nire edadeko jendeak eta bai, baina bestela... Erdi kanpotarra naizela esango nuke. Orain erretiroa hartu dut, eta ez dakit mugituko naizen edo ez naizen mugituko... Ikusiko dugu.
Zer moduz erretiroa?
Erretiroa oso ondo. Iazko urrian jubilatu nintzen. Mundu guztiari gomendatzen diot erretiroa hartzea. Oso ondo bizi naiz.
Azken urteetan, administrazioko teknikari aritu zara.
Bai, Gasteizera joatean, aurrena itzultzaile hasi nintzen lanean, eta, gero, normalkuntza teknikari ere aritu nintzen. Azken boladan diru laguntza batzuk kudeatzen-eta jardun nuen; baina bai, administrazio orokorreko teknikari aritu naiz.
Filosofia ere ikasi zenuen, ezta?
Bai, bai. Lanean ari nintzela ikasi nuen; 1989an hasi nintzen, eta 1994an bukatu nuen. Afizioz egin nuen; gero, filosofiari lotuta ez dut ezer egin. Beno, apuntatu nintzen zerrendetan institutuetan klaseak emateko, eta deitu ere egin zidaten, Txantreako [Iruñea] institututik eta, baina ez nintzen ausartu aldaketa egitera. Bestela, Chill Mafiako jendea ezagutuko nuen, agian [barrez].
Duela hamar urte kaleratu zenuen lehen liburua, 2015ean. 55 urte zenituen orduan. Normalean jendea lehenago hasten da liburuak idazten. Zergatik ez zenuen lehenago ezer argitaratu?
Ez pentsa nik lehenagotik idazten nuenik. Literaturazalea betitik izan naiz, oso-oso gaztetatik. Irakurri bai, baina ez nuen idazten. Ideiak etortzen zitzaizkidan burura, baina ez nuen nire burua idazteko gai ikusten. Bizitzako aldaketa batean, Gasteizera joan nintzenean, lana aldatu nuen, ingurua ere bai... Orduan hasi nintzen idazten, 42 urterekin. Koaderno urdin bat eta gorri bat erosi nituen. Koaderno gorrian eguneroko moduko bat egiten nuen, eta koaderno urdinean gaueko ametsak-eta apuntatzen nituen. Horrela hasi nintzen idazten. Eta, gero, istorio laburrak eta ipuinak idazten hasi nintzen.
Ignacio Aldekoa izeneko sariketa bat egiten dute Gasteizen, Arabako Foru Aldundiak antolatuta, eta zera pentsatu nuen: "Aurkeztu egingo ditut ipuin batzuk". Eta zortea izan, eta 2010ean irabazi egin nuen saria; bi urtera, berriro irabazi nuen. Orduan pentsatu nuen: "Agian ez dira hain txarrak izango!". Animatu egin nintzen, eta editoreari bidali nizkion ipuinak, Elkarreko Xabier Mendigureni. Lehen liburua 2015ean atera zen. Egia esan, gustura nago, gustura idazten dut. Eta segitzeko asmoa daukat. Dagoeneko lau liburu atera ditut, eta behin honezkero segitu egin beharko dugu!
Iragan atergabea izena du argitara eman duzun azken liburuak. Zazpi kontakizunez osatutako ipuin liburua da. Ipuin denak ezberdinak izanagatik, gaien aldetik leitmotiv bat ageri da: iragana. Zergatik du halako presentzia gai horrek?
Liburu honetarako aukeraketa egin nuen irizpide hori kontuan izanda. Aurrez kaleratutako bi liburuak ipuin bildumak ziren; hau da, ipuinek ez zuten beraien artean loturarik. Kasu honetan, konturatu nintzen baneuzkala iraganaren inguruan hitz egiten zuten ipuin batzuk idatzita, eta pentsatu nuen behingoz liburu tematiko bat egitea, gai baten inguruko ipuinak biltzea, eta hori egin nuen.
Nolanahi ere, aurreko liburuetan ere badago iraganaren presentzia hori. Nire istorio askotan iraganeko zerbait itzuli egiten da, eta gaur egungo egoera bat hankaz gora jartzen du. Askotan gertatzen da hori, eta neuk ez dakit zergatik; horrela ateratzen zait. Aztertu egin beharko nuke zergatik den.
Azken liburuko pertsonaiak adin batetik gorakoak dira: 58 urte ditu gazteenak.
Eta zaharrenak 88. Pertsonaiarik zaharrenak azken ipuinekoak dira; beraien belaunaldiko finalistak. Bi geratzen dira bizirik 88 urterekin, eta orduan lehia moduko bat sortzen da beren artean, nor izango den belaunaldiko irabazle.
Normalean gizarteak ez du arretarik jartzen adin batetik gorako jendearengan istorioak kontatzerakoan. Zuk haiei erreparatu diezu. Zergatik?
Ez dakit, seguru asko ni ere urteetan aurrera noalako izango da. 65 urte bete ditut. Neure bizitzan ere iraganak gero eta inportantzia handiagoa dauka, eta gero eta gehiago gogoratzen naiz lehengo kontuez, haurtzaroko kontuez, familiako hildakoez... Uste dut urteak bete ahala iraganak gero eta pisu handiagoa hartzen duela. Beharbada, horregatik izango da. Hala ere, badaude euskal idazle batzuk pertsonaia zahar asko sortu dituztenak; Unai Elorriaga, esaterako. Baina normalena ez da hori. Gainera, gaur egun idazle jendea gehienbat gaztea da, eta haien pertsonaiak ere gazteak izaten dira.
Zeuk esana da zure pertsonaiak ez direla gizartean Kale Nagusian barrena ibiltzen. Non kokatzen dira?
Bazterrean. Orokorrean, liburu guztietako pertsonaiak kontuan hartuta, ez dira beti besteen gainetik azaldu nahian ibiltzen direnak; gaur egun modan dagoen agerikotasunaren antipodetan daude. Bazterreko jendea da, burua asko ateratzen ez duena.
Kontaera lasaia, patxadatsua duzula diozu. Ez direla gauza asko pasatzen zure ipuinetan.
Lagun batzuek esaten didate nire ipuinak nahiko lauak direla, ekintza gutxi gertatzen direla. Gertatzen dira, jakina, baina ez dira erritmo bizian gertatzen. Gaur egungo literaturan gero eta indar handiagoa ematen zaio ekintzari, gauza asko gertatzen dira; nik abiadura handiko literatura esaten diot horri. Ni ez naiz estilo horretakoa. Ni gehiago naiz pertsonaien barne mundua arakatzekoa; pertsonaiak zer pentsatzen duen, zer sentitzen duen... Gaur egun, agian, kontaera pausatua kontaera zaharkitua da. Jendeak denbora gutxi dauka irakurtzeko, gainera. Errazago ikusten du telesail bat edo zerbait telebistan, liburua eskuetan hartu baino. Jendeak ematen du behar duela gauza asko gertatzea ahalik eta denbora gutxienean. Ni beste joera batekoa naiz.
Presaka bizi den gizarte honetan, badago moteltasunaren, slow joeraren aldeko aldarri bat ere. Horrekin bat egin nahi izan al duzu?
Berez ateratzen zait. Irakurle moduan ere gustatzen zaizkit horrelako liburuak: patxadatsuak, esaldi luzeekin, erritmoarekin... Idaztean ere horrela ateratzen zait.
Xabier Mendigurenek dio maisutasunez idatzitako liburua dela. Euskara aberatsa duela...
Hori editoreak esaten du, berak liburuak saldu behar dituelako [barreak]. Nik esan dezakedan bakarra da saiatzen naizela txukun eta ondo idazten. Niretzat oso inportantea da, esate baterako, argi idaztea. Irakurleak ulertu behar ditu esaldia eta paragrafoa lehen irakurraldian; ez du trabatuta geratu behar esaldi batean, batzuetan gertatzen den moduan. Zehatza izaten ere saiatu naiz; ahalik eta hitzik egokiena aukeratzea gustatzen zait. Prosaren erritmo lasai hori ere gustatzen zait; Mendigureni gustatu egiten zaio, eta horregatik argitaratzen dizkit liburuak.
Zuk esana da: "Edozein gauzatatik sor daiteke ipuin bat". Dena libre al da?
Bai, edozer abiapuntuk balio dezake. Batzuetan etortzen zait burura egoera bat, eta egoera horri tiraka hasten naiz. Beste batzuetan, berriz, etortzen zaizkit hasiera eta bukaera. Beste batzuetan, pertsonaia bat. Beste batzuetan, esaldi bat. Ez naiz metodiko sistematikoa batere; ez dakit ba ote dagoen idazteko metodorik, gainera.
Ametsak apuntatzeko joera omen duzu...
Bai, behin erabili nuen amets bat ipuin bat sortzeko. Koaderno urdinean gaueroko ametsak apuntatzeko joera dut. Orain dela 23-24 urte hasi nintzen horretan, eta hala jarraitzen dut. Gogoratzen naizenean apuntatzen ditut, baina ez naiz gauero gogoratzen. Interesgarria izaten da, batez ere, ametsak errepikatzen direnean. Kasu batean erabili nituen ipuin baterako, baina normalean ez dut egiten. Ariketa moduan apuntatzen ditut ametsak, neure burua hobeto ezagutzeko. Mundu guztiari gomendatzen diot gauza bera egitea.
Tonu ilunerako joera duzu. Komediarik idaztera animatu al zara sekula?
Iragan atergabea liburuko ipuin batzuk ilun samarrak dira. Gai hauek agertzen dira: zahartzea, gaixotasunak, heriotza... Horrek ematen dio halako tonu ilun bat, baina ondo irakurtzen baldin badira, uste dut pare bat ipuinetan badagoela umorea.
Hiru ipuin liburu eta eleberri bat idatzi dituzu. Erosoago moldatzen al zara ipuinekin?
Naturalago ateratzen zaizkit. Eleberriak lana eskatzen du, eleberri bat ezin daiteke egin hamabost egunean. Badaukat halako zerbait kaxoian gordeta; egunen batean, agian, aterako da. 25-30 orrialdekoak dira nire ipuinak, ez dira labur-laburrak; tarteko distantzia horretan sentitzen naiz erosoen.
Beste eleberririk idaztera animatuko al zara?
Gogoa badaukat, eta ideiak ere badauzkat. Nik uste dut aterako dudala beste eleberriren bat edo beste pare bat. Ikusiko dugu, "osasunak laguntzen baldin badigu", eta horrelako kontuak...