Kalean da Mikel Aiestaranen 'Gazako istorioak. Bizitza gerren artean' saiakera liburua, euskaraz

Aitziber Arzallus 2025eko urriaren 25a

Jon Plazaola itzultzailea, Mikel Aiestaran kazetari eta idazlea eta Oier Etxebeste Alberdaniako kidea, atzo, Donostian. (Alberdania)

Azpeitiko bizilagunak apirilean kaleratu zuen bere laugarren liburua, gaztelaniaz, eta orain, Jon Plazaolak itzulita, euskarazko bertsioa argitaratu du Alberdania argitaletxearekin. Bi hamarkadetan Gazako gatazkari buruz idatzi dituen "kroniken kronika" dela adierazi du kazetari eta idazleak, Donostian egindako aurkezpenean.  

Kalean da Mikel Aiestaran kazetari eta idazlearen laugarren liburua, euskaraz: Gazako istorioak. Bizitza gerren artean. Peninsula argitaletxeak apirilean argitaratu zuen liburuaren gaztelaniazko bertsioa, eta orain, kalean da euskarazkoa ere, Jon Plazaolak itzulita, Alberdania argitaletxearen eskutik. Atzo goizean aurkeztu zuten lana Aiestaranek berak, Plazaolak eta Oier Etxebeste Alberdaniako kideak, Donostian egindako agerraldian. 

Liburua Gazan joan den bi hamarkadetan egindako lanaren ondorio dela azaldu zuen Aiestaranek: "Urteotan gatazkari buruz idatzi ditudan kroniken kronika da, batetik, eta bereizketa hesiaren alde batean nahiz bestean bizi izandako esperientziena, bestetik". Gazari buruzko arnas luzeko proiektua aspaldi hasi zuela adierazi zuen beasaindarrak, baina atzo kontatutakoaren arabera, 2023ko urriaren 7ko erasoek liburuaren argitalpena azkartu egin dute.

Leku "bakar" gisa definitu zuen Gaza, eta ziurtatu, sekula ez dela lanean aritu "halako leku batean". Han kide izan dituenak gogora ekartzeko baliatu zuen agerraldia. Kayed fixer edo laguntzaile izan duena eta haren familia aipatuz hasi zen. "Ezin uler nezake leku hau Kayeden laguntzarik gabe –niretzat, fixer bat baino askoz gehiago–, ez eta haren familiaren laguntzarik gabe ere: hazten ikusi ditut Monjed, Mohammed eta Dalia, eta hiltzen, berriz, Omar". Eskerrak eman zizkion Amali ere, Gazako menuagatik: "Niretzat leiho bat izan da, bide eman didana zerrendako egunerokoa ia bertan banengo bezala ikusteko eta Hamasen erasoen osteko gerra luze honetan Israelek ezarritako blokeo informatiboa hausteko".

Bidaia luzea izan dela esan zuen Aiestaranek, eta asko ikasi duela, zerrendan "eskarmentu handia" duten lagun ugarirekin aurrez aurre egoteko eta jarduteko "pribilegioa" izan duelako. "Jose Vericat, Mati Gomis, Eugenio Garcia Gascon, Meir Margalit, Muath Hamed, Ana eta Alba" nabarmendu zituen, besteak beste.

Atzoko agerraldian ez ezik, liburuan ere izen ugari aipatzen dituela azpimarratu zuen Plazaolak, "ehunka", hain zuzen: "Auzo, herri eta hirien izenak, antzinako eta gaur egungo eskualde, herrialde eta estatuenak, bazter apartatuenenak eta leku ospetsuenenak, eta, batez ere eta nagusiki, gizon-emakumeenak, haur, gazte, heldu eta zaharrenak, hala bizienak nola hilenak, aktibista, soldadu, miliziano, politikari eta gatibuenak, gazatarrenak bezala baita israeldarrenak ere".

Historia eta, batez ere, istorioak

Itzultzailearen arabera, irakurleak historia aurkituko du liburuan, "hiru mila urte baino gehiagoko historia luze, harro eta odoltsua, Tutmosis III.aren garaitik azken bi urteotako sarraskietaraino, tartean beste ezin konta ahala gertakari direla". Baina, batik bat, istorioak aurkituko ditu, "istorio xume bezain gogoangarriak, Gazan han-hemen gertatuak eta Aiestaranek edo haren begi eta belarri bihurtutako lagunek ikusiak eta entzunak". Hori guztia egilearen ahotsetik ahalik gertuen euskaraz ematea izan da bere egitekoa: "Izen bakoitzari euskaraz izana ematea, Gazan gertatuak ahantz ez daitezen eta inork isilaraz ez ditzan".

Etxebesteren esanetan, berriz, "kazetariaren begietatik baina pertsonen ahotsetatik" kontatu du Gazako egunerokotasuna Aiestaranek: "Gerraren itzalean bizi diren biztanleen bizitza, sufrimendua, baina baita duintasuna eta itxaropena ere". Lana euskaraz irakurri ahal izatea albiste "bikaina" dela adierazi zuen, eta Aiestaranen lana ez ezik, Plazaolarena ere goraipatu egin zuen Alberdania argitaletxeko kideak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide