Haizea Egiguren eta Edurne Mendizabal

Uztarria.eus 2017ko urt. 23a, 11:20

Haizea Egiguren eta Edurne Mendizabal
Arremanitz kooperatibako kideak dira Haizea Egiguren Iriarte eta Edurne Mendizabal Tolosa, Harremonak egitasmoaren arduradunak. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak sustatuta hezkidetza, tratu onak eta sexualitate gaiak lantzen dituzte. Harremonaken protagonistak gazteak direnez bailarako ikastetxeetan aritzen dira buru belarri. Egitasmo horren barruan kokatzen da Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua ere. Aurrez aurreko zerbitzuan Edurne Mendizabal Tolosa aritzen da, hilean 6 orduz, Sindikatu Zaharrean.

1. Nik jakin nahiko nuke, ea benetan jendea joaten den aurrez aurreko sexu aholkularitzara, eta zeintzuk diren gerturatzen den jendeak jorratzen dituen gaiak.
Holaxen

Kaixo!!!
Hoixe jendia etortzen dela, eta gustura, gainera. Pertsona batzuentzat ez da erraza izaten lehen pauso hori ematea baina merezi du, beti aberasten da pertsona. Azpeitiar anitzak etortzen dira. Gaiak? ugari... adibidez, bikotean eztabaida gehiegi, seme alaben sexu hezkuntzan zalantzak, klitorisa goxatzeko moduak ikasi, zakil tentetze zailtasunak, isuriketaren kontrol gutxi, jeloskortasuna eta harreman kontratua, armariotik ateratzeko laguntza...Ikusten duzunez guztiok dugu zer irabazi sexologora joanda. Goxamenaz ari gara e!!! merezi ez du ba

2. Zuen ustez normala bezela al dao neskan artien masturbaziyuez hitzeitie? eo oindik tema tabue da gaztien artien? Bueno, eta emakumien artien?
Taberna zulokue

Zer da normala? Oraindik adin ezberdinetako emakumeen artean masturbaziyuez hitz egitea nahiko tabu dela iruditzen zaigu. Azken urteetan gehiago hitz egiten dela sumatzen dugu eta garrantzitsua da hitz egitea. Nola ikasiko dugu ba bestela? Izena duenak izana du.
Mastubazioa nor bere buruarekin goxamena bilatzea da. Abantaila asko ditu: norberak nahi duenean eta nahi duen bezala egin dezake, besteekin negoziatu gabe, bizitza osoan zehar (bikotea izan ala ez)...
Sexu-genero eraikuntzak honetan ere eragina du. Zakilak eta aluak (eta beraiekin dauden gorputzak) ez dute presentzia eta balio bera jendartean. Honek masturbazioan ere eragin zuzena du. Gure sexualitate eredu patriarkal heterozentrista, koitozentrista...ren eragina da. Badugu zeregina itzalean dauden sexualitate mordoa eguzkipean jartzen, lagunduko?

3. Zuen lanagatik bitxikeria asko izango dituzue kontatzeko.Egin dizueten kontsultaren bat, anekdotaren bat partekatuko?
Nerea

Baiiii, bitxikeria ugari. Adibidez, 80 urteko gizon batek galdetu zigun orain dela gutxi zer egin behar duen ligatzeko, emakume bat konkistatzeko. Baita, klitorisa non dagoen eta nola funtzionatzen duen jakin nahi duen amona ere.
Edo isuriketa nabarmenak dituzten emakumeak izan ditugu, hori nola kudeatu zaila egiten zaielako.
Eta mutil gaxteekin txortan egiten duen emakume heldu bat, aplikazio batekin gazteekin geratu eta kotxean mendi ingurutan aritzen ziren.
Aniztasun intelektuala duen bikote heldu bat...
Bitxikeriak asko, denak gara bitxiak, baita zu ere.

4. Bikotearekin urte asko eta gero ez dakit gaia nola atera gauza berriak egiteko. Noiz? Nola? Mila esker!
MK

Bikotearekin urte asko emanda ohiturak hartzea ohikoa da. Eta gauza berriak egiteko umoreak lagunduko digu. Gaia ateratzea ez da erraza izaten batzutan baina hastea izaten da. Bota eta lotsa pixkat pasatzeak ez digu kalterik egingo. Gainera, bikotekideak ere antzeko kontuak izango ditu buruan seguraski. Uste baina errazagoa izango da. Pelikulak, liburuak, aldizkariak inguratu etxera eta bixtan jartzea da aukera bat. Guk gauza zehatzak esateko bikotea ezagutu beharko genuke. beraz, etorri lasai eta elkarrekin asmatuko ditugu moduak. Animo, merezi du ta.

5. Zein adinetako jendea joaten da zuen kontsultetara? Zein da gehien galdetzen duten galdera?
Azpeiti

Adin tartean ere aniztasun handia izan dugu. 22 urtetik hasi eta 80 bitartekoak izan ditugu eta adin tarte hori zabaltzen jarraitzeko ahaleginetan gabiltza.
Erabiltzaileen galderak orotarikoak izaten dira. Gainera, normalean, ez da galdera isolatu bat izaten, egoera baizik. Aipatzekotan, bikotean eztabaida gehiegi eta desio falta izan daitezke.

6. Harreman askeak sanoak direla usten al duzue? Zein da horiek irauteko errezeta?
Aske

Zer da ba harreman askea?
Bikotetik kanpo goxamen harremanak izateaz ari bazara, noski izan daitekeela horrelako harreman bat osasuntsua (edo ez). Dena bezala, ez da hain garrantzitsua zer egiten dugun baizik eta nola egiten dugun eta nola bizi dugun.

Ez dago errezeta majikorik irauteko, norbera eta besteak zaintzeak beti laguntzen du.
Eskatu hitzordua Plax!en

7. Nolakoak dira gaur egungo gazteen harremanak? sanoak? toxikoak? askeak? lotura asko jartzen al dituzte? kontrola.... (whatsapp-a, facebook...)
Gaxte

Oso galdera ona, baina ezinezkoa da hemen 4 lerrotan erantzutea. Ikerketak aztertu beharko genituzke horretarako. Halere, gure inpresioa da oso pertsona eta harreman anitzak daudela eta hori ospatzeko modukoa da.
Esan beharrik ez dago harremantzeko moduak asko aldatu direla. Batetik, jendarte eraldaketan urratsak ematen ari gara, feminismoak eta LGTBQ taldeak ekarpen garrantzitsuak egin dituzte. Bestetik, internet, sare sozialak e.a. azaldu dira eszenan. Hauek aukera ugari ematen dituzte ligatzeko, kortejatzeko, goxatzeko...inoiz baino errazago suertatu daiteke.
Sare sozialen erabilera okerraz asko entzuten dugu eta hala da. Hauek ondo erabiltzea eta ematen dizkiguten aukera esanguratsuak baliatzea garrantzitsua da.

8. Ohea edo sofa. Sexua praktikatzeko zer nahiago? Edo beste lekuren bat hobe?
Iepa

Momentuko desiraren arabera, noski. Naturak ere aukera asko ematen ditu, ezta?

9. 'Armairutik ateratzeko' edota askatzeko pausoa eman nahi dut. Beldurra dut etxekoek, lagunek... nola hartuko duten. Zer laguntza edo aholku ematen dizkidazue?
Bartolo

Guri sekulako poza ematen digu galdera honek. Pertsona orok dugu armairua eta denen alde ari zara.
Pausoa emateak beldurrak pizten dizkigu, onartua ez izateko beldurra bereziki. Garrantzitsuena da zuk zeuk onartzea.
Uste baino aldeko jarrera gehiago topatuko dituzulakoan gaude. Maite zaituztenak hor daude eta kontrako jarreraren bat izanez gero ere zer? Zailtasunak zailtasun, garen modukoak izatea eta nahi dugun bezala bizitzea merezi dugu. Bai horixe!!!

Nahi baduzu etorri plax!era eta lasaiago landuko dugu.

10. Hiru urteko alaba dugu. Bikotekideak eta biok etxetik kanpo egiten dugu lana. Etxeko lanak, umea, hurrengo egunerako otorduak prestatu, arropa jira antolatu, bat eta beste, bikote-harremana zaintzea ez da lehen bezala... Esperientzia erotikoak indarberritzeko zer proposatzen didazue?
Anbotoko mari

Ohiko egoera da, jendarte zoroan gabiltza ta. Ondo pentsau ezkero goxamenerako tarterik ez? Hori baino zoroagorik!!! Tartetxuak bilatu nahi baditugu hortxe daude e!!!
Halere, exijentzia eta presioei stop. Ia orain bikotea zaintzea gure buruaren exijentziatik egiten hasiko garen.

Tarteak behar ditugu, guretzako eta zuk diozun bezala bikote-harremanerako. Tarte gutxi dugunean, horiek probestu, irudimena erabili...Plax!en baditugu horretarako hainbat errezeta. Animatu eta elkarrekin pentsatuko ditugu.

11. Zer hausnarketa egiten duzue kondoiaren erabileraz? Azpeitian ez omen dira kondoi asko erosten, hala esan zuen Itziar Agirrek zuen egin zenioten elkarrizketan. Ez dut uste sexu eza denik arrazoia... zuek zer iritzi duzue horren inguruan? Ez al zaizue iruditzen geroz eta lasaiago hartzen dugula kontu hori?
Kondoi

Zer da asko ta zer gutxi? Zure galdera erantzuteko ez daukagu behar bezalako ikerketarik. Farmazian kondoi gutxi saltzen direla dute inpresioa. Faktore asko izan daitezke. Informazioa badugu jendartean, beraz, ideak eta baloreak dira gure portaerak baldintzatzen dituztenak. Horietako ideia bat bada kondoirik gabe gehiago sentitzen eta ondorioz disfrutatzen dela. Honek badu alde psikologiko garrantzitsu bat ere aztertu beharrekoa.
Eta gehiago disfrutatuko al dugu kondoirik gabe (alu sarketa) jakinda nahi gabeko haurdunaldiak edo gaixotasun bat ekarri dezakela?
Guzti honetan, noski, patriarkatuak, maitasun erromantikoak e.a. eragin ikaragarria dute.
Portzierto: Sexu segurua izan daiteke kondoirik gabe. Sarketarik ez badago nahi gabeko ondoriorik ez. Sarketa gabe sekulako goxamena izan leike, mila aukera ditugu. Sormena eta gorputzak eragin!

12. Hernaniko lehengusua 'Alu ulu' antzerki foroan egon zen, eta Plax zerbitzuaren itxarongelan kokatzen omen da antzerkia. Mutilak gutxi ateratzen omen dira?
Ander

Baiii, ta poz pozik gaude. Goxatzen, ikasten eta parre pilue egiten.
Plax! itxarongelan kokatutako antzerki foroa da Alu ulu. Emakumeen sexualitatea lantzen du antzerkiak eta ondoren, foroan hausnarketarako eta sormenerako aukera zabaltzen da. Gai zentrala horixe da, emakumeen sexualitatea. Halaxe sortu dugu antzerkia premia nabarmena ikusten dugulako eta behar horri erantzun nahi geniolako. Emakumeen plazera, klitoria, eszitazioa, orgasmoa, desioa, fantasiak, masturbazioa... ikustarazi nahi ditugu. Aluari hitza eman diogu umoretik. Etorri ikustera eta foroan eztabaidatuko dugu.

Agurra

Eskerrik asko galderak bidali dituzuen guztioi eta irakurtzen ari zaretenoi.
Sexualitatea pertsona ororen dimentsio oso garrantzitsua da bizitza osoan zehar. Horren araberako bizitza antolaketa egiten da eta merezi baino askoz ere arreta gutxiago jartzen diogu.
Plax!, hemen duzue sexologia zerbitzu konfidentzial, profesional eta doakoa. Zortea da herrian horrelako zerbitzu bat izatea. aprobetxatu!

Animatu plax! zerbitzura, animatu egitasmoan ekarpenak egitera, animatu plazera plazara ateratzera!
Altxor bat gara, goxatu ta bizi!!!


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide