Bitartean, entzun musika

Ezaguna da betidanik, diskoetxeek ez dizkietela laguntza gehiegirik ematen musika munduan beren lehen pausoak eman nahi dituzten taldeei. Zenbat artista geratu ote da bidean? Zenbat lan eta ilusio geratu ote  dira zapuzturik azken laguntza hori ez delako iritsi?

Egia da musika talde bakoitza mundu bat dela, baina behin norbere kantu propioak sortutakoan denek ala gehienek nahi izaten dute euren lana disko batean ikusi.
 
Diskoen merkatuak, ordea, ez du funtzionatzen, ez behintzat duela urte batzuk funtzionatzen zuen bezala. Musika gehiena sarearen bidez kontsumitzen da eta CD formatuan kaleratutako disko bati etekin ekonomikoa ateratzea gero eta zailagoa da, ia ezinezkoa dela ez esatearren. Diskoetxe batzuk bateratzen ari diren bitartean, beste batzuk ateak itxi beharrean izan dira, eta orain arte bizirik mantentzea lortu duten horiek beste negozio mota batzuetan murgildu beharrean izan dira euren diru iturriak ziurtatzeko.
 
Guzti horrek non eta nola uzten ditu musika taldeak? Aspaldi esan zuen batek, “Euskadin rock & rollak ez du dirurik ematen”. Lehen ez dakit, baina orain behintzat ez dira asko izango Euskal Herrian bizitzeko adina diru lortuko duten musikariak. Egia esan, diskoen salmentetako irabaziak ez dira abeslari edo talde baten diru-iturri bakarrak. Kontzertuak ezkainiz ere eskuratu ahal dute dirurik, baina alor hori ere nahikoa geldirik dago azken bolada honetan. Gai guztietan bezala murrizketak nagusi dira hemen ere eta, nahiz eta oraindik ekitaldi asko antolatzen diren, berauetarako dagoen dirua gutxiago da.

Banaketaren iraultza

Ez orain eta ez lehen, inoiz ez da erraza izan disko bat kaleratzeko behar diren laguntzak eskuratzea. 
 
Diskoetxeek 'produktu errentagarri' bat ikusten zutenean euren apustua egiten zuten, gero diskoaren salmentekin etekinak eskuratzeko. 'Produktua' horren segurua ez zenean, taldearekin banatzen zituzten ekoizketaren eta banaketaren gastuak. Gaur egun, disko fisikoen salmentek dirurik ematen ez dutenez... Gastuak %100 diskoetxearen kontura dituen diskorik ia ez da ekoizten.
 
Beraz, guzti horrek bultzatuta eta gaur egun teknologiak ematen dituen laguntzekin, talde gehienek autoekoiztutako lanak  kaleratzen dituzte. Grabaketa prozesuan ere aldaketak izan diren arren, banaketan eta diskoaren zabalkundea egiteko moduean gertatu da iraultza haundiena. Gaur egun, badira diskoak formatu fisikoan kaleratzen ez dituzten taldeak, edota modu sinboliko batean, sorta txiki bat bakarrik kaleratzen dutenak. Horren  beharrik ez baitago, entzuleengana iristeko. My Space , Spotify, Youtube... bezalako webguneen bidez, ordainduta edo dohainik, deskargen bitartez, euren lana  munduaren  beste puntan ezagutarazi baitezakete.
 
CD-aren amaiera ote da? Denborak bakarrik du erantzuna.
 
Bitartean, entzun musika.
 
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide