Hotzak gorritu dit musua. Ezin dut gorago itxi nire jakaren kremailera, eta ia pare bat metro dituen bufandaz osatu dut lepo inguruan kabi epela. Kalean behera noala, une batez, geldiarazi egin nau ke usainak, danbolina bira eta bira dabil. Sabela eta gorputza epeldu nahian, esku artean hartu dut gaztaina kukurutxoa.
Gaur egun, gaztaina puntualki ageri da gure artean, eta bertan ekoitzitako gaztainaz ari bagara, ia-ia ikusezina da herrietako kaleetan. Aldiz, izugarrizko garrantzia izan du gaztainak euskal lurraldean neguko elikagai modura; pentsa, jakien erdia gaztaina zen orain dela 60-70 bat urtera –atzora– arte.
Neguan, gorputzeko beroa mantendu dadin, azkartzeko joera dauka gizakion metabolismoak –organismoaren erreakzio fisiko-kimikoen multzoak–. Kalorien errekuntza areagotzen du metabolismo bizkorrak. Ondorioz, neguan, kalorietan aberatsak diren elikagaiak kontsumitzea aholkatzen da. Gaztaina fruitu interesgarria da energia iturri, kaloria iturri, modura; izan ere, gantz kantitate gutxi eta karbohidrato eduki altua ditu, eta hori dela eta, patata eta garia bezalako elikagaien parekoa da nutrizionalki. Are gehiago, gaztaina eskukada bat jatea barra energetiko bat jatearen parekoa da.
Atzerakada nabarmena izan du gaztainak, ordea. Amerikar jatorriko artoa, babarruna eta patata gure dietan txertatzeak garrantzia kendu zion gaztainari. Oinbeltza deituriko izurriak kaltetu zituen Euskal Herri osoko gaztainadi gehienak ondoren. Zuhaitzaren sustraia kaltetzen duen onddoa dago oinbeltza gaitzaren atzean, eta horrek gaztainondo osoa lehortzea eragiten du. Baina Gure Bazterrak taldeko kide den Unai Bikuñak argi azaltzen duenez, oinbeltzak sorturiko kalteak handiak izan baziren ere, industrializazioak eragindako baserriaren gainbeherarekin batera etorri zen gaztainarena ere.
Garaikoa, bertakoa eta osasuntsua. Hiru hitz potolo horiek biltzen ditu gaztainak, baina, ahaztu samar daukagu. Agian, gugan fruitu horrekiko interesa berpiztu dadin, eslogan berri baten beharra dauka gaztainak. Honelako zerbait proposatzen dut: Gaztaina kukurutxo energetikoa, indargarria, osasuntsua eta betikoa.