Bizia itzuli balitz bezala da. Kolore, doinu, usain... oparo, zentzumen guztiak esnatzeko garai egokia da udaberria. Egunaren argi orduen luzapena ere urtaro honen bereizgarria da.
Uda bitarte, neguaren iluntasuna atzean utzi eta apurka-apurka, egunak gauari ostuko dizkio orduak. Egunaren iraupenaren aldaketa prozesu ziklikoa da, eta nagusiki, Lur planetak dituen bi mugimendurekin zuzenki lotua dago. Beste batzuen artean, Lurrak errotazio eta translazio mugimenduak gauzatzen ditu. Lehenengoan, errotazioan, erloju orratzen aurkako noranzkoan, Lurra bere ardatzean biratzen da, eta bira oso bat egiteko, 24 ordu behar ditu. Mugimendu horren bira bakoitzean, eguzkiak Lur planetaren aurpegi bat argituko du, eta bestea, itzalpean geratuko da, eguna eta gaua bereiziz. Eguzkiaren inguruan egiten du Lur planetak bigarren mugimendua: translazioa. Azken kasu honetan ere, erloju orratzen aurkako noranzkoan mugitzen da Lurra, eta Eguzkiari bira bat emateko 365 egun behar ditu.
Errotazio eta translazio mugimenduak direla eta, eguna eta gaua eta urtaroak bereizten dira Lur planetan. Latitudearen arabera, egunaren iraupena eta urtaroak ezberdinak dira.
Ez da kasualitatea egunaren iraupena luzeagoa den garaiaren esperoan egotea; izan ere, gizakia eguneko animalia da. Hau da, egunez aktibo dago, zaindu eta elikatu egiten da, eta ondoren, gauean, energia berreskuratzeko atseden hartzen du, gainontzeko eguneko animaliak bezala. Gautarrak diren animalien kasuan, bizimodua alderantzizkoa da.
Gaur egun oso barneratuta daukagu –batzuk beste batzuk baino gehiago– eguneko animalien jarduna. Hala ere, Nature Ecology & Evolution aldizkariak 2017. urtean plazaratu zuenez, ugaztunon arbasoak gautarrak ziren, eta sakon ilunetan ezkutatzen ziren egunean zehar.
Eboluzioaren ondorioa da eguneko bizimodua hautatzea, baina ezagutzen diren ugaztunen gehiengoa gautarra da egun, beraz, esan daiteke, ohitura arrarokoak gu garela. 2018an argitaratu zenez, ugaztunen gautartzeko joera nabarmen –ia %70– handitu da azken urteetan gizakiaren jarduera dela eta. Nonbait, gauaren zain daude, gu lokartu eta haiek lasai bizi daitezen.