Soka luzean

Hanken azpian, ura

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2024ko mar. 10a, 10:23

(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azkenaldian ez dut aterkirik erabiltzen, ez mendian noanean behintzat. Ondo jantzi eta euria sentitzea bezalakorik ez dago. Ura nonahi: aldapetan behera, errekastoetan, putzuetan edota airean. Egun euritsuetan, beti leku berean, urak bidea ebakitzen du. Saiatu izan naiz uraren ibilbidea zehazten, baina jaio bezain pronto galtzen da ura lurrean. Azaleko ura ikusi badezakegu ere, ur sistema oso bat dago gure hanken azpian.

Euri urak har ditzakeen bideak hainbat dira, eta horietako bat lur barnera iragaztea da. Lur, harri eta geruza ezberdinen ondoren, ur poltsa edo akuiferoetan amaitzen du urak. Hala ere, ura bertan geratu, pilatu, mugitu nahiz eduki guztiak bete ostean, berriz ere azaleratu daiteke.

Lurrazpiko urak baliatzea ez da gaurko kontua, akuiferoak ur iturri garrantzitsuak izan dira betidanik. Ur poltsa horien erabilera egokia ez bada, ordea, bertako ur edukia amaitzean, iturria lehor daiteke. Hori gertatu ez dadin, ezinbestekoa da lurrazpiko uren funtzionamendu hidrologikoa ulertzea eta uraren sarrera eta irteeren arteko oreka izatea.

Klima eta geologia dira akuiferoen betetzea erabat baldintzatzen duten eragile abiotikoak; baina lurrazaleko bestelako jarduerek ere badute eraginik horretan. Zuzenean edo zeharka, gizakiak lurraren erabilera aldatzean, lurrazpiko uren erreserben egoera asaldatzen du. Ez baita berdina, esaterako, tokiko landarediak ura xurgatzeko daukan gaitasuna, eta ondorioz, ezta horien azpian dauden akuiferoetara iritsiko den ur kantitatea ere.

Geroz eta ohikoagoa da hazkuntza azkarreko baso landaketak ikustea gurean. Lurrazpiko uren harira, horrelako landare espezieak ur ponpa erraldoi gisara irudikatu genitzake, sustrai sakon eta jarduera tasa handiek hala eskatu ahala. Zer esanik ez, akuiferoen ur sarreretan negatiboki eragiten du eukaliptoa edo pinua bezalako zuhaitzak bestelako landaredia batez ordezkatzeak.

Atzera pauso bat eman eta begirada zabaltzeak sistema oso baten partaide egiten gaitu, non ikusi ezin duguna ere aintzat hartzen dugun. Berdin lurrazpiko ur barrunbe naturalekin ere, begirunez zaindu ditzagun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide