Barneko indar hori izan nahi nuke. Suziri bat bezala, lehertu. Loaldi luze batean atseden hartu ostean, udaberriaren olatura igo eta indarberritu. Urtean behin gorputz berri bat eraiki, hazi eta hedatu, landareek egiten duten bezala.
Egunaren argi orduen luzapena eta tenperaturaren igoera dira udaberriaren etorreraren zantzurik garrantzitsuenak. Amaitu da, honenbestez, garai ilun eta hotza. Landareak horren jakitun dira inongo egutegirik erabili gabe; izan ere, kanpo estimuluak jasotzeko, argi eta tenperatura hartzaileak dituzte, zeinek urtaro aldaketa eta garai emankorraren iritsiera iragartzen dieten.
Udaberriaren atarian, argi eta tenperatura hartzaileek mezu pila bat igortzen dituzte landarearen barnealdea esnatzeko eta mugimenduan jartzeko. Horrela, fitohormona edo landare hormonak ekoiztuko dituzte. Fitohormonak landarearen edozein zatitan sortu eta edonora garraiatu daitezke. Animalion hormonak bezala, fitohormonak landareen fisiologian eragiten duten substantziak dira; guztiz beharrezkoak hosto berriak atera, gorputza luzatu edota loraldia hasteko.
Landareen bizi zikloa urtaroei hertsiki lotuta egotea ez da harritzekoa, beraz. Garaian garaiko baldintza klimatikoetara moldatu dira landareak, eta sinkronian, euren bizi zikloko fase ezberdinak betetzen dituzte. Hori guztia fitohormonen agindupean gauzatzen da, eta helburu bakar batekin: biziraupena bermatzea. Landareen bizi zikloa garaiz kanpo betetzen denean, honenbestez, biziraupena kolokan jar daiteke.
Azken urteetako udaberria ezohiko tenperaturetara igo eta egunetara aurreratu da. Fitohormonek ere antzematen dute aldaketa hori; geroz eta lehenago abiatzen da landarearen barnean mezu anitzen mugimendua. Neguko egunetan udaberriko prozesuak hasteak badu arriskurik, ordea. Esaterako, izotzak erre ditzake hosto samur goiztiarrak edo loraldia galdu daiteke polinizatzailea garaiz iritsi ez bada. Ez da erritmoa jarraitzea soilik, fitohormonek badute lanik osagai anitzen dantzaldi honetan asmatzen, behintzat, hankarik ez sartzen.