Soka luzean

Euriaren usaina

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2024ko uzt. 17a, 08:51

(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik 2024ko ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ateri mantenduko zela esana zegoen ba! Alferrik. Urrutira ikus dezaket. Gainera datorkit ekaitza, eta goitik behera busti gabe ez naiz iritsiko etxeko atea zeharkatzera. Ilundu da zerua, harrotu da haizea eta hezetasuna sumatzen da nonahi. Segurola izan-eta ibilbidea eten dut etxepe batean, euritea pasatu bitartean behintzat, aterpea izateko. Ederra da lehorrean euriari begiratzea, freskura sumatzea eta, batez ere, urak dena estaltzen dueneko unea usaintzea.

Bai, euriak badu usainik, gustagarria gainera. Euriaren usainaren erantzule dira lurreko mikroorganismoak; beno, zehatzago hitz eginda, horiek ekoizten duten geosmina molekula organikoak ematen dio euriari usaina. Ur tantak lurrera iristean talka egiten dute lurrarekin, eta ondorioz, mikroorganismoekin. Talka horretan, ur tantek aire-burbuila txikiak harrapatzen dituzte, eta egonkortzen direnean, askatu. Prozesu horren parekoa da freskagarri bat edalontzi batera husten denekoa, zeinak burbuilak eta gasak kanporatzen dituen. Euria egiten duenean, aire burbuila horiek lurreko partikulekin nahasten dira, eta askatzen direnean eurekin zabaltzen da geosmina.

Lurreko mikroorganismoek erakartzeko helburuarekin ekoizten dute geosmina; euren esporak barreiatzeko bektoreak behar dituztenez, molekula usaintsu honek antropodoak erakartzen ditu funtzio hori betetzeko.

Lehorte garai baten ondoren, ordea, euriaren usaina handiagoa da. Izan ere, landareek lehorteari aurre egiteko olio esentzialak ekoizten dituzte, eta horiek, geosminarekin nahasten direnean, usain sendo bat sortzen dute. Basamortuko animalien kasuan, esaterako, euriaren usaina sumatzea biziraupenerako lagungarri zaie. Gamelu batek geosmina eta olio esentzialen konbinazioa urrutira usain dezake, eta ura gertu dagoela ondorioztatu.

Gizakiarentzat geosmina ez da kaltegarria, kontrara, euri-lur usainaz gozatzeko aukera besterik ez digu eskaintzen. Naturaren lurrin bat gehiago da, erremolatxan eta zenbait ardotan topa daitekeen ezaugarri gustagarria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide