Soka luzean

Paisaia berdea

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2024ko urr. 21a, 07:32

(Argazkia: Mailo Oiarzabal)

Amaia Alberdik 2024ko iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Berdea eta urdina. Gustukoen dudan paisaiaren koloreak dira. Zorionez, ez dut urrutira joan behar paisaia hori ikusteko, oinez irits naiteke bertara. Zerua urdinak eta lurra larre belardien mosaiko berdeak estaltzen du. Gozamena sentiarazten du paisaia horrek, herri nortasunaren argazkia da, baita zenbaiten lantokia ere.

Larreez elikatzen dira abereak, eta gure inguruko larre gehienen kasuan, abereak ez baleude, basotu egingo lirateke. Ondorioz, etengabeko elkarrekintzaz beteriko lur eremuak dira larreak; egurtzeko joera naturala badute ere, abereen eta abeltzainen lana tarteko, belardi mantentzen dira. Larreen zaintza lanak hainbat dira, eta larre mozketa eta abereen joan-etorriaz haratago, kalitate oneko belarraren mesedetan, larreak garbitu ere egiten dira.

Garoa, sasia, asuna, menta, uztaoa edota almitza, besteak beste, larreetatik kanporatzen diren landareak dira, abereek ez baitituzte aprobetxatzen. Horiek, abereek jan ez dituztenaren esklusibitatean, gehiago hazteko eta hedatzeko joera dute, larre osoaren elikagarritasuna kaltetuz. Hori dela eta, zerrendaturiko landareen lehiakortasuna handiagoa da larrean, abereak behin eta berriz jaten duen landarearena baino.

Aberea ez bada, beraz, garrantzitsua da abeltzainek animaliek aprobetxatu ezin dituzten larreetako landareak moztea. Landare-abere-abeltzain elkarrekintzak erabat murriztuko du landareen arteko lehiakortasuna, guztiak moztu ostean, euren arteko ezberdintasunak berdintzen baitira. Praktika horiek tarteko, larreak landare anitzen bizileku izan daitezke, lehiakortasun gutxiko habitatean bizidun gehiagorentzako tokia izanik.

Biologian, bizidunen aniztasun mailari biodibertsitatea deritzo. Geroz eta bizi forma anitzagoak izan, biodibertsitate handiagoa du eremu batek. Larreak, abereentzako bazkaleku izanik eta dituzten zaintza lanak direla eta, biodibertsitate handiko lur eremuak dira. Ingurune ederra izateaz haratago, larre belardiek onura sozioekologiko eta garrantzi biologiko handia dute. Hori guztia eta gehiago estaltzen du kolore berdeak paisaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide