Soka luzean

Lurraren dardara

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2025ko api. 19a, 12:34

(Irudia: Pixabay)

Amaia Alberdik martxoko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Itsasoari begirunea diot, katilu handi samarra da niretzat. Ezezaguna da, ikusezina, baina batez ere, kontrolaezina. Inoiz sartu banaiz itsasora, beti uretan marrazten dut marra gorri bat, eta hortik aurrera, nire oinek ez dute itsas hondoa ukituko. Eroso sentitzen naiz hankak lurrean ditudanean, itsasoa bera baino zoru egonkorragoa iruditzen zaidalako edo. Lurra zapaltzea arriskutsua bihur daiteke, ordea, eremu hori bera mugitzen hasten denean.

Lurra dardarka sumatzen da lurrikarak gertatzen direnean, eta horien jatorria, plaka tektonikoen mugimenduetan dago. Lur planetaren azala zenbait zatitan bananduta dago, eta zati bakoitzari deritzo plaka. 80 eta 150 kilometroko lodiera dute plaka tektonikoek eta azpian duten geruza likatsuaren gainean mugitzen dira, batez beste, urtean 1 eta 20 zentimetro bitartean.

Plaka tektoniko bik elkarren artean talka egin dezakete, elkarrengandik urrun daitezke, edo bestela, horizontalki mugitu daitezke, elkar igurtziz. Plaken joan-etorri horiek tarteko, tentsio handiko gune bilakatzen dira plaken ertzak, eta ondorioz, sortzen dira mendi, faila, rift kontinentalak edota sumendi irlak bezalako egiturak. Lurrikarak, azken finean, tentsio eremu horietako energia kanporaketak dira, zeinak lurra mugiarazten duten.

Greziako irletako biztanleek badute lurrikaren berri. Izan ere, urtarrilaren erdialdean hasi ziren lehen lurrikarak Egeo itsasoan eta gaurdaino jarraitzen du lur astinaldiak han; guztira, ia 18.000 lurrikara erregistratu dira. Herritar asko izan dira irlak uzteko erabakia hartu dutenak, momentuz behintzat, ez baitirudi lurrikaren segidak etenik izango duenik. Hasiera batean, sumendien jarduerarekin lotu bazen ere, plaka eurasiarraren eta plaka afrikarraren arteko talka da Greziako lurrikaren sortzailea.

Lurra itsasoa bezain kontrolaezina da, nahiz eta guk ez hala uste. Giza eskalako begiradetan, lurrikarak bezalako gertaerek ez dute tokirik gure egunerokoan. Eskerrak, eskerrak tarteka lurrak astintzen gaituen, esna jarraitzen duela adierazteko bada ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide