Barru-barruraino iritsi zitzaidan Julen Telleriak Tolosaldeko Atarian bullying-ari buruz idatzitako iritzi artikulua. Iruditzen zait kalifikatu ezin daitekeen balioa duela eskola jazarpenaren inguruan norbaitek lehen pertsonan bere memoriak kontatzeak, eta halakoak entzunda, oharkabean denok jotzen dugu geure iruditegi propiora. Bullying-a bere azalean sentitu ez duenak ere ikusiko eta sentituko zituen bere ikastetxean, auzunean, eskola kirolean edo herriko plazan halako egoera bidegabeak, ez-leku gehiegi baitago inguruetan, baita Azpeitian ere.
Sarritan eraso fisikoei soilik erreparatzen diegu bullying-az ari garenean, larrienak horiek izan daitezkeelako, baina gai honen bueltan ere sakonera itzela duen iceberg bat dago, eta hain agerian ez dauden egoera horiek ere eragiten dute gaztetxo baten nortasunean, etorkizunean eta bizi kalitatean. Irain batek edo urte luzez itsatsita gelditzen zaizun goitizenak bizitza erabat konplikatu diezazuke, bai. Eta denok izan gara halako kasuen lekuko.
Horra hor gaur egun amuarrainaren hezurrak eztarrian baino gehiago molestatzen didan egoera: lekuko izan izana. Lagun batek behin esan zidan moduan, erasotzaile eta biktima zuzen ez diren askok biziraun egiten dute jazarpen egoera baten aurrean. Touché. Horixe da egoerarik erosoena une horretan zeure burua salbatzeko: "Isilik egongo naiz, badaezpada ere, hurrengoa ni izan ez nadin". Eta halaxe igarotzen da une horretan amaiezina dirudien nerabetasuna. Eta zenbat aldiz izan garen lekuko. Eta zenbat bidelagun izan ditugun gure lekukotasunaren lekuko.
Urteak azkar pasatzen dira, baina oso erraz gogoratzen ditugu gustuko ez ditugun une asko. Ematen du, urteak pasatu ahala, zu lekuko izan zaren egoera askoren eragileak aldatu egiten direla: "Asko aldatu da, e", esaten dizute. Eta, badirudi, erasotzaileek biktimari une hartan izan ez zioten errespetu hori bera merezi dutela hamar edo hogei urte beranduago, eta ia-ia eskertu eta guzti egin behar zaiela pertsona zibilizatu izateko pausoa eman dutelako, beranduegi bada ere. Izan ere, ematen du egun kirolari profesional, irakasle edo aita eredugarri denak jada ezin duela garai batean zuen erasotzailearen txapa paparrean eraman, ezinezkoa dela, bidegabea.
Isiltasunak lekukoa erasotzailearen konplize bilakatzen du nolabait, eta neu ere izan naiz lekuko. Lekuko izateari utzi eta hamar urtera bizi eta iraun nahi zuen gaztetxo hari zezenari adarretatik eusteko esango nioke, nahikoa dela besarkada bat, begirada bat, edo jazarri duten pertsonari irribarre konplize bat egitea. Edo besterik gabe bera babestea, ezer ordainetan eskatu gabe, ez-leku gehiegi ditugulako inguruetan guk egoera are gehiago katramilatzeko beharrik gabe. Oharkabean denok pasatu gaitezke biktima izatetik lekuko izatera, edo lekuko izatetik erasotzaile izatera, eta batzuetan alferrik izaten da hamar urte beranduago bere garaian eman ez ziren besarkadak ematea.