Bazkalosteko kafea kontrako eztarritik joan zitzaidan duela hilabete batzuk eskualdeko taberna batean Euskal Autonomia Erkidegoko mapa ikusi nuenean. Ordura arte ez nuen halakorik ikusi administrazio publikotik edo kontu ofizialetatik aparte, eta harridura eragin zidan taberna atontzeko zerbait jarri behar eta mapa hori aukeratu izanak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ageri ziren bertan, eta Arabaren erdian ohiko "uhartetxoa" ageri zen, Trebiñuko konderria, beste kolore batez margotuta.
Oharkabean selektibitateko garaiak etorri zitzaizkidan gogora. Izan ere, ikastolan izan nuen Geografiako irakasleak Euskal Herri osoa hartzen zuen kontuan klaseak ematerakoan, nahiz eta behin eta berriro jakinarazten zigun ebaluazioko azterketetan eta selektibitatean ez genuela Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko informaziorik jarri beharko. Egia esanda, orduan jabetu nintzen EAEren nolakotasunaz, baita Espainiako autonomia erkidegoen mugak non hasi eta non amaitzen ziren ere.
Ordutik behin baino gehiagotan entzun ditut telebistako hainbat kazetari "las tres capitales vascas" imintziorik egin gabe esaten, lasai ederrean, eta nire baitan pentsatzen nuen: "Ez dadila iruindarrik edo baionarrik albiste horiek entzuten egon, arren". Ez dakit noiz hasi ginen EAEko herritarrok euskalduntasunaren edo euskal herritartasunaren lizentziak gainontzekoei banatzen, baina egun geure arteko mugak oso markatuta daudela eta horien arteko arrakala gero eta sakonagoa dela iruditzen zait –probintzialismoaren gaia alde batera utzita–. Batzuek oso gertu sentitzen dute Espainiako edozein txoko, eta oso urrun, esaterako, Angelu; EAEko herritar gehienok jakingo dugu nor den Ayuso, baina ez Txibite.
Dena den, Suediako unibertsitate batek aurten eginiko ikerketa baten arabera, Europan EAEko herritarrek dute estatuarekiko atxikimendurik txikiena, baita beren "erregioarekiko" ere. Aurrerago Berria egunkariak nabarmendu zuen autonomia erkidegoaz galdetu zitzaiela herritarrei erregioaz ari zirenean, eta ez Euskal Herriaz. Horrek erakusten du zer den EAE bertako herritarrentzat. Hala eta guztiz, eta beharbada horretan zerikusia izango du aurten hain ohiko bilakatu den itxiera perimetralak, esango nuke oso asimilatuta dugula lurralde antolaketa modu hori. Oroitzen naiz Irlandan nengoenean ezagutu nuen barakaldar batek neu ere "del norte" al nintzen galdetu zidala. Ez dizuet ukatuko "¿Del norte de qué?” erantzuteko tentaziorik izan ez nuenik, baina baietz esan nion, bakeagatik edo. Izan ere, neu ere erori izan naiz autonomismo tranpati horretan, eta puntu kardinalez banatutako Espainia horren parte sentiarazi izan naute askotan. Banekien barakaldar hura ez zela Ipar Euskal Herriaz ari, ezta Ipar Poloaz ere, banekien non kokatzen zuen "guztiaren" erdigunea; milaka modu izan zitzakeen barakaldar batek azpeitiar bati euskal herritarra al zen galdetzeko, baina horixe aukeratu zuen. Funtsean, iparra non kokatzen duzun da gakoa, eta guk geurea aspaldi galdu genuela iruditzen zait.