COVID-19a dela eta, osasun eta ekonomia krisi egoera larri batean murgilduta gaude. Gure ustez, egoera hau ez da erabili behar arma politiko bezala oposizioa egiteko, are gutxiago norberak gutxieneko autokritikarik egiten ez duenean.
Denok ikusi dugu uda hasieratik egoera erlaxatu dela; pandemiaren bigarren bolada honetan, abuztutik aurrera, Euskadiko zifra okerrenetakoak ditugu Azpeitian. COVID-19az edozeinek du bere iritzia, futbolean gertatzen den bezala, baina bakoitzak bere aldetik jotzen badu, gaizki ibiliko gara, okerrera joango gara. Egoera honetatik ateratzeko, neurriak hartzeko ahalmena dutenen erabakiak bete eta betearazi behar ditugu.
Urriaren 22an hartutako erabakiak, prinzipioz, hamabost egunerako dira, baina, emaitzen arabera, epea luza daiteke edo neurri gogorragoak har ditzakete. Gure esku dago hori saihestea.
Eta udalari dagokio hartutako neurriak ikuskatzea, zaintzea eta betearaztea. Bakoitzarena, guztiona da egoera honetatik ateratzeko erantzukizuna. Aterako gara.
Guri, beste batzuei ez bezala, iruditzen zaigu krisi egoera bat ezin daitekeela erabili gobernuari oposizio merkea eta populista egiteko. Krisi batek batasuna eskatzen du. Horregatik daramatzagu sei hilabete isilik.
Instituzioek –udalak ere bai– neurri gogorragoak hartu beharko dituzte (eta espero dezagun betearaziko dituztela). Egoera honi aurre egiteko batasuna behar da. Herritarrek batuta ikusi behar gaituzte. Horregatik esakatzen diogu udalari autokritika egin dezala erantzukizuna besteei bota aurretik. Jarrera horrek beharrezkoa den batasuna oztopatzen du, baina, hala ere, udalari laguntza eta babesa eskaintzen jarraituko dugu.