Koherentzia falta eta ezkutuko zentsura?

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko mai. 12a, 08:59

Iosu Azkue Odriozola artista azpeitiarrak egindako 'Labandera' eskultura.

Udalari bere erabakia birplanteatzeko eta herriari oparitu zaion eskultura Garbitokiaren inguruan jartzeko eskatzen diogu.

Iosu Azkue Odriozola artista azpeitiarrak egin duen eta herriari oparitu dion Labandera eskultura 2023ko udal Sormen Beken proiektuetan onartua izan zen. Haren helburua da emakumeek historian zehar egin dituzten lanak ikusaraztea, eta eskultoreak garbi utzi zuen, bai udalak eskatutako txostenean, bai aurkezpenean, eskultura leku bakar batean jartzeko pentsatuta dagoela: Garbitokiaren aurrean, "bertan gorpuzten baitira obra eta bere esanahia".

Eskultura garbitoki aurrean ez duela jarriko esan digu udalak.

Erabakia ezin dugu ulertu, are gutxiago udalak Matazak proiektua gauzatu eta aldarrikatu duenean. "Bigarren maila batean" geratu izan diren emakumeek gizartean, ekonomian, politikan nahiz beste arlo askotan egindako ekarpenak zabaltzea nahi du Matazak proiektu horrek. Garbitokia da proiektuaren ibilguneko gune bat, eta Garbitokian bertan egin zuten aurkezpena antzezlan batekin.

Eskultura "femeninoegia" omen dela esan diote udal ordezkariek egileari. Guri, eskulturak ez omen duela garaiko emakume bat irudikatzen; horregatik ez dutela jarriko.

Arteaz ari garenean, bakoitzaren gustuak, iritziak eta balorazioak oso pertsonalak dira, baina, kasu honetan, koherentzia falta izugarria ikusten dugu. Egilearen eta udalaren asmoak zein helburuak berdinak dira. Eskultura horrek, sinbolikoki, emakumeek hain garrantzitsu egin dituzten lanak ikustarazten eta aitortzen ditu.

Eta udalaren eta artistaren helburuak berdinak izanda, zergatik ez jarri? Femeninoegia delako?

Beraz, udalari erabaki hau birplanteatzeko eta herriari oparitu zaion eskultura Garbitokiaren inguruan jartzeko eskatzen diogu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide