Euskarak bizi gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko uzt. 14a, 06:52

Udal Euskaltegiaren sarrera. (Azpeitiko Udala)

Hegoa Larzabal eta Alexander Silva Azpeitiko EAJren zinegotzi eta Euskara Batzordeko kideek idatzitako gutuna da honako hau.

Azpeitia euskararen arnasgune dela askotan entzun dugu. Hori ez da kasualitatea gurean. Urteetako lana eta ahalegina izan da. Gure hizkuntza maitearen aldeko programak, ahaleginak eta jende askoren inplikazioa dago horren atzean.

25 urte betetzen dira bide horretan lagungarri izateko Azpeitiko Euskara Patronatua sortu zela, demokraziako lehen udal haien garaian. Azken oso bilkuran gobernuko kideen aldeko botoekin bakarrik egin zuen aurrera Euskara Patronatua desegiteko erabakiak, EAJko zinegotzion abstentzioarekin. Abstentzioaren arrazoiak bilkuran agertu bagenituen ere, garrantzitsua iruditzen zaigu, gaur hemen, berriro plazaratzea.

Gu ez gaude desegitearen aurka, herritar guztion diru eta baliabideak ahalik eta hobekien erabili eta kudeatzeak udal ordezkarion lana izan behar baitu. Kontrakotasun ezaren erakusle izan zen gure abstentzioa. Gure botoa konfiantza botoa izan zen, batera lan egiteko gonbite bat. Izan ere, desegitearen ondoren, etorkizunean Azpeitiak izango duen Euskara saila diseinatu behar da, eta ez dugu ia tarterik hori egiteko, 2025eko aurrekontuetarako eginda behar duelako, eta horrek kezkatzen gaitu. Diseinu horren barruan egongo baita etorkizuneko Azpeitia euskararen arnasgune izaten jarraitzea.

Erronka handiak izango ditugu datozen urteetan gure hizkuntzak indartsu segi dezan gure herrian zein bailaran. Baditugu oinarri onak, urteetan ondo eginiko lana hor dagoelako, baina zein izango da aurrera begirako egoera? Eragingo al da arlo sozioekonomikoan? Euskaltegiak eta Euskara sailak modu bateratuan eta norabide berdinean egingo al dute lan? Zein dira Euskara sail berriak edukiko dituen lan karga eta aurrekontu zein baliabideak? Lan mundua euskalduntzeko Elegune programa arrakastatsua mantendu eta indartuko ote da? Eta abar. Galdera asko eta erantzun gutxi; hori da oraindik duguna.

Euskarak ez du etsairik ez zatiketarik behar. Aitzindariak diren egitura eta programak nola landuko diren kezkatzen gaitu. Horregatik elkarlana eskatzen eta eskaintzen diogu udal gobernuari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide