EAJk eta abertzaletasunak 129 urte San Ignazio egunean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko uzt. 30a, 21:53

1895eko uztailaren 31, San Ignazio eguna. Sabino Arana Goirik egun horretan sortu zuen Bilbon, ofizialki, Euzko Alderdi Jeltzalea. Beraz, 129 urte abertzaletasuna sortu zenetik, Euskal Herriaren zerbitzura ari denetik. Bizkai Buru Batzarra eratu eta antolatu zen, eta Bilbon hasi ziren lanean. Batzokiak zabaltzen joan zen ordundik, Azpeitian 1907an (abenduaren 1ean).

1895eko uztailaren 31, San Ignazio eguna. Sabino Arana Goirik egun horretan sortu zuen Bilbon, ofizialki, Euzko Alderdi Jeltzalea. Beraz, 129 urte abertzaletasuna sortu zenetik, Euskal Herriaren zerbitzura ari denetik. Bizkai Buru Batzarra eratu eta antolatu zen, eta Bilbon hasi ziren lanean.

Laster hasi zen Bilbotik kanpo ere hedatzen eta Bizkaian batzokiak irekitzen: Barakaldon, Deustuan, Sukarrietan, Arteagan, Elantxoben, Bermeon, Mundakan… Gipuzkoan ere bai: 1904an irekita ziren Donostian, Errenterian, Deban, Bergaran, Arrasaten; 1905ean Zarautzen; 1907an Azkoitian (martxoaren 31n) eta Azpeitian (abenduaren 1ean). Eta Nafarroan, 1910ean Iruñeakoa eta Urrozkoa; 1913an Gares/Puente la Reinakoa, eta urte gutxitara Elizondo edo Lizarrakoak. Araban ere bai: Gasteizen 1909an, este baterako. Eta Ipar aldera ere hedatu zen abertzaletasunaren txinparta.

Sabino Aranari zor dizkiogu abertzaletasunaren ikurrak ere: gaur egun hain zabaldua dagoen ikurrina, Aberri eta abertzale hitzak, lurraldetasun eta nortasun politikoaren ideologia eta oinarriak, Euzkadi eta euzkotarra hitzak. Aberri Eguna Berpizkunde Igandean ospatzen ere jeltzaleak hasi ziren.

I. mendeko hasiera haietan jende gutxiko nukleo bat zen Euzko Alderdi Jeltzalea. Euskadin ziharduten alderdi politikoak Espainiarekin lotutakoak ziren: liberalak, karlistak, kontserbadoreak, monarkikoak…, eta Sabino Aranak alderdi berri bat sortu nahi izan zuen, hasiera eta amaiera hemen, Euskadin zuena, Euskadiren beharrak ikusi eta erantzuna emango ziena. Alderdi Jeltzalea.

Ez ziren errazak izan hasiera haiek. Jazarpenak, zentsurak, debekuak, atxiloketak eta espetxeratzeak jasan behar izan zituzten Alderdi berriko kideek. Kide batzuek agerian azaltzen ziren, Sabino Arana bera, esate baterako, baina beste batzuek isilpean aritzen ziren, isunen eta atxiloketengatik. Hala ere, tinko egin zuten aurrera. Aldizkari eta astekariak sortzen zituzten (Bizkaitarra, Baserritarra, Aberri…) eta aitzakia bat edo beste erabiliz, itxi egiten zizkieten. Sabino bera, eta beste aberkide asko, gartzelan egon ziren hainbat eta hainbat aldiz. Hainbat zatiketa ere jasan izan ditu EAJ alderdiak bere bizitzan zehar, abertzaletasuna ulertzeko eta sentitzeko ikusmolde desberdinen ondorioz.

Alderdia san Ignazio egunean sortzeaz gain, Loiolarekin lotura handia izan zuen Sabino Aranak. Kristau-sinesmen sakonekoa izanik, Loiolara etorri ohi zen gogo-jardunak egitera. Ezkondu aurretik hemen izan zen, baita gerora ere hainbatetan, bere burua hausnartzera eta barne-bakea lortzera.

1936an Gerra zibila sortu zenean, EAJ alderdiak Errepublikaren aldeko hautua egin zuen, eta alderdikideek hainbat eta hainbat batailoi eratu zituzten, gure herrian, Loiolan eratu zen Euzko Gudarostea osatuz, beren lurraldea defendatzeko, beste hainbat alderditakoekin batera. Milaka izan ziren bere bizia eman zuten gudariak, eta beste hainbeste erbestea eta espetxea ere jasan behar izan zituztenak. Herritar ugari, haien artean. Ezin ahaztu haien emazte, guraso, senide eta familiek ere errepresioa jasan behar izan zutela.

40 urteko diktadura etorri zen gero, baina tinko iraun zuen Alderdiak barne-lana egin eta bere antolamendua indartzen. Demokraziaren haizeak etorri zirenetik, beren burua abertzaletzat jotzen zutenen mehatxuak, erasoak eta jazarpena jasan behar izan ditu urte luzetan. Baina, zoritxar eta oztopo guztien gainetik, aurrera jarraitzen du, herriaren zerbitzuan.

Beraz, abertzaleok San Ignazio egun honetan jar ditzagun ikurrinak gure etxeetako balkoietan, orain dela 129 urte bideari ekin zioten abertzale haien eta Eusko Alderdi Jeltzalearen ohoretan. Eta, jakina, ondo pasatu Saninaziyuek!!!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide