Azkeneko gertaerak direla eta, herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea komenigarria da

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko aza. 9a, 17:25

Segurtasun kamera bat.

Hauteskunde kanpainan hiru neurri eskatu genituen Azpeitiko EAJkook: udaltzain kopurua gehitzea, lan egiteko modua modernizatzea eta Ertzaintzarekin koordinazioa sakontzea.

Trafikoa artatzeko kamera gutxi batzuk daude kaleetan. Ez daude istripu gehien izaten diren lekuetan baina, beno… Guk hauteskundeetan esan genuen kamerak beharrezkoak zirela, baina ez bakarrik trafikoa artatzeko. Azkenaldian, zoritxarrez, gero eta sarriago, trafikokoak ez diren beste arazo batzuk ditugu herrian,  lapurretak, txikizioak...

1998an hemezortzi udalzain zeuden Azpeitian. Gaur egun, udaltzain burua eta obren behaketarako ajentea kontuan hartuta, 21. Zenbat hazi da biztanleria 26 urtetan? Zenbat hazi da herria? Udaltzain kopurua nekez da zerbitzuak ganoraz betetzeko: bi udaltzainek bakarrik betetzen dituzte txanda asko, eta inoiz udaltzain bakar bat ere egon izan da. Ordezkapenak eta bajak betetzeko arazoak daude, udalak Arkauteko sisteman sartu nahi ez duelako. Azalera eta biztanleria kontuan hartuta, Gipuzkoan segurtasun arloan diru gutxien inbertitzen dutenen artean gaude.

Guk hauteskundeetan hiru neurri eskatu genituen:

  • Udaltzain kopurua gehitzea.
  • Lan egiteko modua modernizatzea.
  • Ertzaintzarekin koordinazioa sakontzea.

Modernizazioa aipatzen denean, kamerak jartzea ezinbestekoa da, batik bat udaltzain kopurua urria delako. Ziur gaude disuasio efektu garbia izango lukeela, eta zerbait gertatuko balitz –eta zoritxarrez gertatuko da–, arduradunak atxilotzen edo beraien arrastoaren berri izaten lagunduko lukete.

Ezbeharren bat edo hutsegiteren bat gertatu izan denean, hauek argitzeko kamerak dituzten erakundeei, enpresa pribatuei eta norbanakoei irudiak eskatzen ibiltzen da Udaltzaingoa. Horrela ibili behar al dute? Zergatik ez legez jokatu? Lotsatuta? Beldurtuta? Zergatik ez udalak berak kamera sistema eraginkor bat jarri? Eta ez bakarrik hainbat lekuetan zaborrak ondo botatzen ari al diren ikusteko jarriak dituenak. Zaborrak herritarren segurtasuna baino garrantzitsuago al dira?

Kamerak dendarien, enpresen eta batik bat norbanakoen –hauen artean herritar ahulenenen– segurtasuna bermatzeko beharrezkoak eta egokiak dira. Udalari herritarron segurtasuna bermatu (edo bermatzeko pausoak) eman ditzala eskatzen diogu. Gure ustez oso lagungarriak diren kamerak, legez jartzeko eskatzen diogu.

Jabier Altuna Larrañaga. EAJko zinegotzia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide