"2025eko udal aurrekontuetan zuhurrak izan behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko abe. 14a, 14:09

Joan zen urriko Azpeitiko udalbatzarra. (Guka)

Astearteko udalbatzarrean bozkatuko dituzte datorren urteko udal aurrekontuak, eta horren harira, Azpeitiko EAJk honako hausnarketa hau plazaratu eta astearteko bilkurara eramango duen proposamena aurkeztu du.

EAJk 2025eko udal aurrekontuetarako honako proposamen hauek aurkeztuko ditu. Joan den urtean aurkeztu genituen neurri batzuk ez daude beteta eta, beraz, errepikatu egin ditugu, beharrezkoak iruditzen baitzaizkigu. Kontuan hartu behar dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko foru funtsetik etortzen den dirua dela udaleko aurrekontuetako sarrera nagusienetako bat. Funts hori ekonomiaren arabera igo edo jaitsi egin daiteke, eta jaisten bada, gerta daitekeenak kezkatzen gaitu. Azken urteetako gastu korrontearen eta pertsonal gastuaren bilakaerak ere kezkatzen gaitu. Zuhurrak izan behar dugu.

1. Hirigintza-etxebizitza:

  • Etxebizitza beharrei erantzuteko ahal den etxebizitza gehien herritarren eskura jarri behar dira, eta honetarako ezinbestekoa da beste administrazioekin koordinatzea.
  • Gazteentzat, familia guraso bakarrentzako edota mugikortasun arazoak dituztenentzat etxebizitza  aukera errazteko neurri hauek beharrezkoak dira:
    • Babestutako etxeak eskaintzen jarraitu behar da; lehen ere esan genuen Esklabatako ezker hegalean dagoela aukera bat.
    • Lokalak etxebizitza bihurtzeko eman behar diren pausoekin hasi. Zein eremutan eta zein baldintzatan ikusi beharko da, baina prozesua martxan jarri behar da.
  • Gainera, Urrestillan eta Soreasu-Madalena eremuetan plan bereziak indarrean jartzea eskatzen dugu, eremu horiek biziberritzeko.
  • Sierbetan izugarrizko aukera sortu da, eta udalak du giltza, planeamendua aldatzea berari dagokio eta. Lur horiek bereganatu behar dira etorkizunera begira.

2. Ingurumena

  • Klima larrialdiari aurre egiteko, energia berriztagarriak bultzatzeko ezinbestekoa da norbanakoekin, komunitateekin eta enpresekin akordioak bultzatzea, eguzki plakak jarri daitezen teiletuetan.
  • Eguzki plaken parke berriak nekazal lurrak hondatu gabe jarri behar lirateke. Urtegian, beste leku batzuen artean, jartzea aztertu behar da.
  • Komun publikoak behar dira, Sanjuandegin batik bat.
  • Ibaiak garbitu eta txukundu behar dira. Udalak bere ardura hartu behar du eta dagokien erakundeei berea betetzeko eskatu.

3. Segurtasuna

  • Herritarron segurtasuna bermatzeko Udaltzaingoa indartu behar da eta kamerak jarri behar dira.

4. Mugikortasuna

  • 2022an onartu zen plana. Eragin handieneko neurriak ez dira martxan jarri. Indarrean jartzea eskatzen dugu eta neurri horiek ahalbidetzeko, neurri horiek diruz hornitzea.
  • Baserri bideetako proposatu duten aurrekontua joan den urteko berdina da. Lehen sektorea indartzea nahi badugu, baserrietatik joan-etorria errazteko bideak txukun eta egoki mantendu behar dira. Partida hau igotzea eskatzen dugu.

5. Garbitasuna

  • Hori da bereziki indartu behar den udal zerbitzu bat. Kaleak garbi eta txukun behar ditugu, eta askotan, ez daude horrela. Arratoien aurkako kanpainak zorrotz mantendu behar dira eta beharrezkoa bada, kanpainak gehitu egin behar dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide