16 urte daramatza Bilduk agintzen. 16 urte hauetan ez dakigu eraginik gabeko zenbat ikerketa egin dituen. 16 urteren ondoren, orain, etxe hutsak alokairuan jartzeko aurkeztu duen planaren aurrean, eragin errealik gabeko politika horren aurrean –bereziki gazteei etxebizitza izatea oztopatu diena–, gure kezka azaldu nahi dugu.
Berriz ere marketina, sloganak eta propaganda adostutako neurri eraginkorren partez. Azpeitian ez dugu "funts putrerik", etxe asko dituen jabe diruzale zekenik ez dugu eta turismora bideratutako etxebizitzak esku bateko behatzekin zenbatu daitezke. Eta, hala ere, 563 herritarrek ez dute etxea alokatzen... Zergatik? Segurtasun juridiko ezak zerikusirik izango ote du?
Segurtasun juridiko ez hori, beste gauza batzuen artean, orain urtebete, hauteskundeen atarian, EH Bilduren babesarekin onartutako Espainiako etxebizitza lege berriak areagotu du. Lege hori onartzea ezinbestekoa omen zen etxebizitzaren arazoa konpontzeko. Guk esan genuen lege horrek ez zuela ezer konponduko; eta horrelaxe izan da. Ez konpontzeaz gain, ordea, gaur egun larriagoa da arazoa.
Gai honen inguruan, egoera larri honen aurrean, guk hainbat proposamen gauzagarri egin ditugu behin eta berriz:
- Herriko eremu batzuetan hutsik dauden merkataritza lokalak etxebizitza izateko legedia egokitu.
- Aurrekontuetan eskatu genuen bezala, Sierbatako eraikina eta lurrak erosi; alokairuko etxebizitza asko eskaini daitezke gune horretan.
- Baina, hasteko, eta herritarren aurrean eredugarri izateko, beste ezer egin aurretik, zergatik Esklabetan –berea den eraikinean– 48 etxebizitza alokatzeko pausorik ez du ematen udalak? Sinesgarritasun pixka bat irabaziko lukete hori eginez gero.
Arazo larri honek elkarlana eta adostasuna eskatzen ditu, eta elkarlanerako gure borondatea berresten dugu.