Azpeitiko udal gobernuak sinesgarritasunik ez du

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2014ko abe. 10a, 13:31

Abenduaren 3ko udalbatzarrean 2015eko aurrekontuak onartu ziren, Bilduren baiezko botoen eta EAJren eta Hamaikabaten ezetzarekin. Horren inguruan gure taldeak honako arrazoiak defendatu zituen ezetza emateko: 

Egoera Ekonomikoa: Egoera ekonomikoak latza izaten jarraitzen du gure herrian, eta gure alderdiak garbi dauka puntu horretan esfortzu guztiak egin behar ditugula. Lehentasun osoa du. Azpeitiaren sustapen ekonomikorako plana daukagu eta badirudi, 2014koak hobeto funtzionatu duela 2013koarekin alderatuta. Gure taldeak eskaturik urrian etenaldi bat egin genuen ordura arteko aurtengo kudeaketa aztertzeko. Bilera bat egin zen esanez eskaeren arabera jarritako diru kantitate guztia erabiliko zela eta beharbada gehiago beharko zela. Azaroaren erdirako agindu zitzaigun balorazio bat, eta Saiolan enpresarekin dugun proiektua zertan zen jakitea ere eskatu genuen. Oraindik udal gobernuak informazio hori ez digu eman eta lotura zuzena du aurrekontuekin. 2015 ekitaldian horren aldeko apustua egiten jarraitzea defendatzen dugu buru-belarri, baina 2014koaren itxiera behar dugu balorazioa orokorra egiteko.  

Larre-Larrin abian jarri

Ez naiz aspertuko azpimarratzen herrian ditugun ekintzaileei gure laguntza eta bultzada osoa ematen jarraitu behar dugula. Horretarako badira diru-partidak. Baina, horrez gain, beste lan bikoitz bat ere badugu: industriarako lurra prestatzea, jadanik gure herrian diren enpresak beste herri batzuetara joan beharrean aurki ez daitezen, eta enpresa berriak ere etor daitezen gurera. Horretarako, ezinbestekoa da Larre-Larrin industria-eremua abian jartzea. Eta Bilduren udal gobernua gehiegi tardatzen ari da. Geldirik dago.

Azpeitiko Udalak dituen zenbait hitzarmeni eta azpikontratei dagokionez lau urte daramatzagu horien gaur egungo egoeraren azterketa eta debatea exijituz. Legealdi osoa daramagu debatea egingo dela dioen promesa entzuten, baina ez da egiten. Aurrerapauso txiki bat eman da  aurten. Egoera horretan daudenak aukera izan dute batzordeetan beraien egoera eta egitasmoak aurkezteko, baina horren ondoren udal gobernuak ez ditu behar-beharrezkoak diren gogoeta eta hausnarketa egin. Ematen dituzten zerbitzuak ondo emanda daude? Hitzarmenen gainean zerbait gehiago eska dezakegu? Oraindik erantzunik gabeko galderak dira. Oraindik gaiari adarretatik heldu gabeak. Eta errazena egin da: luzapenera jo.

Bilduk urtero baiezkoa ematen dio azterketak eta debateak egiteari, baina aurrekontuen unea iristean hasierako abiapuntuan jarraitzen dugu. Udal gobernuak ez du sinesgarritasunik, emandako hitza gero ez baitu betetzen. Hitz polit asko entzun dugu, baina gauzatu ez. EAJren udal taldeko zinegotziok aurrekontuen inguruan akordioetara heltzeko prest egon gara beti. 2012an ez zen lortu, baina 2013an abstenitu egin ginen eta 2014an baiezkoa eman genuen.

Iraurgi ikastetxearekin, zer?

Inbertsio proiektuen arloan gure taldeak Soreasu kultur ekipamendua zehaztutako plan baten arabera betetzen joan behar dela proposatu eta defendatu du. Lehenengo partida bat jarri zen, hiru urtetan aurrekontuetan sartzeko exijituz. Hiru urteko atzerapenarekin lortu dugu eta orain beste fase bat egitea eskatzen dugu, egutegi eta epeak markatuta. Aretoak prestatu eta hornitu eta areto bakoitzean zein talde joango den erabaki behar da guztien ekarpenekin. Bilduk eduki duen stand-by horretatik atera, eta Soreasuri gure bultzada osoa emateko prest gaude, Azpeitiaren kulturgune integrala izan dadin.

Igerilekuko eta plazako proiektuek aurrera darraite. Pozten gara. Baina badago aurrekontuekin lotura zuen beste proiektu bat: Iraurgi ikastetxearena. Horren inguruan jakin dugu hitzarmena luzatzea erabaki duela Azpeitiko Udalak, baina horren zergatiak ez zaizkigu azaldu eta kalean bolo-bolo dabilen informazio asko jaso dugu. Gai horrekin beti diskrezioa eskatu zaigu, eta guk zintzo bete dugu eskakizun hori, baina gero horren ordainetan ez dugu inolako informazio gardenik jaso, nahiz eta azpeitiar askoren ordezkari demokratikoak izan. Jarrera tamalgarria. Horrela eraiki nahi dute Azpetia berria?

Hondakinak: Legealdiaren hasieratik eskatu genuen zaborrak edukiontzien bidetik jasotzea, eta 2013an onartu genuen udalbatzan, aho batez, edukiontzi bidezko sistema ezartzea. Hala ere, sistema ezartzeak ekarriko duen gastuari dagozkion diru kontuak eskatu ditugu behin eta berriro, eta azaroaren 27an, txosten bat eman zitzaigun non alkateak berak esaten digun eduki guztiarekin ez zuela bat egiten. Proiektu, egitasmo, plan, zerbitzu... guztiek behar dute bere aurrekontua. Horixe da behin eta berriro eskatu duguna, eta azken momentuan eman zaigun txosten hori adar jotze hutsa dela iruditzen zaigu.

Txostenean ez da agertzen hondakinen bilketa batek, zentzuz eta gogo betez egitekotan, abian jartzeko izan behar duen plangintzarik: gaur egungo edukiontzien parkea aztertzea, gaizki daudenen ordezkoak jartzea, herrian kokatuta dauden lekuen mapa egitea, herritarren beharrei erantzuteko zuzen jarriak dauden aztertzea, bilketak egiteko maiztasuna, herritarrak kontzientziatzeko plangintzak egitea eta zenbat hizkuntzatan egin behar den... Hori guztia urte anitzeko plangintza batean jaso behar da, bere egutegi eta epeak zehaztuta, zer-nolako diru-partidak zehaztea ekarriko duen horrek, udal batzorde desberdinen inplikazioa eta haien arteko elkarlana eta bultzada... Baina, horren ordez, intentzioen aitorpen hutsa besterik ez zaigu aurkeztu, gai honekin lau urte daramatzagunean. Aurrera begirako urratsak eman beharrean atzera goazela dirudi. Hau da Bilduren kudeaketa eredua. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide