Horrela ez! Hau ez da bidea. Gu etorkizuneko Azpeitia eraikitzeko prozesuan lan egiteko prest gaude. Elkarlanean, herriari eta herritarrei begira lan egin nahi dugu, izenak dioen bezala, Plan Estrategiko eraginkor bat egiteko. Baina Udal Gobernua bere kasa dabil. Gero, Eusko Jaurlaritzak hartutako arauak kritikatzen dituzte, erabakiak hartzeko udalekin ez dutelako kontatzen, baina beraiek gauza bera egiten dute.
Garbi daukagu akordio zabal batek indar gehiago emango diola etorkizuneko proiektuari, eta gu prest gaude hori aberasten laguntzeko. Baina horrela ez! Plana hasterako gurekin kontatu gabe egin dute lehen ekimena. Jarrera aldatzeko eskatzen diogu Udal Gobernuari, eta, hala egiten badute, hor izango gaituzte lanerako.
Gure harridura adierazi nahi dugu datozen urteetarako zer-nolako Azpeitia nahi dugun aztertzeko Udal Gobernuak hartu duen jarrerarekiko.
2030eko Azpeitia nolakoa izatea nahi den erabakitzeko, Plan Estrategikoa jarri du martxan udalak. Plana lau haizetara zabaldu aurretik Gobernu Batzordean jakinarazi ziguten, eta gurekin kontatzen zutela adierazi ziguten erronka horri aurre egiteko. Poztu ginen, gurekin kontatzen zutela jakitean. Baina prozesua hasi besterik egin ez denean, Udal Gobernuaren asmoa bestelakoa denaren susmoa dugu.
Zergatia? Gurekin ezertarako kontatu gabe, dagoeneko jarri dute martxan lehen ekimena. Eta, hori, gainera, kutsu politiko nabariarekin. Jakin bagenekien Udal Gobernuak 400 herritarrei galdeketa bat egiteko asmoa zuela; galdeketa orokor bat, 2030eko Azpeitiaren baitan, herritarrek atal ezberdinen inguruan zer iritzi duten aztertzeko. Baina saldu ziguten inkesta motaren oso bestelakoa dela konturatu gara. Bai, hara nondik, inkesta horren berri zuzena izan dugu. Mozorrotutako inkesta bat da dudarik gabe, eta, lotsa handirik gabe, zuzen-zuzenean inkesta politiko bati lotuago dauden galderak egiten ari dira: besteak beste, udalean dauden lau zinegotzik orain arte egindako lanaren inguruko puntuazioa eskatuz, Udal Gobernuaren kudeaketa nolakoa izaten ari den galdetuz eta oposizioaren lana baloratzeko eskatuz.
Udal gobernua da inkestan egin diren galderen eta hartu duen kutsu politikoaren arduradun, hasieratik finkatu den helburu horretatik urrunduz. Guk garbi dugu Azpeitirako proiektuak zein izan behar duen, eta uste dugu ezin dela herriaren etorkizunarekin jolastu. Proiektuak adostasuna eskatzen du, hasieratik bidea elkarrekin egitea eskatzen du, alderdikeriak alde batera utzita.