Azken asteotako multikirolaren inguruko albisteen harira, Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkartetik (Azpeskirola) gure ikuspuntua helarazi nahiko genieke gure ikastetxeetako familia nahiz gainerako herritarrei. Derrigortasunaren inguruko eztabaida nagusitu den honetan, egokitasunaren edo herriko gaztetxoen beharrak ondoen asetuko dituen kirol hastapen eskaintza egitean jarri beharko genukeela fokua uste dugu.
Horretarako, adituen esanetan eta ikerketetatik jasotako ebidentzia zientifikoan oinarrituta, 6-12 adin tartean kirol aniztasuna hobesten da. Kirol aniztasuna, kirol-joko ezberdinetan parte hartzea eta espezializazio goiztiarraren kontrako ulertuz, ondorengo onurak laburbiltzen ditu ebidentzia zientifikoak:
- Osasun fisiko-psikologikoan onurak izango ditu. Lesio-arriskua gutxituko da, eta epe luzerako osasuna bermatzen du intentsitate-bolumen handiko mugimendu gutxiago izango dituztelako eta horrek lesioak gutxitzea dakarrelako. Gihar ezberdinak aktibatzen dira errekuperazio aktiboa bultzatuz eta zaintza (prebentzio) efektua eginez, akidura eta estresa gutxituz. Gainera, kontrol neuromuskular hobea izango dute etorkizunean lesio arriskua gutxituz.
- Etorkizunean jarduera fisikoa-kirola egiten jarraitzeko aukera gehiago izango ditu. Beranduago gustuko kirola/postua hautatzen laguntzen du. Horrek eragin positiboa du atxikimenduan eta konpromisoan eta epe luzera, antolatutako jarduera fisiko-kirol parte hartzearekin loturik dago, barne motibazioa handitzeaz gain, barne erregulazioa sustatzean.
- Garapen integral aberatsagoa lortuko du. Haurrek dituzten interes eta beharrei askoz hobeto erantzuten dio eta kirolarien gozamena handiagoa da. Beraien buruekin konfiantza handitzeko estrategia egokiagoa da. Era berean, izaera inklusiboa eraikitzeko eraginkorragoa da pertsona gehiago aktibatzen baiditu eta beraien tokia aurkitzeko lagungarriagoa baita. Halaber, pertsona ezberdinen arteko harreman gehiago eta anitzagoak sortzen ditu ikasleen nahiz hezitzaileen artean, aniztasun gehiago baitago.
- Goi errendimendura iristeko ateak irekiko dizkie. Kirolari “osoagoak” izango dira kirol abilezia eta gaitasun fisiko orokorrak landuta, oinarri sendoagoa izango dituzte. Gainera, transferentzia handia dela diote ikerketek, besteak beste, pilota-baloidun kirolen artean eta baita testuinguru desberdinetan egiten direnen artean ere. Era berean, adin goiztiarrean etorkizuneko kirolean aritzeak ez ditu goi errendimenduko emaitzak hobetzen eta beraz multikirolak espezializazio goiztiarrean aritzeak bezainbesteko bermea dakar goi errendimendurako. Azkenik, lesio larriak izateko aukerak murrizteak, balizko elitean gutxiago lesionatu eta gehiago jokatzea ekar dezakete.
Hori horrela, gure eskaintzan zer hobetua badagoela jakitun, aurreantzean ere Multikirola programa eskaintzen eta hau hobetzeko lanean jarraituko dugu, adin tarte honetako ikasleentzako egokiena delako. Bide hori, gainontzeko kirol nahiz bestelako herri eragileekin elkarlanean egitea aberasgarria eta beharrezkoa dela deritzogu, eta horretan sakontzeko asmoa dugu. Azkenik, familien parte hartzea eta babesak izan duen eta izango duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoak baitira horrelako programa bat aurrera eramateko.
Azkenik, aipatu, ikasturte honi amaiera emateko, maiatzaren 24an, larunbatez, Eskola Kirol Festa egingo dela Garmendipeko Kiroldegian, eta hurrengo ikasturterako plangintza ere datozen asteetan plazaratuko dela.