Zergatik irtengo gara Maiatzaren 1ean emakume feministok Euskal Herri luze-zabalean kalera?
Maiatzaren 1a langileon borroka eguna da.
Maiatzaren 1a, Chicagon 1886an egin zen greba historiko baten ondoren, langileen egun gisa adostu zuten eguna da; munduko langileon ondarea.
Langileen zapalkuntza eta esplotazioa azaleratu, langileok batu eta urratsak aurrera egiteko eguna. Langile klaseak borroka eta izerdi askori esker lortu ditu egun dituen eskubideak: zortzi orduko lan aldia, tartean.
Eta zein dira gure aldarrikapenak, gaur egun, hemen eta orain?
Gizarte parekide eta justu bat dugu ortzi muga, eta ondorioz, langileen bizi baldintzak hobetzea dugu xede, eta horren baitan, emakumeok esparru laboralean bizi dugun egoera prekarioa salatzea dagokigu. Honek genero arrakala areagotu baino ez du egiten. Lan bera izanagatik ere, oraindik orain, gezurra badirudi ere, badira emakumeen soldata txikiagoa den esparruak eta postuak.
Zapalkuntza hirukoitza pairatzen dugu euskal emakume langileok: baga, kapitalarena; biga, sistema patriarkalarena; higa, nazio zapalkuntzarena.
Zapalkuntza horietaz ohartu eta horiei aurre egitea dagokigu, beraz: ahizpatasunez, elkarrekin. Aitzindari feministen bizipenek argi egin diezagukete bide horretan: Assata Shakur-en eta Marikita Tambourin-en ikaskizunak gurutzatzen diren lekuan gaude, horratx gure koordenadak.
Emakume langileon zapalkuntza ez da kotizatutako lanera mugatzen. Ordaindu gabe egiten den lanak ere emakume aurpegia du.
Etxetik kanpora egindako lana bukatzean etxean egiten den lana, zaintzarena, emakumeen bizkar gainean geratzen da, hein handi batean. Emakumeari lan orduak pilatzen zaizkio eta aisialdirako orduak murriztu: hori horrela, estresa eta antsietate maila altuak nozitzen ditugu.
Duela gutxi arte lan "inproduktiboan" aritu dira emakumeak, nagusiki. Emakumeak izan dira gehien- gehienetan zaintzaren ardura hartu dutenak. Lan ixila, lan eskerga, prestigio gutxiko lana. Lana soberan, etekin ekonomikoa, berriz, hutsaren hurrena. Gaur egun, emakume heldu askok duten egoera ekonomikoa tamalgarria da, ondorioz. Ez da bidezkoa: alargundu ondoren gizonaren pentsioaren %60a kobratu eta hilabetea bukatu ezinik ibiltzea, 600 euroko pentsioekin bizi beharra izaten dutelako horietako emakume askok.
Borroka feministari esker, zaintza sektorea pixkanaka errekonozimendua jasotzen ari den esparrua da eta egun soldatapekoa, neurri batean bada ere. Aitzitik, erabat feminizatua dagoenez, prekarizazioa beste lan askotan baino nabarmenagoa da.
Bestalde, azken urteotan ikusten ari garen "internen" lan baldintzak ere lotsatzeko modukoak dira. Makina bat etxetan lan ordu mordo bat sartu eta soldata miseriaskoekin dihardute. Langile migratuak, horietako asko.
Kapitalismoaren krisia langileriak nozitzen du, eta horren barruan, emakumea da zapalduen dagoena.
Maiatzaren 1a kapitalismoa salatu eta borroka egiteko eguna da. Status quoak sortzen dituen gerrei ezetz esatea dagokigu, halaber. Ezin ditugu gerrak onartu sistemaren edo kolonialismoaren albo kalte gisa. Gure ahotsa altxatu behar dugu, ozen entzun gaitzaten.
Euskal Herriko emakume langileok herri askeago eta bidezkoago bat nahi dugu, denon eskubideak aintzat hartuko dituen mundu baten alde borrokan jarraituko dugu.
Ezin dugu etsi.
Gora Maiatzaren Lehena!
Gora borroka feminista!