Urduri hasi genuen eguna, ez baikenekien zetorkigunaren dimentsioa zenbaterainokoa izango zen, ezta herritarren erantzuna ere. Urduri hasi genuen eguna, baina pozez gainezka, indartuta eta negar malkoren batek irrist eginda amaitu genuen Astindu armayuek festa. Aste batzuk igaro dira dagoeneko aurtengo Elegante Egunetik, baina guk, oraindik, aje emozionalarekin jarraitzen dugu, kontziente baikara egin dugunarekin amesten dugun herri berri baterako hazia erein dugula, orain, etengabe ureztatu beharko dena.
Aurrelanketan nabari genuen Azpeitiko LGTBIQ+ asanbladaren gogoa eta konpromisoa ez zirela nolanahikoak, eta bezperetan festa prestatzen igarotako egunak eta orduak emankorrak ez ezik, taldekideen prestutasunaren erakusle ere izan ziren. Indarra eta gogoa soberan genituen, eta menu perfektu baterako gainontzeko osagaiak herritarrok jarri zenituzten. Biziki eskertu nahi diegu festan era batera edo bestera parte hartu zuten herritarrei: pegatinak paparrean itsatsita jaiaz hizketan harro ibili zinetenoi; hasieran aurreiritziak izan arren, festara batzea erabaki zenutenoi eta gerriak astintzen ibili zinetenoi; Eihera kooperatibari, ausardiagatik, ideiengatik eta etengabeko babesagatik; Azpeitiko Udalari eta Emakumeen Txokoari, laguntzagatik eta arretagatik; La Fulanari, noski, Astindu armayuek festaren lehen edizioaren soinu banda paregabeagatik; eta oro har, Elegante Egun alternatibo eta queer batean sinetsi eta aldaketarako grina erakutsi zenuten guztioi, herrian esaten den moduan, kategorikue izan zelako bertaratu zinetenon jarrera, aurrez espero genuen moduan.
Hausnarketarako bide ere eman digu festak. Guk argi daukagu Astindu armayuek festa eder bat izateaz gain, ekintza politiko bat ere izan zela: sortu berri den talde batek herrian egin duen lehen ekintza politikoa. Festarako aitzakia paregabea izateaz aparte, azpimarratu nahi dugu Oihu bat isiltasunean diagnostikoan herritarrek aipatutakoek sortu zigutela halako egitasmo baten beharraz jabetzea. Asko dira, oraindik, Elegante Eguna bere sentitzen ez duten herritarrak, eta aurrez aipatu genuen moduan, gu ez gatoz bat tradizioaren izenean gauzatzen diren zenbait praktikarekin. Eroso eta babestuta sentituko garen espazioak behar ditugu kolektiboko kideok oraindik, eta ez da kasualitatea arratsalde parte horretan festa antolatu izana. Alternatiba izan nahi genuen, eta festaren arrakastak, hein handi batean, ekintza ulertu eta babestu dela erakusten badu ere, argi utzi nahiko genuke gure xedea.
Betidanik egon gara hemen eta ez dugu inora joateko asmorik. Hala, datozen hilabeteetan ere egingo ditugu juntadizoak, (hurrengo hitzordua apirilaren 10ean izango dugu, 18:00etan, Basazabal jauregian) kolektiboko kideontzako data garrantzitsuak datoz eta. Queer oro gonbidatu nahi dugu asanbladan eta gainontzeko ekimenetan parte hartzera. Izango duzue gure berri. Gora LGTBIQ+ borroka!