35 urte bete dira gaur Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuenetik, eta zazpi urte transexualitatea despatologizatu zuenetik. Hain zuzen ere, lehen data horren karietara sortu zen 90eko hamarkadaren hasieran Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Urteak pasatu arren, sexu-orientazioan eta sexu-identitatean oinarritutako diskriminazioak ez du etenik izan, eta sektore erreakzionarioek behin eta berriro gogorarazi nahi digute ez garela ongietorriak ez hemen, ez inon; ez orain, ez inoiz.
OMEk esan gabe ere badakigu gaixorik ez gaudela, baina oraindik, geure izatea justifikatu eta defendatu beharra izaten dugu sarri gure hautuengatik. Are gehiago, kolektiboko kideok jasaten ditugun etengabeko hitzezko erasoen eta eraso fisikoen aurrean, ezinbestekoa iruditzen zaigu maiatzaren 17a geure aldarriak ozen eta tinko oihukatzen jarraitzeko, indarrak batzeko eta iraganera itzularazi nahi gaituztenoi ez garela hemendik mugituko esateko. Behin eta berriro esan dugu gure herria ez dela salbuespena, eta ageri-agerikoak diren zapalkuntzez aparte, badira ikusten ez direnak ere, luzaroan kontatu eta salatu ez direnak.
Aipagarria da, esaterako, trans kolektiboaren aurkako oldarraldia, eskuin muturraren esanetara dauden hedabideetatik etengabe hauspotua. Eta nabarmenak dira horietan hedatzen den diskurtso zapaltzailearen eraginak inguruan. Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak joan den astean Naizen Nazioarteko I. Biltzarra egin zuen Bilbon, eta haur eta gazte transexualen egoera izan zuen hizpide, besteak beste, juntadizo horretan. Eskola jazarpena mahaigaineratu zuen elkarteak, eta kezkagarritzat jo zuen haur eta gazte transexualek jasaten dituzten mespretxuen gorakada. Egoera horien aurrean, ez dugu eskuak gurutzatuta gelditzeko inongo intentziorik, eta barrutik zein kanpotik errespetuan eta aniztasunean oinarrituriko gazteen alde lanean jarraituko dugu, oztopo guztiei izkin eginez.
Astindu Armayuek taldetik argi utzi nahi dugu gaurko borroka eguna, geurea beste, herritar ororena dela. Gure kolektiboko kideoi zuzenean eragiten badigu ere, zeharka herri osoari eragiten dion giroa ari da nabarmentzen inguruan, nola jokatu behar den arautzen duen norma bat. Oihu bat isiltasunean diagnostikoaren izenburuak ondo baino hobeto laburbiltzen du bizi izan duguna eta bizitzen ari garena. Isiltasunak zeharo eragiten digu guri, baina denok izan dezakegu inguruan isilik egotera behartuta dagoen norbait, bere identitatea zokoratu behar izan duena.
Eta bizi izan dugunari erreferentzia eginez, ez dugu aipatu gabe utzi nahi joan den maiatzaren 10ean, larunabtez, Orion egin zen Paka Fest jai transmaribibolloaren harira Pakak taldekoek jasandako erasoa, haien aurka oldartu baitziren hainbat herritar pankartak eta kartelak gorrotoz kenduz. Halako erasoak inpunitate osoz jokatuz egiten dituztela salatu zuen taldeak, eta Astindu Armayuek taldetik gure elkartasuna adierazi nahi diegu talde horretako kideei, eta bide batez, argi utzi nahi dugu ez dugula ez herrian, ez eskualdean, ez beste inon halako erasorik onartuko, eta erasotzaileek parean izango gaituztela beti.
Gaurko egunaren harira, bestalde, gogorarazi nahi dugu nahigabea izan zela Astindu Armayuek taldea sortzeko pizgarrietako bat, eta elkarren minak entzuteak eta geureak elkarbanatzeak on egiten digula; osasuna dakar geu elkartu izanak. Hala eta guztiz ere, talde honen xedea ez da norbere zapalkuntzak partekatzea soilik, argi dugu talde eraikitzaile bat sortu dugula helburu guztiz politikoak dituena, eta LGTBIQ+ kolektiboaren askatasunaren eta oinarrizko eskubideen alde borrokan irmo jarraituko dugu, helburu berberak iparrorratz dituen eragileekin elkarlanean. Azpeitia eraldatzeko ari gara lanean, guztiontzako herri seguru eta bizigarri bat izateko. Festarako prest gaude, eta borrokarako beti pronto!