Indar polizialei eman dieten botereaz eta esku hartzeko legitimitateaz

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko GKS 2021ko mar. 17a, 10:20

Hasieratik aldarrikatu dugu bizi dugun pandemia egoera aitzakiatzat hartuta, burgesia bere interesak zein irabaziak mantendu ahal izateko eta langileria pobreziara kondenatuta egoteko erabakiak hartzen ari dela, izaera totalitariodun erabakiak. Egoera horretan, alderdi politiko guztiek onartu dituzten neurriek indar polizialei eman dieten boterea eta esku hartzeko legitimitatea modu argian ikus daitezke.

Horren adibide da, esaterako, EAEko Gobernuak poliziari arauak interpretatzeko eskumena eman izana (2020ko urriaren 26an ateratako dokumentuan zer egin daitekeen eta zer ez adierazten da) eta horren aurrean, gainontzeko alderdi politikoek zuhurtziaz jokatzeko deia egitea. Horren guztiaren ondorio dira azken hilabeteotan bizitzen ari garen errepresio eta polizia esku hartzeen kasuak, kaleen militarizazioa, ikara sentsazioa... Gauzak horrela, 2020ko martxoaren 16tik ekainaren 18ra eta irailaren 15etik abenduaren 15era bitartean polizia gorputz desberdinek 56.162 salaketa jarri dituzte, horietatik %53 udaltzaingoek jarri dituztelarik. Gainera, martxotik ekainera bitartean identifikatutako pertsona kopurua 142.552 da, eta gelditu dituzten ibilgailuen zenbatekoa 196.152.

Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi Espainiako aurrekontu orokorretan polizia indarretan inbertitu den diru kantitatea, izan haien soldatak igotzeko, izan plazak areagotzeko (2020an ateratako plazei 5.500 gehitu zaizkie) edota izan beren formazioa hobetzeko. Adibidez, 2021ean Barne ministerioari 8.906 milioi euro dagozkio, 2020an baino 335 milioi gehiago. Halaber, azken hilabeteotan Frantziako Estatuan ezartzen saiatzen ari diren Segurtasun Globalerako Lege Proposamenak ere aurrerapauso bat suposatzen du poliziaren interbentzio gaitasunean eta konpetentzien areagotzean. Izan ere, lege proposamen horretan, besteak beste, Frantziako zenbait polizia gorputzi orain arte ez zituzten konpetentziak esleitzen dizkiete, azken asteotan ezaugarritu dugun inteligentzia artifizialerako gailuak bigilantzia eta errepresio moduan erabiltzeko marko legal berri bat ezartzen da, eta abar.

Gobernuak egiten ari diren jokaldi horiek guztiak, biztanleria kontrolatuta edukitzeko ezinbestekoa den adarra indartzeko eta modu egokiagoan antolatzeko dira. Azken finean, erantzun azkarrago eta efizienteagoak ematea lortu nahi da horrelako lege eta inbertsioen bidez. Horrelako erabakiak, ordea, ez dira soilik instantzia handietan hartzen; izan ere, gure artean ere ikus daiteke Azpeitiko Udalak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lankidetza hitzarmena sinatu zuela 2019ko uztailean, ondoren, 2020ko abenduaren 31n iraungi zena. Akordio horretan, bi polizia gorputzek une oro informazioa partekatzea, datu baseak elkarbanatzea eta abar jaso ziren. Horrelakoekin ondoriozta daiteke, besteak beste, mugimendu horiek ez direla soilik pandemiaren bueltan harturiko erabakiak, baizik eta polizia indarren lanak homogeneizatzen joateko eta erantzun efikazagoak emateko mugimenduak direla. Finean, krisi kapitalistak eragin ditzakeen jarrera desegokien aurrean modu egokiagoan erantzuteko aldaketak.

Amaitzeko, argi dago gero eta gizarte totalitarioago batera bidean, gutxi batzuen interesak babesteko eta biztanleriaren gehiengoa miseriara kondenatzeko agintariek polizia indarrei funtzio garrantzitsua esleitzen dietela. Finean, egunerokoan jasaten ditugun polizia esku-hartzeek, gizarte otzan eta diziplinatu bat dute helburu, gaur egungo gazteria den eta etorkizuneko langileria izango dena burgesiaren interesak eta irabaziak defendatzeko subjektua izan dadin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide