Martxoaren 30eko ikasle grebarako lanean jardungo du Urola Erdiko Ikasle Abertzaleakek

Hainbat ikasle greba iragartzen duten kartelekin Gaztetxean. (IA)

Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu! lelopean kaleratuko dira ikasleak martxoaren 30eko ikasle greban. Urola Erdiko ikasle Abertzaleak ikasle grebarako prestatzeko lanetan ariko da hil honetan.

Martxoaren 30erako ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleakek, Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondentzatzen gaitu!  lelopean, eta horren aurrean ikasle langileak antolatzera eta borrokatzera deitu ditu eragileak.

Hezkuntza sistema bere osotasunean enpresari handien esku hartzearen menpe dago. Hezkuntza Sistema erreminta neutrala izatetik urrun, interes konkretu batzuei erantzuten dien erreminta bat gehiago da, enpresari handien interesei, alegia. Enpresen esku hartzea unibertsitateetan eta lanbide heziketetan agerikoagoa bada ere, hezkuntza sistema osoa zeharkatzen du, baita bigarren hezkuntza eta batxillergoa ere. Zer formaren bitartez gauzatzen duten jakiteko geure buruari galdetu behar diogu: nolako ikasle nahi gaituzte? eta zein mekanismoren bitartez gauzatzen dute?

Lanaldi luzeetara ohituta egongo diren langileak hezten dituzte, lan karga handiak jasatera ohituta egongo direnak, goi karguko figura autoritarioak errespetatzeko eta obeditzeko ohitzen gaituzte, sumiso izatera, alegia. Kritikarako baliabide oro kendu digute, filosofia bezalako ikasgaiei garrantzia kentzen diete, eta balio etikoen eta zibikoen ikasgaiei indarra ematen diete; horien bitartez balore konkretu batzuk txertatzen dizkigute.

Bestalde, hezkuntza sistemak etorkizunik ez duela bermatzen salatzen dute, meritokraziaren falazia azpimarratuz. Izan ere, egungo hezkuntzak funtzio meritokratikoak betetzen dituela diote, ikasleen emaitzak beren merituaren eta esfortzuaren ondorioen araberakoa dela, alegia. Hezkuntza sistema meritokratiko gisa aurkeztea egungo gizartearen ordena zalantzan ez jartzeko mekanismo garrantzitsua da, klase sozialen existentzia betikotzeko eta justifikatzeko balio du, eta modu horretan sektore desberdinen artean ematen den arrakala ezkutatuz.

Egoera horren aurrean, ikasleak antolatzera eta borrokatzera deitzen ditu Ikasle Abertzaleakek, enpresari handien eta politikarien fartsatik kanpo antolatu behar dela azpimarratuz. Gizartearen eta ikasleen ongizatea bermatuko duen hezkuntza sistemaren alde egin behar dela diote, hezkuntza sistema sozialistaren alde: dohakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango dena, hain zuzen ere. Horregatik, gaurdanik, ikasleak beraien ikas-baldintzen alde borrokatzera deitzen dituzte. Indarrak batuz, ikasleen interesetara egongo den hezkuntza sistema erakitzerako bidean. Martxoaren 30eko ikasle greba aurrera pausoa izango dela diote bide horretan, ikasleria egun horretan egingo diren mobilizazioetara batzera animatuz. 

 

 

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide