Ikasturtea aurrera doa eta ikastetxeko egoerak berdin jarraitzen du: izugarrizko lan kargak asumitu behar ditugu, gero eta zigor diziplinatzaile gehiago jartzen dizkigute, ikasleon ongizateak ez du axola eta ikasketa gastuak handituz doaz: klase partikularrak, materiala...
Horren aurrean, ikasturtez ikasturte, hezkuntza sistema honen errealitatea salatzeko eta ikasle langileon interesak defendatzeko lan politikoa egiten dugu gero eta ikasle gehiagok. Baina Urola BHI institutuko zuzendaritzari larriagoa iruditzen zaio ikasle batzuek propaganda egitea propaganda horretan salatzen den errealitatea baino, kartelak jarri orduko kendu egiten baitizkigute eta kontratu bat ere sinarazi nahi izan ziguten klase-pasak egitea debekatzeko, adibidez.
Alabaina, zuzendaritza autoritario honen ekintzek esaten gabiltzana indartu baino ez dute egiten, eta ikasleon hitza isilarazi nahi badute ere, guk hezkuntza sistema honen norabidea mahai gaineratzen jarraituko dugu. Izan ere, hau da esaten gabiltzana:
Azken erreforma eta legeek erakusten duten bezala, hezkuntza sakoneko aldaketak jasaten ari da, konpetentziakako heziketa ereduaren eskutik, batik bat. Aldaketa hauek aztertuz gero, ikasleon formakuntza nahiz ongizatea alboratzen direla eta lan munduan enpresariek behar dituzten gaitasunen arabera heziko gaituztela ikusiko dugu: ekintzailetza, konpetentzia digitala...
Bitartean, aldaketa horiek sortzen duten deskontentua kontrolatzeko hezkuntza eredu gero eta autoritarioagoa inposatzen digute, zeinetan guzti hori salatzen duen lan politikoa zigortzen den, eta ikasleok goitik behera kontrolatzen gaituzten kamera edota plataforma digitalen bidez, besteak beste. Bada, bigarren ideia honekin identifikatuta sentitu zen Urola BHIko institutua, eta gure jarduna debekatzen saiatu zen. Hala ere, argi eduki dezatela ikasle borroka bidez eskuratu genituen eskubide politikoak defendatzen jarraituko dugula, eta gure aldarrikapenak ozen zabaltzen jarraituko dugula.
Norabide horretan, negozioen eta inposizioen hezkuntzaren aurka borrokatu eta ikasle langileon interesak defendatu behar ditugu, borroka oro errealitate hau gaindituko duen hezkuntza sistema sozialistaren norabidean kokatzen dugun heinean.
Dei egiten diegu herriko ikasleei martxoaren 20an greba egitera.