Gipuzkoako merkatari asko ez daude ados Foru Ogasunak ezarri nahi duen Ticket Bai fakturazio sistema berriarekin. Sistema hori azaroan sartuko da indarrean merkataritzan, eta sektorea kexu agertu da Aldundiak planteatzen dituen formak nahiz epeak tarteko.
Horren harira, Gipuzkoa guztiko merkatariek elkarretaratzea egin zuten atzo, Donostiako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta han izan ziren Azpeitiko hainbat saltokitako ordezkariak ere. Ticket bai, horrela ez lelopean,
prentsaurrekoa eskaini zuen han Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak.
"Ticket Bai betebeharra arautzen zuen dekretua argitaratu zenean, pandemia betean geunden, eta orain, kontuan hartzekoa da merkataritza txikiak bizi duen egoera: inflazio handia dago, salmentak murriztu dira, saltokiak ixten ari dira etengabe, krisi betean gaude eta sektorera zuzenduriko formakuntza planik nahiz eskaintza informatiko nahiko zein egokirik ez dago. Horregatik, uste dugu Ticket Bairen ezarpenerako zehazturiko egutegia eta prozedura onartezinak direla merkataritza txikiarentzat eta lortu nahi diren helburuentzat", adierazi zuten.
Hainbat dendarik "ezinezkoa" ikusten dute saltoki txikietan gaur egun planteatzen den eran sistemaren ezarpen egokia egitea, "sektorean kalte handia sortu gabe".
Merkatarien ordezkariek azpimarratu zuten moduan, "Ticket Bai ezartzeko zailtasuna ez da berdina makroenpresa, mikroenpresa edo merkatari txikientzat". Hori dela eta, uste dute Ticket Bai ezartzegatik emandako laguntzak eta egutegia sektoreka nahiz enpresen tamainaren arabera bereizi beharko liratekeela. "Gainera, Aldundiak eskatzen duen berehalakotasuna ez da inolaz ere beharrezkoa ikuspegi fiskaletik; izan ere, saltoki txikiek salmenta tiketa eskaini ohi dute", erantsi zuten.
Amaitzeko, gaineratu zuten administrazio publikoak "arduratsua" izan behar duela eta "egiten dituen eskakizunen mailan" egon behar duela, "Ticket Bai ongi ezartzeko beharrezkoak diren denbora eta baliabideak jarriz".