Udaberriarekin batera, Azpeitiko merkataritzak kolore eta bizitasun berezia hartu du berriro, herriko hainbat gazteren parte hartzeari esker. Izan ere, Azpeitiko hiru ikastetxeetako –Iraurgi Ikastetxea, Urola Ikastola eta Ikasberri Ikastola– 169 ikaslek herriko 40 saltokitako erakusleihoak apaindu dituzte Bertan merkatari elkartearekin elkarlanean.
Gazteak tokiko kontsumoaren balioetan hezteko xedez jarri dute martxan erakusleihoen egitasmoa, eta era berean, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuz ere bai. Erakusleihoen proiektuak tokiko merkataritzaren aldeko sentsibilizazio lana egiten du, gazteek bertatik bertara ezagutzen baitituzte herriko saltokiak eta horien funtzionamendua.
Urtarrilean hasita
Bertaneko kideak urtarrilean izan ziren herriko ikastetxeetan egitasmoaren nondik norakoak ikasleei azaltzen. Taldeka antolatu zituzten hiru ikastetxeetako ikasleak eta horiei saltoki bana egokitu zitzaien. Dendariarekin harremanetan jarrita, erakusleihoaren ezaugarriak aztertu zituzten ikasleek, eta lehenengo bozetoa sortu zuten. Ondoren, apaingarriak garatu zituzten ikasgelan, irudimena eta materialen berrerabilera sustatuz. Azken asteetan apaingarriak erakusleihoetan kokatzen aritu dira gazteak, eta emaitzak ikusgarriak dira.
Ikasleek apaindutako erakusleihoak maiatz osoan izango dira ikusgai, eta herritarrek eskuorri baten bidez identifikatu ahal izango dituzte egitasmoan parte hartu duten saltokiak. Hain zuzen ere, etxez etxe banatu dituzte dagoeneko eskuorri horiek.
Bertan elkarteak herritarrak gonbidatu ditu herriko kaleak bisitatzera eta gaztetxoen sormenaz gozatzera. Halber, Azpeitiko merkatarien elkarteak gogorarazi du egitasmoak elkarlanaren eta komunitatearen "indarra" agerian utzi dituela beste behin.