Nagore Alkorta: "Azken urteetan eginiko bideari jarraituz helduko diegu erronka berriei"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2019ko urt. 2a, 14:03

Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaia. (Azpeitiko EH Bildu)

Nagore Alkorta (Azpeitia, 1978) da EH Bilduren hautagaia 2019ko udal hauteskundeetarako. Zuzenbidean lizentziatua da azpeitiarra, eta politikari lehen pertsonan heltzeko "ilusioz" dago. Alkortaren arabera, "momentu garrantzitsua" da hau Azpeitiarentzat, eta "beharrezkoa" da azken urteetan eginiko bidean sakontzea, "herria hobetzen jarraitzeko".

Lehen aldiz ari zara herritarrei hitz egiten alkategai bezala. Zer esateko beharra sentitzen duzu?

Herritarrei esan nahi diet ilusio eta ardura handiarekin ari naizela momentu hau bizitzen. Niretzat ohore bat litzateke azpeitiar guztien alkatea izatea, eta onena ematen saiatuko naiz. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet babesa adierazi didaten pertsona guztiei.

Indartsua izan zen zure aurkezpena, 100 lagunetik gora ziren bertan. Zer sentitu zenuen?

Sekulako babesa sentitu nuen, ikusi nuen ez nagoela bakarrik eta jendea izango dudala inguruan. EH Bilduko oinarriek aho batez onetsi zuten nire hautagaitza, eta sentitu nuen ordezkaritza zabal bat batu dugula. Sentsibilitate guztiak batzeko gai izan gara eta aniztasun hori biltzeak garrantzia handia du niretzat.  Proiektuaren heldutasuna ikusten da hor, guztiok batera egin dugulako apustu hau. Horrek indar handia eman dit aurrera egiteko, eta datorrenari gogoz heltzeko.

Familia bat, lanpostu bat, inguru sozial bat dituzu. Aurrerantzean, zure bizitza asko aldatuko dela uste duzu?

Bai. Hala ere, alkate izatera iritsiz gero, nire betiko bizimodua eta lagunartea mantentzea gustatuko litzaidake. Dudan inguru soziala oso garrantzitsua da niretzat, eta ez nuke nahi hori aldatzerik. Dena den, batetik, ikusten dut pertsona publikoa izateak nire bizitzeko modua aldatu egingo duela; eta, bestetik, kargu honek eskatzen duen lana ondo egiteko, denbora gutxiago izango dudala beste gauza askotarako. Halere, konpentsatzen dit herriari ekarpen hau egiteak.

Urnietako Udaleko idazkaria izan zara 11 urtez, eta Azpeitiko Udalean ari zara orain lanean. Badakizu nolakoa den erakunde baten funtzionamendua. Zerk bultzatu zaitu politikaren lehen lerroan jartzera?

Salto bat da hau niretzat. Orain artean barrutik ezagutu dudana, lehen pertsonan biziko dut. Idazkari lanetan ibili naiz, langileen kudeatzaile bezala ere bai, hainbat talde politikorekin lana egitea egokitu zait, eta uste dut ondo ezagutzen dudala udal baten funtzionamendua nolakoa den. Hori jakinda onartu dut proposamen hau. Azken urteetan, gauzak oso ondo egin dira Azpeitian, eta bide horri jarraipena eman diezaiokegula uste dut.

Herriari eskaintzeko zein ezaugarri dituzula uste duzu?

Batetik, esperientzia profesionala. Bestetik, nire izaera: uste dut herritarrekin eta lankideekin enpatizatzen jakingo dudala, talde politikoez eta iritziez gaindi. Nik herrian eta herri bizimoduan sinesten dut, eta harekin kontaktuan egon nahi dut uneoro. Gertuko pertsona bat naiz, lasai hitz egiteko pertsona bat, eta hori eskaini nahi diet herritarrei.

Zer da zuretzat alkatea izatea? Zer ezaugarri behar lituzke alkate batek?

Erabakiak hartzea eta exekutatzea da alkatearen lana. Horretarako, udala eta haren funtzionamendua ezagutu behar ditu: lana egiteko modua, burokrazia, erabakiak hartzeko modua... Jakin dezala xakean jokatzen ari dela, eta ez partxisean. Bestalde, herritarrei entzuteko prest dagoen pertsona izan behar du, proposamenak onartzen dituena eta laguntza ontzat hartuko eta eskertuko duena. Alkatea beste herritar bat gehiago da politikagintzan.

Nolakoa da Azpeitia, eta nolakoak dira azpeitiarrak?

Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen herria da Azpeitia. Garbi dugu nondik gatozen, eta horri garrantzia ematen diogu; baina, aldi berean, aurrerakoiak gara, eta badakigu aldaketetara moldatzen. Bi ezaugarri horien arteko oreka badute azpeitiarrek.

Zein momentutan edo nola ikusten duzu Azpeitia?

Momentu zailak bizi izan ditu gure herriak. Krisi ekonomikoak eragin nabarmena izan du Azpeitian ere. Baina, nik uste jakin izan dugula erantzuten. Horrek erakusten du Azpeitiak baduela gaitasuna eta ahalmena  dituen erronkei aurre egiteko.

Orain, uste dut erronkarik handiena hasitako bideari jarraipena ematea dela. Elkarlanerako zubiak eraiki dira, eta horiek irekiko digute etorkizunerako bidea. Bertako gazteak herrian lan egin eta bizi daitezen nahi dugu. Herri eroso bat, adinekoen beharrei erantzungo diena. Azken finean, ongizate gizartean sakontzea da helburua, behar handienak dituztenekiko arreta berezia edukiz. Guztientzat gobernatu nahi dugu, baliabide publikoak ahalik eta egokien kudeatu eta azpeitiarren beharrei erantzun zabalena emateko asmoz.

Udalak zer lehentasun izan behar dituela uste duzu?

Lehentasuna herritarrak dira. Garbi dut alkatetzara iristean, herritarrekin kontratu bat sinatzen duela udal taldeak. Azpeitiko herriak aurrera jarraitzeko beharrezkoa da udala eta herritarren arteko koordinazioa eta konplizitatea. Beraz, udalari dagokio herritarrei entzutea eta herritarrak babestea, ahalik eta lan gehiena egitea haiei kalitatezko bizimodua eskaintzeko. Horrenbestez, lehentasuna da gizarte mailan ditugun beharrei erantzutea.

Eneko Etxeberria izan da alkatea Azpeitian, orain artean. Zer iruditzen zaizu haren eredua?

Alkate integratzaile bat izan da Etxeberria, herritar guztiei begira lan egin duena. Esparru eta interes desberdinei erantzuten jakin izan du, eta hori oso positiboa da. Gainera, urte gogorrak tokatu zaizkie Etxeberria eta haren taldeei, tartean krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu ditu, eta uste dut izugarrizko lana egin dela.

Hurrengo pausoa da alkatearekin batera hautagai izango den taldea osatzea. Zer garrantzia ematen diozu talde sendoa osatzeari?

Talde sendo bat osatzeko lan egingo dut.Ez dut sinisten alde bakarreko erabakietan, lana taldean eginda dena hobeto irteten da. Nire lana egiteko modua horixe da; eta, jakina, hori aplikatu nahiko nuke udalera iristen banaiz. EH Bilduk herritar asko ditu atzean, eta taldea indartsu dago. Horri etekina aterako diogu.

Talde politikoetatik kanpo ere, eragile asko daude Azpeitian, egunero lan egiten dutenak. Gizarte taldeak, kirol taldeak, dendariak, enpresak… Zer balio ematen diozu herri-bizitza horri?

Gizarte eragilerik gabe, herria hilda dago. Erabateko garrantzia dute herriaren dinamikan zein herritarren egunerokoan. Haiekin kontatzen ez duen aginte ereduak ez du zentzurik. Udalari ere askotan erakusten die zer bide eta nola hartu, eta garbi dago Azpeitian bereziki duela zentzua herri bizitzak. Herri bizia da, eta herritarrek parte hartzen dute kaleko bizitzan, hori altxor bat da.

Zeu ere ibili zara herri mugimenduaren bueltan. Hitzartuko berme batzordean ikusi zintugun 2016ko herri galdeketan.

Hitzarturen esperientziak herritarrak batzen lagundu zuen, hain oinarrizkoa beharko lukeen erabakitzeko eskubidearen inguruan. Norbanako eta gizarte eragileen arteko elkarlana izugarri polita izan zen, eta esango nuke Azpeitian den ekimenik anitzenetako bat izan zela. Plazer bat izan zen horren parte izatea. 

Nagore Alkortaren curriculuma:

Nagore Alkorta Elorza (Azpeitia, 1978)

Informazio pertsonala:

• 1978ko apirilaren 23an jaio zen, Azpeitian.

• 5 urteko alaba bat du.

Ikasketak

• Zuzenbidean lizentziatua da (EHU, 2001).

• Herri erakundeen kudeaketan graduondokoa du (EHU, 2005).

Lan esperientzia

• 2006-2017: Urnietako udal idazkaria.

• 2017-gaur egun: Azpeitiko Udalean lanean administrazio orokorreko teknikari eta giza baliabideen arduradun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide